Hiru logela, sukaldea, egongela, komuna. “Oso xumea da dena, baina nora joan ez duzunean, ohe bero bat, platera betea eta dutxa bat oinarri-oinarrizkoak dira; bizitza errazten dute”. Zestoan, Malen Etxea elkarteak martxan duen harrera etxeak sei emakumeri ematen die abaroa, Silvia Carrizo elkarteko lehendakariak aditzera eman duenez (1965, Caleta Olivia, Argentina). Iazko udazkenetik dago martxan etxea, baina herenegun egin zuten inaugurazioa. Krisiak gogor erasan die emakume etorkin askori; etxeko lanetan aritzen dira gehienetan, eta, sarri, lana galtzen dutenean, lo egiteko aterpe bat ere ez dutela geratzen dira, familiaren berotasunik gabe, eta babesgabetasun erabatekoan. Etxerik gabe geratutako emakume horientzat dago pentsatuta etxea.
Krisiak gogor erasan die etorkinei; zeinen zaurgarriak diren erakutsi du. Premiak bultzatuta jarri duzue martxan harrera etxe hau…
Bai, bai. Oraintxe bertan, beterik dago, eta bada etorri nahiko lukeen jende gehiago ere. Izan dira, esaterako, bi hilabete inguru egin dituzten emakumeak eta etxe batean lanaldi osoko lana aurkitu eta alde egin dutenak. Baina askok orduka jarduten dute, eta laguntza behar dute diru pixka bat aurreztu eta beren kontura bizitzen jartzeko aukera izateko. Irail-urrian hasi ginen lanean, eta, denera, hamar bat emakumeri egin diegu harrera etxean.
Soslai jakin bateko emakumeak dira? Edo ezin da orokortu?
Etorkinak dira denak. Egon den gazteena 22-23 urteko neska bat izan zen; orain, 52 urte inguruko emakume bat bada, 17 urteko alaba batekin. Gehienak Hego Amerikakoak dira. Izan ere, lana duen emakume etorkin batek ez du izaten aurrezteko ahalmenik; diru guztia, aurrena, hona etortzeko pagatu behar izan duten zorra ordaintzeko erabiltzen dute, eta, ondoren, beren familiak mantentzeko. Askotan, inflazioa oso altua izaten da jatorrizko herrialdeetan: dena oso garestia da. Jakina, lanik gabe geratzean, etxea, dirua eta dena galtzen dute andreek… Eta ez dute ondoan familiarik. Elkartasun handia dago sarri haien artean, baina lanik gabeko egoerak luzatzen direnean, zaila da laguntzea; hor, gainera, depresioa eta larritasuna agertzen dira maiz, eta zaildu egiten du horrek aurrera egitea.
Hala ere, Euskal Herrian ikusten dute oraindik ere beren geroa?
Bai. Izan ere, badakite zein den sarri gure jatorrizko herrialdeetako egoera, eta hemen irauten saiatuko dira. Ez da lan falta soilik hartu behar aintzat; guk, esaterako, Hondurasko kideak ditugu elkartean, eta, orain gutxi, txosten bat atera zen azaltzen zuena haien hiria Amerika osoko hiririk bortitzena dela… Hemen, zailtasunak izango dituzu, baina ez zaituzte kalean hilko edo bortxatuko.
Nolakoa da eguneroko martxa harrera etxean?
Harrera etxea irekia da. Elkarteko kide batek noizean behin bisita egiten die, dena zer moduz doan ikusteko. Baina etxean dena komunitarioa da, eta autogestionatu egiten dute bertan bizi diren emakumeek. Etxeko lanak txandakatu egiten dituzte, eta bizitza komunitarioa egiten da; ideologikoa da horren aldeko hautua, baita praktikoa ere, horrek askoz ere merkeagoa egiten baitu elkarbizitza. Hamar egunean behin, ni agertzen naiz, eta pixka bat asteko gainbegiratua egiten dugu, elkarbizitzan arazoren bat bada ere, aztertu eta bideratzeko.
Oro har, elkarbizitza ona al da?
Bai, bai. Oso ona. Umorez hartzen saiatzen dira gehienak.
Zer moduz herriko bizilagunekin?
Ondo, oso ondo. Batere arazorik gabe. Egia esan, harrera etxea aspaldi erabili gabe zegoen etxe batean dago, eta jendeak ondo hartu du etxea erabil daitekeela ikustea. Udan, festa batean, gure merkatu txikiarekin atera ginen kalera, eta ondo, oso ondo, jende asko etorri zitzaigun galdezka.
