Unai Zubeldia
Txikitik sortu zuten eta halaxe jarraitzen du, baina, bere txikian, 32 urteko ibilbidea osatu du jada Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak. Atzo plazaratu zituzten aurtengo lehen hiru ikuskizunak, eta beste 30 emanaldi izango dira maiatzaren 21era arte; 33 guztira —hamazazpi, euskaraz—. Ez antzokirik eta ez areto handirik; hiriko 25 taberna eta areto txikitan jarriko dituzte oholtzak. “Auzo guztietara iritsiko da Poltsiko Antzerkia”, zehaztu du Jon Aizpurua Donostia Kulturako Kultur Ekintzako arduradunak. “Baita kultur etxerik ez daukaten auzoetara ere: Igeldora, Añorgara, Bidebietara…”. Ez da sarrerarik ordaindu beharko saioez gozatzeko.
Sortu, kultur etxeen zirkuituaren barruan sortu zuten Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia, formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko helburuarekin. “Lau kultur etxe bakarrik zeuden orduan Donostian: Intxaurrondon, Loiolan, Altzan eta Grosen”, gogoratu du Aizpuruak. “Antzerkia publiko berriarengana irits zedin nahi genuen”. Kultur etxeetara eta antzokietara joaten ez ziren ikus-entzuleei beste euskarri batean eskaini nahi zizkieten ikuskizunak. “Eta jende berri horrentzako taberna oso leku aproposa zela iruditu zitzaigun; horrela hasi ginen bidea egiten, oso xume”. Gaur egun, 11 kultur etxe daude Donostian.
Ohiko espazio eta guneetatik ihes eginda, “etengabe berrasmatzen aritu beharra” eskatzen du Poltsiko Antzerkiak, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultur eta Euskara zinegotziaren hitzetan. Une oro berritzeko bide horretan, ezeri eta inori ez diotela aterik ixten esan du Aizpuruak. Horren erakusgarri da antzerkia, musika, umorea, magia, bakarrizketak…, denetik izango dela aurten ere, 32. jaialdian.
“Denetik, eta euskara zainduta”, nabarmendu du Donostia Kulturako Kultur Ekintzako arduradunak. “Betidanik gure erronka izan da euskarak bere lekua izatea, eta, hain zuzen ere, horretarako sortu genuen, duela zortzi urte, Poltsiko Sorkuntza Lehiaketa. Izan ere, arazoak geneuzkan kalitate oneko euskarazko emanaldiak lortzeko”. Nomofobikak konpainiaren Kris eta Krash ile-apaindegia antzezlana izan da aurtengo irabazlea, eta Ion Martinez Txiki-ren Euskaldunen jatorria, historia ta irria finalista. “Irabazlea bakarrik izaten genuen lehen, baina finalista ere izendatzea erabaki genuen gero, saio asko sortzen direlako izendapenak jasoz gero”. Urrutira joan gabe, Nomofobikak konpainia aurretik ere irabazita dago Donostiako Poltsiko Sorkuntza Lehiaketa —2015ean irabazi zuen, Sarean kateatuak lanarekin—, eta Olatz Beobide Nomofobikak konpainiaren zuzendariak aitortu du “150 emanaldi baino gehiago” izan zituztela orduan.
Gaur egun “Poltsikozale asko” daudela ziurtatu du Aizpuruak, Donostiako Poltsiko Antzerkia urtero-urtero gertutik bizitzea gustatzen zaien herritar asko. “Baina auzo bakoitzera, auzoko norbanako horiengana iritsi nahi dugu guk; mugimendua sortu nahi dugu auzoetan”. Herritarren artean bakarrik ez, gainera, sortzaileen euren artean ere sormen lanerako grina hori biziberritzen saiatzen dira urtero Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren antolatzaileak.
Sortzaileentzat, gertukoa
Aizpuruak ziurtatu du sortzaileentzat “oso egitura berezia” daukala Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak. “Ramon Agirre aktorea, esaterako, oso Poltsikozalea da betidanik, Poltsiko Sorkuntza Lehiaketa irabazitakoa da, gainera, eta hark sarritan esan izan digu aktoreentzat guztiz ezberdina dela antzoki batean aritzea edo Poltsiko Antzerkian parte hartzea. Oso hurbil sentitzen dute publikoa; nabaritu egiten dute erreakzio bakoitza. Kontzentrazio handia eskatzen du saio bakoitzak”.
Jaialdiaren 25. urteurrenaren harira, 2016an amaierako festa bat antolatu zuten Donostian. “Oso arrakastatsua izan zen, eta urtero egin dugu ordutik”, adierazi du Aizpuruak. Aurten ere izango da amaierako festa handi hori: maiatzaren 19an, jaialdiaren azken ostiralean, Erdialdean, Convent Garden tabernan, 19:30ean. Demode Quartet konpainiak Epa publiko guztiarentzako umorezko ikuskizun musikala eskainiko du lehenengo, eta Albina Stardust & Divina Comediak Drag Show ikuskizuna ondoren.
Emanaldietako bi besterik ez dira izango, ordea, horiek. Gertuenekoari helduta, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak —Tartean Teatroa— Ez dok ero (desentxufatua) eskainiko dute gaur, 19:00etan, Etxarriene tabernan, Martutene auzoan. 20:00etan, berriz, Aroa Berrozperen Mejor será reírnos bakarrizketarekin gozatu ahal izango dute Larratxo auzoko Bikutz tabernan. Bihar Bidebieta auzoan izango du saioa Nomofobikak konpainiak. Kris eta Krash ile-apaindegia lan saritua taularatuko dute Amaia Lizarraldek eta Jon Sagarzazuk —Asier Olaizola aritu da Lizarralderekin obra sortzen, baina obra utzi behar izan du behin-behinean, beste lan bat egiten hasi delako—.
Leave a Reply