Mikel Peruarena Ansa
Urumea errekak hamabost zentral hidroelektriko ditu Gipuzkoa eta Nafarroa artean, Hernaniko Zikuñaga auzotik Goizuetara (Nafarroa) bitartean. Indarretxe horietatik bederatzi daude martxan gaur egun. Garai batean 50 lagun baino gehiago enplegatzen zituztenek orain ez dute ia langilerik, pixkanaka ixten ari dira zentral asko, eta presa eta kanal batzuk eraisteko bidean dira.
Energia burujabetza, trantsizio energetikoa, proiektu berriztagarrien inpaktu ekologikoak… Puri-purian dago eztabaida, eta ikuspegi artistiko batetik heldu diote auziari Eli Pagolak (Ereñotzu, Hernani, 1995) eta Ainhoa Gutierrez del Pozok (Donostia, 1994). Hernaniko Udalaren sormen bekaren laguntzarekin aztertu dute zer egoeratan dauden Urumea errekako zentral horiek, zenbat energia sor dezaketen eta zer eragin ekologiko duten. Baina ondorioa ez da dokumentu bat edo tesi bat, instalazio bat baizik: erreka inguruko jarduerak erakusten dituen bideo dokumental bat, aurkezpen bat eta erakusketa bat: Ta argiya iñ zan deitu dute. Erakusketak gaur du azken eguna, Hernaniko Biteri kultur etxean.
Pagolak ingurumen ingeniaritza ikasi zuen, eta Gutierrez zinemagilea da. Ereñotzun bizi dira biak, eta galdera batek bultzatu zituen proiektura: zer egin beharko litzateke Urumeako zentral hidroelektrikoekin? Pagolak azaldu du “ikuspegi ezberdinak biltzen” saiatu nahi zutela. “Batez ere, bi printzipalak: oraintxe gori-gori dagoen energia burujabetasunaren gaia, eta, aldi berean, inpaktu ekologikoak”. Indarretxeen argiak eta itzalak erakutsi nahi izan dituztelako. Gai konplexua delako, “gris asko” dituena. Eta “bai, baina” horiek guztiak agertu nahi izan dituztelako. “Hitz egin nahi genuen hemen dauden eta zahartzen ari diren instalazio batzuez, haien inpaktuaz, nola kokatzen garen, zer aukera dauzkagun, zer egiteko zilegitasuna daukagun, edo ez daukagun… Gaia nahi genuen plazaratu”.
Urtebeteko lanean, Urumeako hamabost indarretxeak bisitatu dituzte, datuak bildu, irudiak hartu, elkarrizketak egin… Apirilaren 19an egin zuten aurkezpen-proiekzioa, Hernanin; azaldu zuten hamabost indarretxe horiek gai izango liratekeela Hernani, Arano (Nafarroa) eta Goizuetako etxebizitzek beharko luketen argindarraren erdia inguru ekoizteko. “Gutxi gorabeherako kalkuluak” direla zehaztu du Pagolak.
Presen inpaktua
“Ibaien emaria ez da iraunkorra, ez doa gure eskariarekin batera. Eta eragin ekologikoa aintzat ez hartzea ere tranpatia da”, ohartarazi du Pagolak. Zentralek behar dituzten presa eta kanalen eraginak ikertu dituzte, hortaz. Amuarrainen migrazioan eragiten dutelako. Presek badituzte amuarrainentzako eskailerak, “baina ez dira efizienteak”. Pao Fernandez Garrido baso ingeniariarekin eta Eguzkiko kideekin egindako elkarrizketen ostean, kalkulatu dute milioi batetik hamar amuarrain bakarrik izango liratekeela gai Hernanitik Urumeako sorbururaino iristeko.
“Gure energia hornidurak inpaktu bat dauka”, jarraitu du Pagolak: “Kontua da ez dugula ikusten etxe ondoan. Sentsibilizazioa eta jakintza falta da energiaren kontuan”. Gutierrezek erantsi du berari min ematen diola mendiak horrelako proiektuz betetzeak. “Baina uste dut gakoa ez dagoela hor bakarrik: zer negozio dagoen atzean, zenbateko energia kontsumoa dagoen… Hortik planteatu nahi dugu eztabaida: zenbat kontsumitzen dugun, hori da oinarria”.
Pagolak argi utzi du zentralekin zer egin erabakitzea ez dagoela herritarren esku: “Zentral hauen jabetza ez da gurea. Acciona eta Iberdrola dira gehienen jabeak, eta interes politiko, ekonomiko eta espekulatibo batzuen markoan pentsatutako negozioak dira”. Hala ere, zentral batzuk, agian, berreskura litezkeela uste du, edo erabiltzen jarraitu: “Añarbeko presa, adibidez, ez du inork planteatzen botatzea, nahiz eta inguruotako handiena izan”. Beste zentral batzuk, aldiz, oso egoera kaskarrean daude, kontzesioak galdu dituzte, ez lukete indar gehiegi sortuko, eta ez luke mereziko martxan jartzea. Ez dute tesi orokor bat eman nahi izan.
Aldiz, Gutierrezek uste du arteak ahalbidetzen duela “gai korapilotsu eta konplexu batzuk azaltzea”, eta beste batzuei ere zirrikitu bat eskaintzea hausnartzeko. Horrela sartu dituzte zientzia, artea eta natura turbina berean.
Prozesua, gaiarekin bat
Ikerketaren gaia argi zuten, baina bukaeran hartuko zuen forma artistikoa ez horrenbeste. Aldiz, oinarri bat zehaztu zuten: Gutierrezek hamasei milimetroko kamera batekin grabatu nahi zuen ikerketa prozesua. Ez teknika hutsagatik: ikerketaren gaiarekin eta posizionamenduarekin zerikusia ere bazuen. “Digitalean beharrean, argiaren bidez grabatzea esan nahi du horrek”, azaldu du Pagolak. Gutierrezek zehaztu du hamasei milimetrotan grabatuta, “muga batzuk” jarri dizkiotela euren buruei. “Horrek esan nahi du erabiltzea material bat ez dena infinitua, ez dakiguna zehazki zer grabatzen ari garen, soinua aldi berean ezin dena hartu…”. Desazkundetik gertuko jarrera bat ikusten da grabazioan. Prozesuak, egiteko moduak, lotura estua du gaiarekin.
Bi bideo sortu dituzte horrela, eta prozesuan aurkitutako materialekin atondu dute erakusketa. “Arantzatxo bat” gelditu zaie, halere. Zentral batean jarri nahi zuten instalazioa, eta ez dute baimenik lortu oraingoz. Maiatzaren 12an eta 13an Aramaion (Araba) erakutsiko dute, eta uste dute beste herri batzuetan ere interesekoa izan litekeela.
Leave a Reply