“Osasun etxean jarraipena egitearen arrisku bera du”

Lezon eta Donibanen autokontrolaren proba egiten ari diren gaixoak aholkatzen eta laguntzen dabil Nerea Colera familia medikua (Donostia, 1965).

Zenbat gaixo daude proba honetan?

Donibanen, hamalau hasi ziren eta hamahiruk jarraitzen dute; Lezon, hamahiru; Egian, 43; Amara Berrin, 82 eta martxoan 50 hasiko dira.

Zenbat dira Gipuzkoan Sintrom botika hartzen ari diren gaixoak?

EAEko datuak ditugu. Biztanleen %2k hartzen dute, eta 65 urteko biztanleen %8k. 43.682 paziente daude.

Zeintzuk dira botika hori hartu behar duten gaixoak?

Sintrom botika jartzen zaie fibrilazio bat daukatelako edo balbula protesiko bat jarri zaielako bihotzean. Orduan, kontrolak egin behar dituzte. Sintromak odolaren likidotasun maila neurri baten barruan mantentzen du; gaixoek esaten duten bezala, ez dadin ez oso lodia ez oso mehea egon. Tarteak 2-3 edo 2,5-3,5 artean egon behar du.

Zein onura ekarriko dizkio gaixoari?

Autonomia handiagoa emango dio, ez duelako osasun etxera joan beharrik izango; norbere gaixotasunaren arduradun egingo du; astero kontrola eginez seguruago egongo da, osasun etxean lauzpabost astean behin egiten delako kontrola. Hobea da bidaiatzen duen jendearentzat, etxea osasun zentrotik urrun duenarentzat… Osasun sistemarentzat ere onuragarria da, lan gutxiago eragiten diolako. Hala ere, gaixoek badute telefono zenbaki bat, eta eguneko 24 orduetan dei dezakete arazorik bada. Horrez gain, programa antolatu duten mediku eta erizainen jarraipena dute, eta osasun etxearekin ere jar daitezke harremanetan.

Arriskurik ekar diezaieke aldaketak gaixoei?

Ez. Datu guztiak grabatuta geratu dira makinan, baita zein dosi hartu duten ere. Datu horiek Internetez zein telefonoz jakinarazten dizkiote medikuari, eta hor egiaztatzen da ondo egiten ari diren ala ez. Arriskuren bat egotekotan, osasun etxean daukatenaren berbera litzateke.

Orain arte ikusitakoarekin zein balorazio egiten duzue?

Positiboa. Hitz egindako gaixoek pozik daudela esan digute.

Gipuzkoaz gain, beste tokiren batean dago martxan sistema hori?

Euskal Herrian ez. Beste toki batzuetan, ordea, martxan dago: Alemanian eta Erresuma Batuan egiten da, baita Espainian ere. Aragoin, 800 pazientek erabiltzen dute, Kanaria Uharteetan eta Andaluzian ere martxan da. Herrialde Katalanetan ere bai.

Osasun sisteman egiten ari diren murrizketen logikari jarraitzen dio sistemak?

Ez. Hau martxan hasi zen ekainean, eta ikerketa abiatu zuena lehenagotik hasi zen prestatzen, eta ez dauka zerikusirik, gainera, Osakidetzako agintariekin.

Zein dago proiektu horren atzean?

Proiektuaren zuzendaria Eduardo Tamayo da. Groseko mediku bat. Bi erizainekin batera ari da.