Gorka Zubizarreta: “Salto kualitatibo bat eman du txalapartak”

Gorka Zubizarreta: “Salto kualitatibo bat eman du txalapartak”

Miren Garate

Arrasateko Ttakun txalaparta taldeak 30 urte beteko ditu aurten, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu hori ospatzeko. Aurreko ostiralean izan zen horietako lehena, sagardotegi batean izan baitziren, txalaparta eta guzti; maiatzaren 6tik aurrera, berriz, txalaparta ikastaroa egingo dute hiru larunbatez jarraian. Maiatzaren 27an Arrasateko Udalatx mendira igo, eta gailurrean txalaparta emanaldia egingo dute, eta uda partean txalaparta festa antolatzekoak dira herriko kaleetan. Gorka Zubizarreta (Arrasate, 1978) Ttakun elkarteko kidearen esanetan, 2013an Ttakunkide figura sortzea izan da elkarteak izan duen mugarrietako bat.

30 urte bete ditu Arrasateko Ttakun txalaparta elkarteak. Zer testuingurutan sortu zen?

Elkarte bezala, 1993an sortu zen Ttakun, baina urte batzuk lehenagokoak dira hastapenak: bi gazte —Kepa Altube eta Igone Kazalis—, Bilbon ari ziren ikasten, eta hango alde zaharreko gaztetxean txalaparta ikastaro bat egin zuten; ondoren, Euskal Herriko hainbat tokitan ibili ziren jotzen, ikastaroak ematen… Ikasketak amaitu eta Arrasatera itzuli zirenean, 1990ean, herrian hasi ziren ikastaroak ematen. Punk garaia zen, eta mugimendu horretakoak ziren; Rip, MCD eta abarrekin jo zuten, baina baita formatu tradizionalagoetan ere; adibidez, Mauriziarekin.

Aldi berean, jende batek egindako lanketari esker, 1990eko hamarkadan goraldi bat bizi izan zuen txalapartak eta talde ugari sortu ziren herrietan. Testuinguru horretan eratu zen Ttakun.

Txalaparta jotzen irakastea izan zen Ttakunen hasierako helburua?

Ttakun sortu zenetik, urtero eman izan dira txalaparta ikastaroak Arrasaten. Ikasi dugunok irakatsi egin dugu gero, eta gure ondorengoek gauza bera egin dute. Horrek bermatu du 30 urtez irautea, kontuan hartu behar baita instrumentu minoritario bati buruz ari garela hizketan. Kalkulatzen dugu bostehun pertsona inguruk parte hartu dutela gure txalaparta ikastaroetan. Harrotasun puntu batekin esaten dugu Arrasaten eta inguruan jende asko dagoela txalaparta jotzen dakiena edo txalapartarekin kontaktua izan duena.

Gutxi gorabehera, zenbat denbora behar da txalaparta jotzen ikasteko?

Astebete? Ondo jotzeko, bai, baina oinarrizkoa ikasteko ez da denbora asko behar.

Zer helbururekin joaten da jendea txalaparta ikastaroetara? Zerk erakartzen ditu?

Oso sustraietara jotzen duen tresna bat da txalaparta; Euskal Herrikoa da, gurea. Bi lagunek batera jotzen dute, eta konexio bat sortzen du horrek; egur horizontal eta makila bertikal horiekin, oso bisuala da… Gu ohituta gaude, agian, baina kanpokoei atentzioa ematen die. Globalizazio musikal eta kulturalaren garai honetan, antzeko tresnak jotzen ditugu denok, eta zerbait autentikoa da txalaparta; Euskal Herriaren historia ere biltzen du.

Gaur egun, batez ere, zer motatako ekitaldietan jotzen da txalaparta?

Hasieran, konnotazio tradizional edo folklorikoa zuen, batez ere; ondoren, ekitaldi politikoetan erabiltzen zen asko. Eta gaur egun salto kualitatibo bat eman duela esango nuke: txalaparta ikus daiteke Madonnaren biretan, Parisko moda desfile batean… Hain sustraietakoa den tresna bat, bat-batean, ekitaldi berezietan ikusten dugu. Kontuan izan behar da, gainera, txalaparta ia-ia galdutzat eman zela 1970eko hamarkadan.

Ia galduta egon zen, eta goraldia izan zuen gero. Zer etorkizun aurreikusten diozu txalapartari?

Txalapartaren etorkizunaren giltza izango da etorkizuneko joeretara egokitzen jakitea, baina bere nortasuna eta jotzeko modua galdu gabe; hau da, ez dugu nahi, adibidez, xilofono bihurtzea. Txalapartak bere jotzeko era du, eta mantendu egin behar dira bere printzipioak. Uste dut bere nortasuna mantenduta jakin behar duela egokitzen erritmo eta estilo berrietara, beste tresna batzuekin fusionatzen jakin…

30 urte egin ditu Ttakunek. Zer mugarri izan ditu elkarteak?

Mugarrietako bat izan zen 2013an Ttakunkide figura sortzea. Txalaparta jotzen ikasten zutenei taldeko kide izateko aukera eman genien, eta, horrekin batera, lokaleko materiala erabiltzeko aukera. Lauzpabost kide izatetik hamabost izatera iritsi ginen. Jende asko sartu zen gauzak egiteko gogoarekin, eta, horri esker, lehen txalaparta festa antolatu genuen, txotxparta sagardotegian, mendi irteera txalapartarekin…Taldea handitu eta egonkortu egin da, eta gauza gehiago antolatzeko eta herrian presentzia handiagoa izateko aukera dugu horri esker.

Txalaparta elkarte asko daude Euskal Herrian?

Badaude batzuk, bai. Arrasate inguruan gurea da talde iraunkor bakarra, baina Hernanin, Iruñean, Sestaon [Bizkaia], Araian [Araba] eta beste toki batzuetan badaude taldeak.

Urtean zer jarduera egin ohi dituzue?

Sortzen zaizkigun egitasmoen arabera antolatzen gara; horrez gain, guk ere jasotzen ditugu eskolak: Sergio Lamuedra txalapartaria etortzen zaigu. Aurten 30. urteurrena antolatzen ari garenez, gehiagotan ari gara elkartzen, noski.

Leave a Reply

Your email address will not be published.