Parekidetasuna eltze artean

Tolosako Aurrera gastronomia elkartean sartzea nahi zuen Itsaso Basterretxeak (Tolosa, 1988). Nerea Bordagaraik (Usurbil, 1988), berriz, Usurbilgo Mahaspildegin. Duela gutxi arte emakumeei itxita egon diren elkarte gastronomiko horietan haientzat lekua egitea lortu dute biek. Duela bi urte egin zen Basterretxea Aurrerako bazkide; Bordagarai, berriz, Mahaspildegin onartu duten arren, giltzaren zain dago. Gainerako bazkideen babesa lortu dute, eta bi elkarteetako estatutuak ere aldatu zituzten, hemendik aurrera emakume bazkideak ere onar ditzaten. Orain arte gizonezkoenak ziren eremuetan sartzea lortu dute.

Izan ere, emakumeei elkarte horietako askotan sartzea mugatu izan zaie hainbat urtetan; beste batzuetan, sukaldera sartzea debekatua izan dute. Denborarekin, egoera aldatzen ari da, eta emakumeek gero eta presentzia handiagoa dute elkarte horietan. Gero eta elkarte gehiagok onartzen dute gizonen baldintza berberetan emakumeak bazkide izatea. Baina aldaketa pixkanaka ari da gertatzen, eta oraindik bazkide gehienak gizonezkoak dira. Gainera, elkarte gastronomiko asko daude berdintasun eskubidea bermatzen ez dutenak.

Emakumeek elkarte gastronomikoetan duten presentzia handitzeko eta elkarte horiek “berdintsuagoak” izateko helburuarekin, proiektu parte hartzaile bat abiatu dute Tolosan, elkarte gastronomikoekin lankidetzan. Proiektu hori aurrera eramateko hitzarmena sinatu dute Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; 30.000 euroko diru laguntza eman die aldundiak.

Tolosako Udaleko Berdintasun Sailean aspaldi hasi ziren gaia lantzen. Agurtza Zubero udaleko Berdintasun teknikariak azaldu duenez, berdintasuna bultzatzeko dekalogo bat idatzi zuten 2010ean, baina landu gabe geratu zen. Orain, herriko bost elkarte gastronomikorekin lanean hasi dira. Parekidetasuna bultzatzeko dekalogoa oinarritzat hartuta, elkarteek hainbat konpromiso hartzea da helburua. Hauek dira dekalogoak jasotzen dituen puntu batzuk: emakume bazkideak onartzea, elkarteak parte hartzen duen ekitaldi guztietan emakumeen presentzia bermatzea, erabakiak hartzerakoan emakumeek ere parte hartzea, emakumeak bazkide egiteko kanpainak egitea… Dena den, aldaketak pausoz pauso egin nahi dituzte, emakumeen parte hartzea pixkanaka handitzeko. Bestalde, Tolosako elkarte gastronomikoen eta herriko emakumeen elkarteen arteko zubi lana egin nahi dute, etorkizunean elkarlanean aritzeko.

Tolosatik Gipuzkoara

Esperientzia hori eredutzat hartu nahi dute, ondoren, Tolosako beste elkarteetara eta Gipuzkoako beste herrietara hedatzeko. Beste leku batzuetan erabilgarria izango den “gida” bat sortuko dute. “Elkarteen barnean masa kritiko bat sortu nahi da. Horiek joango dira buruan, eta, pixkanaka, atzetik tradizionalagoak diren besteak ere erakartzea da helburua, pixkanaka aldatzeko”, azaldu du Laura Gomez Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak.

Proiektuan dauden elkarteak tradizionalki gizonenak izan dira, baina horietako batean, Aurreran, dagoeneko bi emakume badituzte. Horietako bat da Itsaso Basterretxea. Haren aita Aurrerako bazkidea zen, eta hura hil zenean, bazkide izateko eskubiderik gabe geratu zen; elkarteko estatutuen arabera, semeak edo alabaren senarrak bakarrik jaso baitezake haren lekua. Baina Basterretxeak ez zuen amore eman. “Adin batetik gorakoei gehiago kosta zitzaien emakume bat onartzea, baina horiei edozein aldaketarekin gertatzen zaie gauza bera”. Bazkide gazteek haren alde egin zuten, eta, azkenean, gehiengoaren oniritzia lortu zuen. “Harrezkero, bazkide bat gehiago izan naiz; ez dut inorekin arazorik izan”. Behin estatutuetan emakumeei bidea irekita, harrezkero, beste emakume bat ere sartu da.

