Kirola zainetan sartuta

Kirola zainetan sartuta

U. Z.

Lana, lagunak, pilota eta futbola. Gutxi-asko, lau oinarri horiek ditu Leire Esnalen (Zumaia, 1999) egunerokoak. Gureak enpresan aritzen da lanean, Goienetxe eraikinean, Donostian, “kable instalazioan”. Adimen urritasuna dauka. Bete-betea izaten du astea. “Astelehenetan, kadete mailako neskak entrenatzen ditut Zumaian, futbolean; asteartean, umeak entrenatzen ditut esku pilotan; asteazkenean, futboleko entrenamendua izaten dut Realarekin —Genuine ligan ari da—; eta ostiraletan, futboleko entrenamendua izaten dut”. Asteburuetan, berriz, entrenamenduak eta partidak izaten ditu. “Igandean, 07:30erako autobusa hartu behar izaten dut, 09:00etan entrenamendura iristeko”.

Esnal 9 urterekin hasi zen futbolean, Zumaiakon, baina, kadete mailan, entrenatzaileak esan zion ez zuela ikusten besteen pare. “Gogorra izan zen”. 16-17 urterekin izan zuen kirol egokituaren berri, eta “ate asko” ireki dizkiola aitortu du. Zarauzko pala egokituko taldearekin Gipuzkoako Txapelketa irabazita zegoen 2016rako. Garaikurrak pilatzen ari da ordutik. Besteak beste, Pilota Egokituko Espainiako txapeldun izan zen iazko abenduan, Eneko Sagarmendirekin; omenaldi txiki bat egin zioten otsailean Azpeitian, Reala fundazioak sustatuta. “Oso polita izan zen”.

Ikusita ezin zela egun guztian aurrera eta atzera ibili, Zumaian kirol egokituarekin zerbait sortu beharra zeukala sentitu zuen duela hiru urte, eta bidea egiten ari da taldetxo hura. “Gero eta jende gehiago animatzen ari da, Gipuzkoan ez baitago horrelako aukera askorik”.

Esnalek “esker on hitzak” besterik ez dauzka Kirol Egokituko Federazioarentzat. “Haiek gabe, gu ez geundeke hemen. Neska-mutikoak gero eta gazteagotan hasten dira orain kirol egokitua egiten, eta pozgarria da hori”. Aldarrikapen bat ere badu, ordea: neskek nesken kontra jokatu ahal izatea, “bikote eta talde mistoetan ez”. “Lanean segitzeko” eskatu dio federazioari. Berak kirolarekin disfrutatu egin nahi du aurrerantzean ere. “Disfrutatu, eta gazteei kirola eta bizitza bera gogorrak direla erakutsi”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.