Amez

Egun guztiek dute, gutxienez, santu bat eta beste zera bat oroitzeko. Datorren igandean, esaterako, Amaren Eguna ospatuko dute batzuek Hego Euskal Herrian, eta Iparraldean, berriz, maiatzeko azken igandean, Mendekosterekin bat ez badator, behintzat. Hegoaldekoaren berri kolonia-iragarkien uholdeak gogorarazi dit.

Gogorarazi, gure etxean ospakizun horrek inoiz ez duelako garrantzirik izan. Horregatik harrituta begiratu izan diet jai handia egiten dutenei, zentzurik ez diodalako aurkitu inoiz. Agian gu izan gara martzianoak honetan, gure amak beti esan izan digulako El Corte Inglesek asmatutako festa bat zela, negozioa egiteko. Beraz, ez ditugu sekula santan ez amaren, ez aitaren egun ofizialak ospatu.

Egia da umetan eskolan egiten genituela eskulanak, postalak eta horrelako kontuak gurasoei emateko martxoaren 19an eta maiatzeko lehenengo domekan. Esango nuke gustura hartzen zituztela gure buztinezko hautsontzi okerrak, pintzekin egindako boligrafo poteak, eta halakoak. Gehiago estimatzen zituztela umeok maitasunez eta esfortzuz egindakoak zirelako, egun berezi bat zelako baino.

Gaur egun ez dakit eskoletan irakasleek eginaraziko ote dieten oparirik ikasle txikiei. Esango nuke ezetz, gaitza delako familia motarekin asmatzea. Lehen ere bazeuden ikaskideak guraso bat falta zutenak, baina ez zegoen gaur eguneko begirunerik eta sentsibilitaterik. Ama falta duzu? Ba, egin amamari, izekori… Horrela, konponduta!

Baina gizartea asko aldatu bada ere, esango nuke jai hau, indarra galdu beharrean, oso finkatuta eta indartuta dagoela. Seguruenera duen indarraren zati bat publizitateak emango dio, opariak egiteko aukera perfektua dela erakutsi nahian: ez diozu oparirik egingo amari? Maite ez duzun seinale! Eta horrela kulpa sentimenduak dirua gastatzea eragingo dio askori.

Hori baino gehiago, ordea, indartzearen arrazoia amatasunaren eta amaren figuraren mistifikazioak eragindakoa izan liteke. Ama bihurtzea (izan) delako emakume osoa izateko modu bakarra sasoi baten. Oraindik kasu batzuetan ere hala da. Eta oraindik ere sarritan entzuten dira honelako afirmazioak: “Amek seme-alaben alde dena ematen dute, amaren maitasuna bezalakorik ez dago, ama bakarra dago (madre solo hay una)”.

Ama eredugarriaren ezaugarriak dira, bere buruaz ahaztu eta dena sakrifikatzen duena seme-alaben alde. Emakume hori ez da pertsona, beste kategoria batera “igo” da: amaren mailara iritsi, eta beste guztia alboratu. Bere kumeen behar eta desioak betetzeko baino ez dago. Horrela marraztu dizkigute tradizioak, katolikotasunak eta frankismoak amen ezaugarriak.

Aurrera egin dugun arren, oso txertatuta daude ideia horiek gure burmuinean, eta horrelako ama ez dutenek sufritu egiten dute. “Ai, gure amaren kroketak!” entzun, eta pertsona hori frustratu egingo da euren amak ez dakielako kozinatzen, esate baterako. Izan ere, amaren maitasun perfektu hori sukaldearekin lotu izan da. Baina tuperrez betetzea kume helduen hozkailua, hori da ama ona izatea? Ez. Horrela, kume heldu horiek betikotzen dutelako estereotipoa.

Orain artekoa zerbitzari eredua izan da, otsein goxoa, agiraka egiten ziguna umetan guk okerkeriaren bat eginez gero. Baina bada sasoia modelo hori apurtu, eta ama eredu berririk ez eraikitzeko, eta (gure) ama den pertsona osoa aldarrikatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.