Artelan bihurtutako hormak

Artelan bihurtutako hormak

Miren Garate

Jose Luis Zumeta artistaren ibilbidean, mugarri izan zen Usurbil jaioterrian egin zuen zeramikazko murala. Frontoiaren atzean dago, eta 9 metro luze eta 16 zabal da. 50 urte bete ditu, eta, egoera nahiko onean zegoen arren, “zauriak konpondu” dizkiote: garbitu egin dute, eta finkatze eta zigilatze lanekin babestu. Horrez gain, tratamendu bat eman diote, materialak hobeto kontserbatzeko.

Urteurrenaren harira, Usurbilgo Udalak eta Zumeta arte galeriak zenbait jarduera prestatu dituzte elkarlanean. Bihar, Sutegin, erakusketa bat zabalduko dute, muralaren sortze prozesua erakusten duten artxibo eta argazkiekin, eta maiatzaren 15era arte izango da ikusgai. Irailaren 29tik urriaren 15era, berriz, beste erakusketa bat jarriko dute, eta artistak Usurbilekin izan zuen harremanaren lekuko diren lanak bilduko ditu. Jaialdi bat ere egitekoak dira udan, herritar guztiekin 50. urteurrena ospatzeko.

Mural ugari kalean

Zumetarenaz gain, maila oneko muralak daude Gipuzkoako beste hainbat herritan ere. Iaz, aire zabalean egindako muralik onenen munduko zerrendan, Street Art Cities atari espezializatuak 10. postuan jarri zuen Nextor Otaño Nexgraff Pasaiako artistak egindako mural bat. Aldarrikapen bat egiteko bitarteko ere izan daitezke muralak. Euskal Memoria fundazioak, adibidez, mila horma irudi baino gehiago jaso ditu Euskal Herriko horma biziak lan monografikoan, eta Gipuzkoan daude horietako batzuk. Aukeraketa bat da, Xabier Peñalver liburuaren egileak 4.000 ere bai baitzeuzkan bilduta: orain daudenak eta inoiz egon zirenak. Denborarekin kaletik desagertzen baitira mural gehienak.

Pertsonaia ezagun batzuei buruzkoak dira beste batzuk: hala nola, Mikel Laboa, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Imanol Larzabalen muralak daude Donostian. Herriaren nortasuna irudikatzea izaten da beste zenbaiten helburua. Udalaren enkarguz Abaltzisketan iaz egindako muralean, adibidez, ardiak eta Txindoki ageri dira. Parte-hartze prozesuak ere egin izan dira zer mural jarri erabakitzeko; hala egin zuten iaz Elgoibarren.

Antzuola. Bidea irekitzen duena
KAXIANORI BURUZKO MURALA
Bartzelonan egin zuen lehen murala Ione Larrañagak. “Han debekatuta dago muralak egitea 2000. urte ingurutik, jende asko joaten baitzen pintatzera. Orain, bi kultur elkartek kudeatzen dituzte proiektu guztiak”. Haietako batean hautatu zuten harena, 12+1 izenekoan, eta hala ekin zion muralgintzari. Jada ezabatuta dago Larrañagaren lan hura. “Pena ematen du, baina, era berean, pozgarria da, mugimenduaren seinale delako”.

Egin dituen muraletatik, lehen hura du gogokoen. “Ez da teknikoki gehien gustatzen zaidana, baina hark bideratu nau besteak egitera”. Duela bizpahiru urte itzuli zen Bartzelonatik Euskal Herrira, eta bere herrian egin zuen lehen murala: Antzuolan. “Pintura neukan, eta udalari eskatu nion baimena. Egin nuen, eta herriko beste toki batean beste bat egitea proposatu zidaten gero”. Hala, Kaxiano abeslariarena egin zuen 2020an, Oier Peñagoitikanorekin batera.