Lana lortzen laguntzen diezue etxean bizi diren andrazkoei?
Gure esku dagoen informazio guztia ematen diegu, eta lana lortzeko estrategiak ere ematen saiatzen gara. Baina ez dugu programa bat edo propio horretara bideratutako langile bat elkartean lanean. Ahal dugun neurrian egiten dugu, martxaren arabera. Kontuan hartu behar da elkarte oso txikia garela eta oso baliabide gutxirekin ari garela.
Hala ere, lana lortzen dute zuen etxeko emakume askok…
Bai, bai. Emaitza oso onak ditugu. Bi hilabeteren bueltan lortu dute denek lana; inork ez ditu egin bi hilabete baino gehiago lanik egin gabe. Kontua da, hala ere, askotan oso epe laburreko lanak izaten direla; oraintxe, esate baterako, kide bati lana atera zaio etxe batean, baina hilabete bakar baterako lana da, ordezkapen bat delako, eta hilabete hori pasatuta, berriro etxerik gabe geldituko da. Horregatik, horrelako kasuetan, etxean duten lekua gorde egiten diegu emakumezkoei; izan ere, beharrak hor segitzen du.
Etxeko lanetan aritzen dira gehienak. Aski esparru zaila, ezta?
Bai, eskaintzak urritzen ari dira, eta esplotazioa ere handia da. Baldintzak askotan oso kaxkarrak dira, eta, orain, krisiaren aitzakiarekin gehiegikeriak ugaritzen ari dira.
Eta, horrez guztiaz gain, etorkinei buruzko estereotipo gaiztoen zama. Nola daramazue?
Gaizki. Kezkarik handiena eragiten digu, sortzen diren zurrumurruak faltsuak direlako, baina, hala ere, ez dagoelako horiei buruz argi hitz egiteko intentziorik; aldundia edo udalak ez dira azaltzen diskurtso horiek faltsuak direla esatera. Ez dago zurrumurru horien kontrako azalpen argirik… Beren bidea egiten uzten zaie, eta hori ez da nahi gabe egindako zerbait. Hor asmo politiko bat dago, eskuineko diskurtsoak bere bidea egiten segitzeko eta herritar etorkinei laguntzak urritzeari buruzko errua leporatzen jarraitzeko. Tamalez, guk ezin dugu gauza handirik egin; zerbait aditutakoan, erantzun egin dezakegu, jakina, baina zera esaten digute: “Zer esango du ba honek, etorkina bada?”. Baina sineste politikoa falta da gizartean iritzi bidezko bat sortzeko.
Baduzue harrera etxera joan nahi luketen emakume gehiagoren berri. Nola kudeatzen duzue hori? Itxaron zerrenda duzue?
Ez, ez dugu horrelakorik, baina hitz eginda gaude etorri nahi luketen emakume gehiagorekin; elkarrizketak ere izan ditugu horiekin, eta gogoan ditugu, aukera egokituko balitz etxera etortzeko aukera izan dezaten.
Malen Etxea elkartearen jarduna harrera etxea baino zabalagoa da. Zer zerbitzu gehiago ematen dituzue zuen laneko martxan?
Hainbat lan ildo ditugu guk emakume etorkinei laguntzen saiatzeko; hor daude, esate baterako, harrera etxea, lan poltsa, aholkularitza eta abar. Emakume etorkinen egoeraren gaineko sentsibilizazioa ere lantzen dugu, bai eta emakumeen trebakuntza ere… Eta, tartetxo bat geratzen zaigunetan, ikerketaren arloa ere lantzen dugu.
Zein dira emakume horien premiarik gordinenak?
Lana. Lana nahi dute, beste bost milioi lagunek bezalaxe. Orokortzea ez dago ondo; ez dago emakume etorkin bakar bat. Baina emakume askoren motibazio nagusia bizi-baldintzak hobetzea da, eta horregatik etorri dira. Ildo horretan, premiarik gordinena lana da. Arazoak izaten dituzte, baita ere, sarri etxeak alokatzeko, errezeloak izaten baitira etorkinak maizter hartzeko.
Harrera etxera umeekin joan daitezke emakumeak?
Jakina, umeak badituzte, horiek ekartzeko aukera izango dute. Ez dugu horrelako kasurik izan, orain arte. Orain, emakume bat dugu alaba nerabearekin.