Tolosako Berdintasun Sailak proiektua bost elkarteri aurkezteko egin zuten bileran izan zen Basterretxea: “Beste elkarteetan ez zegoen emakume bazkiderik, baina azaldu zuten norbaitek hala nahi izanez gero ez zutela trabarik jarriko”. Elkarteekin izandako lehen hartu-emana “oso ona” izan dela azaldu du Zubero berdintasun teknikariak ere, “prozesuan parte hartzeko prest agertu dira”. Elkarteetara belaunaldi berriak iristen ari diren heinean pentsamendua aldatzen ari dela uste du Barrenetxeak. “Gure elkartean, emakumeak sartzearen aurka bozkatu zutenek ere, azkenean, amore eman behar izan dute”. Halere, gizonez betetako elkarte batean sartzea emakume batzuentzat “zaila” izatea ulertzen du Basterretxeak. “Nire kasuan bezala, lagunak, ezagunak eta familiakoak badituzu, integrazioa errazagoa da”. Elkarteentzat ere aldaketa onuragarria dela uste duBerdintasun teknikari Zuberok: “Oso tradizionalak diren elkarte askok gero aurrera jarraitzeko zailtasunak dituzte, gazteek ez dutelako sartu nahi”.

Jaien ereduei begira

Egungo gizartean elkarte gastronomikoek “presentzia handia” dutela azpimarratu du Laura Gomez Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak. “Elkarteei hausnarketarako bidea ireki behar zaie; bai barne funtzionamenduari begira, baina baita elkartetik kanpo herrian antolatzen dituzten eta parte hartzen duten ekitaldieei begira ere”. Izan ere, elkarte gastronomiko askoren lana eremu pribatutik haratago doa. Ekitaldi kultural eta sozial ugari antolatzen dituzte. Horietan emakumeen parte hartzea bermatzea nahi dute.

Genero ikuspegitik, jaien eredua aldatu beharra dagoela pentsatzen du Gomezek, baina elkarrizketa prozesu parte hartzaile baten bidetik. “Errealitatea aldatu nahi dugu, baina elkarteekin ados jarriz; ez dugu inolaz ere konfrontaziorik eta gatazka sozialik eragin nahi”. Gomezen hitzetan, jaietan aldaketak bultzatzea gai “korapilatsua” da. “Gogoratzen ditugun bezala bizi nahi ditugu jaiak. Aldaketak onartzea zailagoa da; gure emozioak ukitzen baititu”.

Itsaso Barrenetxea bazkide den Aurrera elkarteak, esaterako, Tolosako inauterietan, ostegun gaueko danborrada antolatzen du. “Lehen, denak gizonezkoak ateratzen ziren. Bazkide egin nintzenean, nire kuadrillako batzuekin batera atera nintzen”. Horrek bidea ireki zien beste emakume batzuei ere. “Aurten, emakume dezente atera gara”.

Usurbilen ere, aldaketa

Itsaso Basterretxearen antzeko bidea egin du Nerea Bordagaraik ere; laster emango diote Usurbilgo Mahaspildegi elkarteko giltza. Harekin batera beste bi emakume ere bazkide egingo dira, lehen aldiz. Aita bazkidea du, eta erretiroa hartutakoan bere bazkidetza semeari pasa diezaioke. “Orain arte egindako bozketatan, emakumeak sartzea ez zuten onartzen, baina, azkenean, gure aldeko emaitza lortu dugu”. Beraz, Bordagaraik jasoko du aitaren oinordekotza. Bazkide bakoitzak elkarteko lagun bat ere izan dezake, eta hari giltza eman; “Orain arte bazkide lagun horrek gizona izan behar zuen, baina hemendik aurrera emakumeek ere aukera izango dute. Beste bazkideen eskubide eta betebehar berak izango ditugu”. Egoera pixkanaka aldatzen ari dela uste du. “Berdintasuna oraindik urruti dago, baina elkarteek garai berrietara moldatu behar dute; ez du inolako zentzurik emakume izateagatik diskriminatzeak”.