M. G.
Salbuespen bakar batzuk ere badiren arren, oro har, handi samarrak dira PSE-EEk alkatetza duen Gipuzkoako herririk gehienak. Alkate sozialistak “denentzako alkate” izaten saiatzen direla esan du Mikel Serranok (Urretxu, 1972). Berriz aurkeztu da alkatetzarako.
2003tik PSE-EEk du alkatetza Zumarragan. Eta zu 2008tik zara alkate. Zer aldarterekin aurkeztu zara hauteskunde hauetara?
Ilusioarekin eta lanerako gogoarekin. Herritarrekiko eta herrigintzarekiko konpromisoari oso-osorik eusten diot, eta handituz ere joaten da konpromiso hori.
Berrobi eta Larraul kenduta, handi samarrak dira PSE-EEk alkatetza duen Gipuzkoako herriak. Zergatik da horrela?
Herritarrek ikusten dute gure ezaugarria aniztasuna dela. Herri handietan aniztasun handiagoa egon ohi da; alkate sozialistek denentzako alkate izateko ahalegina egiten dute, ez alderdiko hautesleentzat bakarrik. Egiteko modu horrek zerikusia izan dezake.
Zumarragan, Arcelor lantegiaren lursailetan Plastic Energy enpresak jarri nahi duen lantegiak sortu du herritarren kezka azken boladan. Oposizioko alderdiek ere esan dute ez dutela babesten. Zer esango zenieke herritarrei?
Herria arduratuta dago, oposizioak nahita gezur ugari esan dituelako. Zumarragara errauskailu bat ekarri behar dugula esan eta esan ari dira, eta badakite ez dela hala. Plastikoaren ekonomia zirkularreko proiektu esanguratsu bat da. Ez da errauskailu bat, batetik, oxigenorik ez duelako erretzen, eta, bestetik, prozesuaren bidez lehengai bat lortzen delako, gero plastikoaren arloko beste enpresa batzuek erabiliko dutena. Errauskailuek ez dute horretarako ahalmenik. Informaziorik ez dutela ere esan dute —tartean, EAJk—, baina 2021eko uztailaren 8ko gobernu batzarrean eman zitzaien enpresaren berri, eta gerora ere komentatu dugu udalean zer pauso izan diren. 2022ko otsailean, Eusko Jaurlaritza, enpresa, aldundia eta Zumarragako Udala ere bildu ginen, eta Arantxa Tapia sailburuak hainbat aukera eskaini zizkion enpresari. Errealitatearen berri izan arren, hauteskundeei begira oso era ilunean ari dira.
Bere prozesua egiten ari da, beraz, proiektu hori?
Bai, baina ez proiektu hori bakarrik; izan ere, traktore lana egingo du, eta beste lauzpabost enpresak ere agertu dute Zumarragara etortzeko asmoa. Arcelor itxi zenetik non egon diren galdetuko nieke beste alderdiei, azken hamabost egun hauek arte ez baitute inolako proposamenik egin.
Berriz ere alkatetza lortuz gero, zer lehentasun dituzu?
Pertsonak erdigunean jarriko ditugu. Nagusiekin, adinekoen kontseilua sortu dugu, beharrak partekatzeko; gazteekin, emantzipazioa bultzatzeko 108 etxe egiteko proiektua dugu; eta Zumarraga Haurren lagun den hiria izateko hitzarmena dugu Unicefekin. Industrian, plastikoaren ekonomia zirkularrerako berrikuntza polo bat sortuko dugu. Irisgarritasuna hobetuko dugu herriko goiko zatiarekin.
Leave a Reply