M. Garate
2019an, Agurtzane Solabarrietak (Usurbil, 1979) alkatetza hartu eta hilabete gutxira jarri zuten martxan Zubietako erraustegia. “Arduratuta eta haserre” daudela esan du Solabarrietak (EH Bildu), azpiegituraren inguruan “gehiegizko kutsadura” dagoelako. Berriz aurkeztu da alkate izateko.
2019an hartu zenuen Usurbilgo alkate kargua. Zaintzaren arloa lehenetsi duzue. Zergatik?
Zaintza beharrak erabat areagotuko dira, eta ezinbestekotzat jotzen genuen arreta eredua aldatzea. Zaintza ekosistema bat sortu nahi dugu. Lehen fasean, parte hartze prozesu zabal bat egin genuen, zaintzarekin zerikusia duten erpin guztiekin, zaintza ekosistema bat zer den identifikatzeko. Bigarren fasean, egungo eredua zertan eraldatu behar dugun aztertu dugu. Orain, bide orri bat dugu, zaintza ekosistema berri hori ezartzeko martxan jarri behar ditugun lan ildoekin. Pertsona bat, zaintza plan bat, hori nahi dugu, pertsona bakoitzarentzat ibilbide osoa, integrala eta pertsonalizatua marraztea.
Alkatetzari eutsiz gero, zer urrats egin nahi dituzue arlo horretan?
Lan ildoetako bat da nola inplikatu komunitatea zaintzan. Zaintza langileen profesionalizazioa ere lortu nahi dugu, eta gaitasun berrietan prestatu nahi ditugu etxeko arretan aritzen diren langileak. Ekipamendu berriei dagokienez, egoitza eredua aldatzera datorren zaintzadunen auzoa egiten ari da Matia, eta Txirikorda da herriko beste proiektuetako bat, belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioa.
Azken urteotan, Zubietako erraustegiak zeresan handia eman du Usurbilen. Aurka agertu izan zara, baina zuk alkatetza hartu eta gutxira jarri zuten martxan.
Oso kezkatuta, arduratuta eta haserre gaude. Azterketa guztiek berresten dute gehiegizko kutsadura dagoela errauste plantaren bueltan, eta ardura duten erakundeek —GHK, aldundia, Jaurlaritza— isilik jarraitzen dute. Salagarria da dugun gardentasun eta informazio falta; batez ere, enpresa pribatuen mesedetan ari direlako.
Oposizioko alderdiek egiten dizkizueten kritiketako bat da Usurbilgo hondakinak kudeatzeko egungo sistema ez dela bideragarria. Zer iritzi duzu?
Harrigarria iruditzen zait. Zero Waste ziurtagiria lortu dugu, eta Europan gehien birziklatzen duten herrietako bat gara, Italiako beste herri batekin batera. Harro egoteko moduko ziurtagiria da, eta erakusten du udala eta herritarrak eskutik aritzea dela bidea.
Datozen urteei begira, badirudi parke eolikoek zeresana emango dutela. Andatza mendian ere aipatu izan da proiektu bat badagoela, eta Usurbili eragingo liokeela. Zer iritzi duzu?
Gai horren inguruan ere gizarte mailako hausnarketa bat zabaldu behar da; kontrol publikoa ezinbestekoa da. Ez du logikarik enpresak esateak zer tokitan jarri nahi dituen halako parkeak. EAE mailako energia plan bat egin behar da, eta ikusita zenbateko mendekotasun energetikoa dugun, plan horrek zehaztu behar luke nola aurre egin mendekotasunari, zer-nolako azpiegiturak behar diren, eta, batez ere, horren kontrol eta kudeaketa publikoa nola bermatuko den. Guk energia komunitate bat sortzeko prozesu bat martxan dugu Usurbilen.
Leave a Reply