Zailtasun eta gorabehera ugari izan ohi dituzte Gielmar Gipuzkoako Elbarriak Martxan taldekoek eguneroko bizitzari aurre egiteko. Baina indartsuak izaten ikasi dute halabeharrez, eta umorez ekiten diote egunari. Beren gaixotasun eta urritasunek eskatzen dieten ahaleginaz gain, ordea, gizartearen utzikeriari ere aurre egin behar izaten diote sarri, eta hori ez zaie bidezkoa iruditzen. Aitor Fernandez elkarteko kideak (Donostia, 1979) argi du: “Gure eskubideak aldarrikatu eta gizartean benetako integrazioa lortu nahi dugu; gu ere normalak gara, eta halaxe tratatzea eskatzen dugu”.
Antzeko kezka eta beharrak dituzte denek, eta elkarrekin indar handiagoa egingo duten itxaropenez hasi ziren elkartzen duela urte batzuk. 2009. urtean hasi ziren elkartea sortzeko ideiari bueltak ematen; pare bat lagun elkartzen hasi ziren, eta, ingurukoekin harremanetan, beren egitasmoa taxutu zuten. Ofizialki 2011. urtean sortu zuten Gielmar elkartea, baina orain gutxi aurkeztu dute jendaurrean. Maier Kin (Donostia, 1985) da lehendakaria. “Amak animatu ninduen elkarte bat sortu eta elbarrion beharrak lau haizeetara hedatzera; elbarri izateagatik bakarrik, normal bizitzeko ahalegin handiagoa egin beharra daukagu, eta elkartuta indar handiagoa egin dezakegula uste dugu”, eman du aditzera.
Urritasunak dituzten pertsonei laguntzeko elkarte gehiago badira Gipuzkoan, baina Aitor Fernandez eroso dago honetan. “Guk geuk defendatu behar ditugu gure eskubideak”. Lotsarik gabe ematen dute gizartearen elkartasun faltaren berri. Beren eguneroko martxan ahalik eta autonomoenak izatea nahi dute.
Malen Fernandez de Larrinoa (Donostia, 1985), adibidez, itsua da, eta askotan eskatu behar izan du laguntza kalean. “Malenek laguntza eskatu behar izan badu, gauzak gaizki daudelako da, hiria ez dagoelako egokitua”, azaldu du Aitor Fernandezek. Fernandez de Larrinoak berak eman du gabezien berri. “Semaforoei soinua jarri zieten, inoren beharrik gabe ikusmen urritasunak dituztenek noiz pasa daitezkeen jakiteko. Baina bizilagunak kexatu egin ziren soinu asko ateratzen zutelako, eta sistema hori kendu egin zuten. Orain urrutiko aginte bat daukat semaforoaren kolorea aldatzeko, baina askotan ez du egiten, eta laguntza eskatzen dut, noski. Batzuetan, ez didate lagundu nahi izaten; ez dakitelako nola egin, edo gaizki egitearen beldur direlako”.
Normaltasun falta hori ere salatzen dute taldeko kideek. “Batzuetan ume txikiak bagina bezala tratatzen gaituzte, gehiegi babestuz, eta beste batzuetan, berriz, beste aldera begiratzen dute”, esplikatu du Maier Kinek.
Donostiako trabei begira
Gipuzkoako Elbarriak Martxan taldearen lehen lana oztopoen mapa egitea izango da. Oraingoz, Donostian hasiko dira, baina elkarteko kideak bizi diren gainerako herrietara ere zabal daiteke egitasmoa.
Espaloi altuak eta igoera laurik gabeko sarrerak dira burura datozen lehen oztopoak, baina asko daude. Malen Fernandez de Larrinoak ondo daki. “Tabakoaren lege berriarekin, esaterako, taberna gehienek euskarri bereziak jarri dituzte kalean erretzaileentzat. Euskarri horiek izugarrizko traba dira niretzat, horma izaten baita nire erreferentzia”, azaldu du.
Malen Fernandez de Larrinoak, esate baterako, ongi gogoan du Donostiako erdialdean, Urbieta kalean, zirkulazioa gelditu zuen eguna. Kalearen erdian zegoen meloi kaxa bat bota zuen nahi gabe, eta errepidera joan ziren bueltaka-bueltaka, auto guztiak geldiaraziz. Umorez kontatzen diren gertaerak dira, baina aitortudute askotan oztopoak gainditzeaz nekatu ere egiten direla. “Gizartea aurreiritziz betea dago; ezinduak garelako ez dizkigute aukera berak ematen. Gutariko ia inor ez dago lan munduan sartuta, adibidez. Badakigu lan egoera oso zaila dela, baina lan eta soldata duin bat izateko aukera besterik ez dugu eskatzen. Baina, oraingoz, lan asko eta diru gutxi: horixe da guretzat uzten duten lan eskaintza”, salatu du Aitor Fernandezek.
Badute murrizketen berri. Maier Kin: “Urritasunak izate hutsagatik, askoz ere bizimodu garestiagoa dugu: aulkiak, taxi berezia, gaixotasunari aurre egiteko behar ditugun terapiak…”. Taxi zerbitzu berezia, esaterako, diruz lagundua zuten lehen; orain, ez. Hamabost euro ordaindu behar dituzte zerbitzuagatik, eta gaueko hamarretatik aurrera ez dute zerbitzurik. “Gau batean aulkia hondatu eta bakarrik geratu nintzen zer egin eta nora jo jakin gabe. Eskerrak lagunak eta familia beti laguntzeko prest dauden”, nabarmendu du Andres Franciak (Donostia, 1985).
Ia hirurogei kide ditu egun elkarteak. Edonor animatzen dute bazkide egitera. “Elkarte irekia da gurea, normaltasuna eta berdintasuna nahi baditugu denekin partekatu behar baitugu gure bizia, urritasunak dituztenekin eta ez dituztenekin ere bai”, azaldu du Fernandezek.
Egun-pasak, zinema, kontzertuak, Zarautz edo Zumaiarako txangoak… Taldeko kideek ez dute geldirik egoteko inolako asmorik: kalera irten eta ongi pasatzeko proposamena egiten dute. Urritasunak urritasun, lagun egin dira, eta elkarrekin egingo dute aurrera.