Hondakinak atez ate biltzen hasiko dira Tolosaldean

Udara baino lehen. Epemuga jakin bat jarri dute Anoeta, Irura, Alegia, Villabona eta Zizurkilgo udal ordezkariek hondakinak atez ate biltzeko sistema ezartzen hasteko. Hil honetan bizilagunekin bilerak egiten hasiko dira, sistema zertan den esplikatzeko eta ekarpenak jasotzeko. Hartara, sistemari egin dakizkiokeen “egokitzapenak” aztertuko dituztela esplikatu dute. Asteartean agerraldi bat egin zuten udal horietako ordezkariek honen berri emateko, Orendainen.

Hondakinak biltzeko sistemarik merkeena hori dela argudiatu dute, eta iraunkorrena. Hain zuzen ere, era horretan hondakinen %80 birziklatzen direla azaldu dute, eta horretara heltzen den beste sistemarik ez dagoela. Tolosaldean hondakinak biltzeko sistema hori ezartzen aitzindari izango dira udalerriok. Izan ere, oraingoz Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan bakarrik dago ezarrita atez atekoa. Nolanahi ere, litekeena da laster udalerri gehiago ere gehitzea; izan ere, orain urtebete Gipuzkoako 34 herritako alkateek atez ateko sistema ezarriko zutela agindu zuten. Udalerri horien artean zeuden, hain zuzen ere, Tolosaldeko lau herri horiek.

Datozen hilabeteetan atez atekoa ezartzekoak diren udalerrien artean daude Astigarraga, Legorreta, Lezo, Itsasondo, Oñati eta Zaldibia. Beste hainbat herritan, berriz, atariko urratsetan dabiltza udal agintariak. Zenbait tokitan bilketa eredu horren kontrako plataformak osatu dira; oihartzun handia lortu dute, eta horrek ez du batere erraztu prozesua. Legazpin, esate baterako, ozen altxatu du ahotsa plataforma horrek azkenaldi honetan, eta auziari buruzko erreferendum bat egingo duela iragarri du.

Birziklatzearen alde

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, aste honetan birziklatzea sustatzeko asmoen aldeko konpromisoa berretsi du berriro: milioi bat euro bideratuko du horietara. Diputazioko bozeramaile Larraitz Ugartek eman du aste honetan horien berri: 450.000 euro hiri hondakinen birziklatzea sustatzeko programentzat izango dira, eta 490.000, berriz, zaborren berrerabiltzea sustatu nahi duten komunikazio eta heziketa kanpainentzat. Lehenengo diru sail horretako laguntzak banatzeko orduan lehenetsi egingo ditu aldundiak hondakin organikoak tratatzeko urratsak eginak dituzten udal eta mankomunitateak.

Bilduk, nola udaletan hala aldundian ere, apustu irmoa egin du hondakinak biltzeko eta tratatzeko eredu berri baten alde, eta horren defentsan ari da. Eredu berri horren berri emateko, Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin buru hartuta, Europako Parlamentuak gaiari buruz antolatutako mintegi batera joango da Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat datorren astean.