Miren Garate
Demokrazia garaian izandako udal hauteskunde guztietan, EAJk lortu du alkatetza Elgoibarren. Maialen Gurrutxaga (Elgoibar, 1992) EAJko zinegotzi izan da azken legealdian, eta lehen aldiz izango da alkategai maiatzaren 28ko hauteskundeetan.
Elgoibarrek badu berezitasun bat: alkatetza beti izan du EAJk. Zure ustez, nolatan izan da posible hori? Erosotasun puntu bat ere ekar dezake?
Nire ustez, asmatu egin da hautagaiekin; herritarrengandik gertu dagoen jendea aukeratu izan da beti. Lidergorako eta herritarren kezkak entzuteko gaitasuna izan duten pertsonak izan dira. Erosotasuna baino gehiago, tentsioa ekar dezake hainbeste urtean egoteak, aldaketarako gogoa izan dezaketelako herritarrek; maila ematera bultzatzen zaitu horrek, aurreko guztiek egin bezala.
EAJk herri askotan nabarmendu du zerrenda gazteak osatu dituela. 30 urte dituzu zuk. Gazteek politika urruneko zerbait bezala ikusten dutela esan ohi da. Zer iritzi duzu?
EAJri beti egotzi izan zaio jende nagusi asko duen alderdia izatea, baina, nire ustez, hori ez da inoiz horrela izan, eta beti izan da adin guztietara iristeko gai; ez hori bakarrik, gazteoi beti eman izan digute ahotsa alderdi barruan. Alderdikideek proposatzen dituzte hautagaiak, eta gazteengan konfiantza jartzea eta erantzukizun garrantzitsuak ematea ere bada gazteei ahotsa ematea.
Herritarrek hautagai gazteak nola hartzen dituztela uste duzu?
Nire ustez, ilusioz. Belaunaldi erreleboak kezka eragiten du erakunde eta elkarte askotan, gero eta zailtasun gehiago dituztelako erantzukizunak hartzeko prest dauden pertsonak aurkitzeko. Gazteak horretarako prest ikusteak ilusioa sortzen du.
Azkeneko lau urteotan, Elgoibarren anbulatorioarena izan da herritarrengan kezka eragin duten gaietako bat. Itxiera ordua 20:00etatik 17:00etara aurreratu da, eta ordu horretatik aurrera nahiz asteburuetan ez dago larrialdi zerbitzurik.
Pandemia batek harrapatu gaitu, eta [Jaurlaritzako] Osasun Sailak itxiera ordutegia aurreratu zuen. Hori egokitu zaigu. Kilometro gutxira, Mendaron eta Eibarren, osasun zentro handiak ditugu, 24 orduz irekita daudenak, eta etxez etxeko zerbitzua ere hobetu da, baina herrian badago ezinegona, gure osasuna delako. Osasun Sailarekin ditugun harremanetan, herritarren eskaera horri erantzun bat emateko eskatu genuen. Gainera, ikusten dugu eraikina zaharra dagoela, irisgarritasun txarra duela, eta badituela behar batzuk. Horregatik, anbulatorio berri bat egiteko akordioa lortu dugu.
Alkatetza lortuz gero, zer lehentasun dituzu?
Herritarren bizi kalitatea hobetzea. Anbulatorioarena izango da proiektu garrantzitsuenetako bat: merkatuaren eraikin zaharrean egongo da, eta irisgarritasuna hobetu eta herriaren erdigunearen berroneratzeari ere lagunduko dio; anbulategi zaharrean gazteentzako alokairurako etxebizitzak sortzeko aukera emango digu gainera. Egoitza berri bat ere irekiko dugu. Proiektu handi horiek garrantzitsuak izan arren, kalean egotea eta jendeari entzutea izango da gure lehentasuna.
Leave a Reply