Donostiako Martutene Apain egitasmoan ere hartu zuen parte Larrañagak iaz; eta azken proiektua Otxandion (Bizkaia) egin du. Esan du norbaitek beren lana nonbait ikusi duelako jaso ohi dituztela enkarguak, izan erakunde publikoen eskutik, izan norbanakoen eskutik. “Jaialdiak ere egoten dira. Agian, aurtengo udan joango naiz lehen aldiz halako batera”.

Pasaia. Munduko onenen zerrendan hamargarren
MURALAK
Mutrikun dabil lanean egunotan Nextor Otaño pasaitarra. Mural ugari egin ditu azken urteotan; “ehundik gora edo, uste dut”, dio, zenbaketa galduta. Bereziki kuttuna du Pasaiako Ziriza etxearen fatxadan iaz egin zuena, huraxe izan baitzen Street Art Cities atariarentzat munduan kalean egindako muralik onenen arteko hamargarrena. “50. urteurrena ospatzeko Trintxerpeko kontserbatoriokoek eskatuta egina da. Portua eta musika zen gaia”.

1980ko hamarkadan, gaur egun baino mugimendu handiagoa zegoen Pasaiako portuan, baina artean jaio gabe zegoen Otaño. “Trintxerpeko jendearekin jarri ginen harremanetan, eta zenbait anekdota kontatu zizkiguten. Adibidez, lurrunontziekin lasterketak egiten zituztela garai hartan”. Hamabost diseinu inguru egin zituen murala egiten hasi aurretik. Hautatutakoan, emakume bat ageri da, eskuan lurrunontzi bat duela, eta buruan barbarin arrainen koroa bat dauka. “Musikaren alegoria bat da”.

Lan horretan nahi zuena egiteko “askatasuna” eman ziotela esan du Otañok. “Oro har, nahiago izaten dut libre uztea, nahiz eta batzuetan, galdu samar-edo zaudenean, eskertzen den landu beharreko gaia zehatza izatea”. Hainbat teknika daude txikian diseinatutakoa hormara eramateko. “Begiz egiten saiatzen naiz ni. Akatsen bat eginez gero, zuzendu eta zuzendu egiten dut, gustura geratu arte”.

Altzo. Elkarlanaren indarra
ELKARBIZITZARAKO HORMA IRUDIA
Artistaren sinadura funtsezko elementua izaten da muraletan. Zenbait, ordea, taldean eginak izaten dira. Halakoak bereziki gustuko ditu Arantxa Orbegozo Txitxi tolosar artistak. Bizikidetzarako horma irudien hainbat proiektutan parte hartu du. Altzon egin zutenean, nahi zuen herritar orok zuen parte hartzeko aukera, eta umeak eta helduak aritu ziren elkarlanean. Anoetan lau egin dituzte, eta horietako batean, gaztetxeko kideak, zahar etxekoak eta etorkinak elkartu ziren margotzeko. Legazpin, beste batean, zazpi herrialdetako kideen artean margotu zuten murala.

“Elkarbizitza lantzen da mural horietan: aurretik landu behar da zer kontatu nahi duten, nola… Hizketaldi sakonak sortzen dira”. Muralaren bueltan sortzen den giroa ere aipatu du artistak. “Paella jan, eta dantzan ere amaitu izan dugu”. Zaindu ere, hobeto zaintzen dira mural horiek. “Jendeak bere sentitzen ditu”.

Halako zerbaitetan parte hartzeko gaitasunik ez dutela pentsatzen dute askok, baina Orbegozok nabarmendu du edonor dela gai. “Nire ustez, begiratzen ikastea izaten da garrantzitsuena; eskua landu egiten da”. Irakasten gozatu egiten duela dio. “Ahaldundu egiten da jendea, eta ederra da hori ikustea”.

Usurbilen Zumetaren mural kolektibo bat egiteko asmoa ere bazuen Orbegozok, lagun mina zuelako, baina, COVID-19aren pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen proiektua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.