Riechmannekin eskolan

Lantegia

Errenteria

Pentsamendu ekologikoren lantegia. Izen hori jarri diote igandean, Errenterian, Mikelazulo elkartean egingo duten egun osoko ekinaldiari. “Mikelazuloko unibertsitatearen” jardunaren emaitza izango dela azaldu dute, eta gonbidatu berezi Jorge Riechmann idazle eta soziologoa izango dute. Ekologiari buruzko gogoeta ezinbestekoa dela oroitarazi dute antolatzaileek. “Krisi ekologikoak erronka definitibo baten aurrean jartzen gaitu”, esplikatu dute. “Klima iraulketak, biodibertsitate ekologiko eta kulturalaren hondamenak, hiritartze prozesu erraldoiak, energiaren krisiak, bizimoduaren pozoitzeak… Horrek guztiak gizadi osoarentzat sufrimendu itzela sortzean gain, gizadiaren etorkizuna kolokan jartzen du. Horregatik egitasmo iraultzaileenak proban jartzen ditu. Egitasmo emantzipatzailea zuzendu, aberastu eta bizkortu beharra dago”.

Egoera horrek arduratuta antolatu dute lantegia. “Ezagutza lantzea da helburu, ezagutza bizigarria, osasuntsua. Hau da, geure eta bakoitzaren esperientzia argitzen laguntzen duen eta esperientzia berrituetara bultzarazten gaituen lantegia nahi dugu” Hartara, lantegia espazio “ireki eta askea” izatea nahi dute. “Lantegian elkar loturik joango dira gogoeta teorikoak eta esperientzia praktikoak. Batak bestea elikatzen baitu eta bion batasunak osatzen du pentsamendu aske eta bizia. Lan-metodologian uztarketa hori zainduko da”, azaldu dute.

Gonbidatu berezi gisara Jorge Riechmann hautatu dute. Mugimendu praktikoan eta lanketa teorikoan saiatzen del azaldu dute, eta aparteko ekarpena egin dezakeela gogoetan behar bezala aritzeko. Lantegia 09:30ean hasi eta iluntzera arte luzatuko da, eta hainbat gai jorratuko dituzte parte hartzaileek. Tartean bazkari begetarianoa izango dute, eta bazkaritarako orduan, “poema kosmikoen” irakurraldia ere izango da. Lantegian parte hartzeko Mikelazulon eman behar da izena.

Saioan, hainbat liburu jarriko dira parte hartzaileen esku eta Jorge Riechmannen azken bi liburuak (Al socialismo sólo se llega en bicicleta eta ¿Cómo vivir? Acerca de la vida buena) salgai egongo dira. Argibide gehiagorako: www.mikelazulo.com.