Kirola: eskubide eta aldarrikapen

Kirola: eskubide eta aldarrikapen

Unai Zubeldia

Kirola egin ahal izatea. Eskubide gisa. Horixe. Ez besterik. Edo hori guztia. “Duela hogei urte, ezinezkoa zen”, zehaztu du Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko finantza eta komunikazio zuzendariak (Andoain, 1984). “Gipuzkoa guztian eskola kirol egokitua izatea lortu dugu hogei urteotan [20 urte artekoentzat], eta hori jada bada zerbait; lehen, heziketa bereziko gelaren batean zegoen haurrak edo desgaitasun larri samarren bat zeukanak ez zeukan eskola kirolerako sarbiderik”, gaineratu du Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidenteak (Donostia, 1968). Eta Eskola adineko kirol inklusiboagorako gida ere sortu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Eskolekin lantzen ari dira jada.

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak hogei urte bete zituen iazko abenduan. “Gutxi dira, azkar igaro dira, baina asko egin dugu”, ziurtatu du Arangurenek. Amaigabea da urteotan egindakoen zerrenda. “Baina, horien artean, ikusgai egin dugu ageriko desgaitasunik ez dutenen errealitatea, adimen urritasuna dutenena, esaterako, eta oso garrantzitsua da hori”.

Kirol formakuntzan lanketa

Alicia Figueroa Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko zuzendari teknikoak (Tacoronte, Espainia, 1971) zehaztu du “lehiaketara bideratutako kirol jarduna” besterik ez zegoela 2002an. “Eta kirol trebakuntza ere landu dugu, piramide guztia osatu. Aukeratu ahal izateko askatasuna irabazi dugu”. Herriz herriko kirol eskaintza indartu nahi dute orain. “Aholkulari eta bideratzaile soilak izan nahiko genuke hogei urte barru”, aitortu du Arangurenek.

Figueroak Jose Ignacio Olaizola Kote 1999tik 2003ra Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu izan zena eta Mikel Izagirre Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidente ohia (2002-2012) ekarri ditu gogora bi hamarkada atzera eginda. “Gaur egungo egitura sortzeko beharra sumatu zuen Kotek, eta pausoa eman zuen Mikelek [Izagirre], kluben babesarekin. Kirol diziplina guztientzako aterki bat sortu zuten”. Federazioak beste hiru presidente izan ditu ordutik: Iban Perez (2012-2016), Igor Otaegi (2016-2020) eta Aranguren bera (2020tik). Gaur-gaurkoz, federazioak sei langile dauzka bulegoan, eta 30 monitore dauzkate kontratuarekin, eskola kirol egokiturako. “Lege aldaketarekin, lantaldean sartu ditugu guztiak”, zehaztu du Arangurenek. “Profesionalizatuta daukagu dena”, gaineratu du Elizondok.

Figueroak gogoratu du 2002an ez zeukatela daturik desgaitasunen bat zuten herritarren kirol ohiturei buruz. “Ikerketa lan zaila izan zen, baina altxor bat sortu genuen gerora. Oso txikiak gara, baina gauza asko egin ditugu hogei urteotan”. Ibilbide guztian Gipuzkoako Foru Aldundia “bidelagun” izan dutela azpimarratu dute hirurek, eta, besteak beste, goratu egin dute Gipuzkoako Futbol Federazioa eta Reala fundazioa kirol egokituaren alde egiten ari diren lana. “Pilota, atletismo, igeriketa… federazioekin ere elkarlana sustatzen ari gara”, zehaztu du Figueroak. Horren ondorio da urteotan Gipuzkoak izan duen paralinpiar kirolarien kopurua —Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire 2021eko Tokioko Paralinpiar Jokoetan izan ziren—. “Baliabide askorik gabe, klubak gogotik ari dira lanean”. Zuzendari teknikoak hogei urteotako lorpenen artean sartu du Donostiako Hegalak kirol zentroa ere. “400 metro koadro eskaini zizkiguten, eta 4.000 metro koadro ditu gaur egun”, azaldu du Arangurenek.

Hamar herritarretik bat

Datu zehatzik ez badago ere, egun herritarren %10ek daukate aitortutako desgaitasunen bat. “Kopuru handia da”. Eta generoaren gaiak ere arduratzen du Aranguren. “Emakumeek, orokorrean, gizonek baino kirol gutxiago egiten dute, eta desgaitasunen bat dutenen artean, are gutxiago. Hor ere lanketa handia daukagu egiteko”. Elizondok gaineratu du emakumeek beharrezko dituztela “emakumeenak soilik izango diren guneak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.