70eko Zarautz, irudiz irudi

70eko Zarautz, irudiz irudi

Maria Maya Manterola

Plaieroak 1980ko hamarkadan; Pagoetako bordaren eraikuntza; Monte Albertiako aterpetxeko gimnastika ikastaroa… Xanti Iruretagoienak (Zarautz, 1938) urte luzez osatutako argazki bildumaren lagin xume bat baino ez da hiru horiena. Garai bateko Zarautzen kronika grafikoa osatzen duten milaka argazkiren egilea da Iruretagoiena, eta baita XX. mende hasierako herriko postalen eta irudien artxiboaren sortzailea ere. Irudi guztiak Zarauzko Udalari eman berri dizkio, “100.000 irudi inguru”, Iruretagoienaren beraren arabera.

XANTI IRURETAGOIENA

Iruretagoiena ebanista izan zen lehendabizi, baina haren lana “aspergarria” zela du gogoan. “Denbora jakin batean pieza berbera errepikatu behar izaten nuen”. Azaldu du asteburuetan egiten zituzten mendi irteeretan ateratzen zituela argazkiak. 39 urte zituela eszedentzia hartzeak bidea zabaldu zion afizio hori gerora ofizio bihurtzeko. “Madrilera joan behar izan nuen argazkilari profesionalaren titulua ateratzera. Eskuliburu batekin argazkilaritzaren ingurukoak ikasi eta gero, bigarrengoan eman zidaten Espainiako bandera luze bat zeraman txartela, eta harekin lortu nuen zaldi lasterketetarako eta beste ikuskizun batzuetarako sarbidea”, gogoratu du.

Ezkontzak, komunioak…

Zarauzko Udalak antolatutako ekitaldietan ibiltzen zen Iruretagoiena erretratuak egiten, baina baita ezkontzetan eta bestelako ekitaldi pribatuetan ere: “Larunbatean ezkontzaren bat baneukan, ostiralean ezin izaten nuen lorik hartu. Eguzkiarekin, itzala; euria ere argazkietarako txarra… Lainoa izaten zen aproposena argazkiak egiteko”. Argazki kamera digitalek ekarritako “abantailak” goraipatu nahi izan ditu zarauztarrak. “Aurrerapen handia da zain egon beharrik gabe argazkia bera ikustea”.

ZARAUTZ 1979AN

Zarauztar ugariren egongelan daude Iruretagoienak komunio eta ezkontza garaian ateratako argazkiak. Argazkilari profesional ohiak eskarmentuaren garrantzia nabarmendu du argazki mota horietan. “Komunioko argazkietan, adibidez, fokuen argia islatzen zen haurrek zeramatzaten betaurrekoetan. Aurrez optikan kristalak kentzeko esaten nien, isla hori saihesteko”, jarri du adibidetzat.

Kalean bai, baina mostradore atzean ere izango dute akorduan zarauztarrek Iruretagoiena. Izan ere, askok haren argazki dendara eramaten zituzten beren kamera analogikoen karreteak. Azaldu duenez, abuztuan eta irailean izaten zuten lan gehien dendako hiru langileek. Iruretagoienari kezka bat sortu zitzaion, ordea: ohartu zen errebelatu bai, baina karrete berririk ez zutela erosten bezeroek. Opari ematen hasi zen orduan, eta herritar oldea elkartu zuen mostradore aurrean. “Arratsaldean bildutakoak hurrengo goizean ekartzen zizkidaten; goizekoak, arratsaldean bertan; eta horrela aritzen nintzen, etengabe laborategiarekin harremanetan. Argazki asko errebelatuta aurrezten nuenari esker oparitzen nizkien bezeroei karreteak”.

ZARAUTZ, 1981EAN

Izan ere, bezeroak zaintzea garrantzitsua izan da Iruretagoienarentzat. Mostradorean bertan gertatutakoak etorri zaizkio gogora arrapaladan: “Gogoan dut bezero bat kexu zela flasha jarrita argazkia atera bai baina ilargia ilun ageri zelako. Erantzun nion ilargia bera argitzen zuen kamera bat bazeukan, berehalakoan erosiko niola”.

Postaletako Zarautz

Argazkiak berreskuratzen ere aritu zen Iruretagoiena urte luzez. Bartzelonara eta Madrilera egindako bidaietan lortzen zituen Zarautz udatiarra erakusten zuten zuri-beltzeko postalak nahiz herriko zenbait txoko erakusten zituztenak, eta horiek biltzen aritzen zen. Irudi horiek guztiak “balio handikoak” direla uste du Iruretagoienak, “garai bateko bizimoduaren inguruko datuak” ematen dituelako. Iruretagoienak lortutako lehen postalak Lehen Mundu Gerra aurrekoak dira, XX. mendeko aurreneko hamarkadakoak, hain zuzen.

“Buruan dago argazkia, ez beste inon”, erantzun du argazkiak ateratzean kontuan hartu beharrekoez galdetuta. Erretratuak egitean irudimena da garrantzitsuena Iruretagoienarentzat. Garai batean haren burutik igarotako irudi guztiei esker, milaka irudi daude orain zarauztarren memoria kolektiboan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.