Alderdi abertzaleen arteko lehia

Alderdi abertzaleen arteko lehia

E. Esnaola

Bart hasi da udal eta foru hauteskundeetako kanpaina Gipuzkoan; maiatzaren 28an izango dira bozak, eta gero etorriko dira negoziazioak talde baten gehiengo osorik gabeko kasuetan, baina ez dirudi gobernu panorama asko aldatuko denik, EAJk eta PSE-EEk, ezusterik izan ezean, bat egingo dutelako tokian-tokian, baita bietako bat lehen indarra ez izanda ere. Hauteskundeetan beraietan, dena dela, kopuru absolutuetan EAJ eta EH Bildu talde abertzaleen emaitzak parekoak izan daitezke. 2019ko foru bozetan jeltzaleek irabazi zuten, 14.000 botoren eta hiru batzarkideren aldea aterata EH Bilduri.

EAJk eta PSE-EEk orain dela hamar urte egin zuten instituzioen “egonkortasunerako” ituna, eta handik bi urtera ekin zioten gobernu koalizioak osatzeari. Orain ere badirudi neurri bera hartuko dutela. Horrek, eta azkeneko urteetako emaitzak eta oraingo inkestak ikusita, botere instituzional handia emango liekete berriz ere.

G-udal-foru-hautes

2019ko hauteskundeen ostean EH Bilduk bi haiek baino alkatetza gehiago lortu zituen —EH Bilduk 44, EAJk hemezortzi eta PSE-EEk zortzi—, baina 15.000 biztanletik gorako udalerrietan EAJkoa edo PSE-EEkoa da alkatea, Errenterian eta Hernanin salbu. EH Bilduk, dena den, beste udal koskor batzuk ere gobernatzen ditu —Bergara, Azpeitia, Oñati…—, eta badu itxaropena beste zenbait herritan gehiengo osoa lortzeko, eta Arrasaten edo Tolosan lehen taldea izan eta inbestidurara begira —ekainaren 17an— indartsuago agertzeko.

EAJren xedea nagusigo instituzional garrantzitsuari eustea izango da —buru da diputazioan nahiz Donostian—, eta, ahal badu, zabaltzea. PSE-EErena, udal handietan alkate segitzea —Irun, Eibar, Andoain, Lasarte-Oria, Pasaia…—.

Independenteek herri txikietan botere nabarmena dute, eta orain ere askotan aurkeztuko dira.

Emakume bat ahaldun nagusi

EAJk Eider Mendoza aurkeztu du ahaldungai nagusi; EH Bilduk, Maddalen Iriarte. Hortaz, argi bi talde nagusiak izanik egun, segurutzat jo daiteke andrazkoa izango dela diputatu nagusia, lehen aldiz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.