Aspalditik erretiratuta zeneukan, eta gaur berriz gustura janzten duzun alkandora vintage den bezala, esku artean darabilzun paper eta tinta piloa retro-chic askoa da, modaz agudo pasako dena. Baina Zarak tarteka apaletan ipintzen dituen zango estuko prakak ez bezala, egunkaria betiko desagertzera doa. Ez duzu zure postontzian aurkituko goizero, eta okindegian ere ez dizute alerik eskainiko sekula berriz. Kontatzen dizudan hau espero baino lasterrago izango da, eta gertatutakoan xehetasunen bila beste nonbait jo beharko duzu.
Optimista setatsuek lasai egoteko esango dizute, sarea informazio askea zabaltzeko eta jasotzeko plazez josita dagoelako. Komunitatea, parte hartzea, gardentasuna eta halako hitz potoloak entzungo dizkiezu. Ezkorragoak garenok erredakzio handiak izango ditugu gogoan, eta Imanol Murua Uria, Gorka Zabaleta eta Juan Luis Zabala parez pare lanean ikusi genituen garaiaren hutsunea sumatuko dugu. Agintari bat baino gehiago gustura irudikatuko ditugu, azpijokorako traba gutxixeago izango dutelakoan. Baina ez larritu, ziur parrafo hasierako baikorrek arrazoi dutela.
Komunikabideen etorkizunari buruzko eztabaidek Interneten jarraituko dute, eta “sektore estrategikoen defentsa” eta “hausnarketa sakona” aldarrikatzen duen testu mordoa bertan topatuko duzu. Euskarazko kazetari on asko, berriz, irakasle, tabernari edo komertzial bihurtuko dira, isilpean. Are okerrago dena, egongo da Bilduko zinegotzi moduan birziklatuko denik ere…
Inguruko beste egunkarien errotatibak ere banaka-banaka isiltzen joateak ez nau kontsolatuko. Haietan ekoizten diren produktu gehienek zuri bezain gutxi erakartzen nauten bezala, beste askori igandetako gosari mordoa gozatu dizkiete. Gainera, inoren langabezia gorriaz poztea ez zait oso elegantea iruditzen, inor horrek Sergio Sauca izena ez badu behintzat —sentitzen dut, hori nola-hala sartu beharra neukan, futbola gorrotatzera iristea lortu du ia memeloak—.
Antikapitalista zintzoaren gidan irakurriko zenuen komunikabideen atzean gizaki ezin maltzurragoak ezkutatzen direla, asmo ezin ilunagoekin. Bestelako ereduak posible direla frogatu dugun ez daukat oso argi. Paperaren heriotzarekiko kezka ez da fetitxismo kontua, eta batzuk trantzean bereziki sufrituko dugulakoan nago. Besteak beste, Twitterren egunero horoskopoa euskaraz grazia pixka batekin txiokatzen duen inor ez dut aurkitu oraindik.