Mendeurrena emanaldi bihurtuta

Mendeurrena emanaldi bihurtuta

Unai Zubeldia

Musikari dagokionez, tradizio handiko herria izan da betidanik Bergara. Horren erakusgarri, 1832an sortu zuten Bergarako Musika Banda. “Geroago, obra sinfonikoak eskaintzeko beharra sentitu zuten herrian, eta urtean pare bat proiekturi heltzeko osatu zuten Bergarako Orfeoia, 1923an; ez zen astero entseguak zeuzkan koru bat. Denborarekin bihurtu zen talde finko”. Aitor Biain oñatiarraren hitzak dira, 2006tik Bergarako Orfeoiaren zuzendari denarenak. Aurten beteko du mendeurrena Bergarako Orfeoiak, eta bihar ekingo die urteurreneko ekitaldiei: Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem obra eskainiko du San Pedro elizan, 19:00etan.

Biharko emanaldiaz gain, ikus-entzunezko erakusketa bat —argazkiak, sariak, egunkarietako albisteak, uniformeak, bideoak… egongo dira ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan, maiatzaren 25etik ekainaren 11ra—, dokumental bat, herrian egiten ari diren lana goratzeko azaroan egingo duten beste kontzertu bat, David Azurza 1993tik 2006ra Bergarako Orfeoiko zuzendari izan zenak konposatu duen Laino izara artetik obraren aurkezpena, logoaren aldaketa —Amaia Guridik irabazi du lehiaketa—… Bergarak handikiro ospatu nahi du orfeoiaren mendeurrena.

BERGARAKO ORFEOIA

Musikari eta abeslari, 250 artista inguru izango dira bihar oholtzan —165 abeslari koruan eta 50 laguneko orkestra, tartean—. “Ehun urteotako hainbat mugarriren isla izan nahiko luke saioak, urteotako lan sinfoniko korala erakusteko”, zehaztu du Biainek. Bergarako Orfeoiarekin batera, han izango dira Arrasateko Goikobalu abesbatza, EHUren abesbatza, Oñatiko Aequus Ensemble orkestra eta Ganbara abesbatza, eta Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatza. Baita lau bakarlari ere: Maria Martin soprano irundarra, Maite Arruabarrena mezzosoprano donostiarra, Aitor Garitano tenore bergararra eta Juan Laboreria baxu donostiarra. Behin Requiem-a amaituta, Mozarten Ave Verum obra emango dute, eta Bergarako Orfeoiko abeslari ohiak omenduko dituzte.

Biainek zehaztu du 1923 inguruan, taldea sortu berritan, “orkestrekin aritzeko ohitura handia” zeukala Bergarako Orfeoiak. “Sona handia lortu zuen pixkanaka, eta oso famatuak izan ziren obra sinfonikoen interpretazioak”. Horri esker egin zuen bidea Bergaratik kanpo ere. “Madrilera eta beste hainbat tokitara joateko aukera izan zuten. Bergarako Orfeoia oso entzutetsua izan zen Bergaratik kanpo ere”. Biainek ziurtatu du ez dela erraza talde bat ehun urtez mantentzea. “Nik beti esaten dut ehun urteren atzean 99 urte daudela, taldeari eusten, baina, gorabeherak gorabehera, talde hau oso tinko mantendu izan da beti. Musikalki, oso aberatsak izan dira ehun urte hauek”.

60-65 partaide ditu egun

Ehun urteko ibilbidean, Biainentzat “zaila” da bizpahiru momentu aukeratzea. “Garai bakoitzak dauzka bere momentuak, baina taldearentzat oso garrantzitsua izan zen Madrilgo kontzertuetan-eta parte hartu ahal izatea, adibidez. Horrez gain, lehiaketa batzuk ere irabazi zituzten”. Duela 30 bat urte jendez “larri samar” ibili zen Bergarako Orfeoia, “asko murriztu zen taldea”, baina azken urteotan kopuruak gora egin duela azpimarratu du egungo zuzendariak.

BERGARAKO ORFEOIA

Gaur egun, 40-45 bat lagun aritzen dira orfeoian, emakume zein gizon, eta beste hogei bat gazte Orfeoi Gaztean. “Berez, ehun lagunetik gorako taldeak dira orfeoiak, eta, horregatik, askori Donostiako Orfeoia etorriko zaie burura orfeoia hitza entzundakoan, baina orfeoi asko daude Euskal Herrian; ez, agian, ehun lagunekoak, baina asko daude. Gu pozik gaude gure neurriarekin”.

Urte batzuk atzera, berdintasunaren arloan ere berritzailea izan zen Bergarako Orfeoia, 1991tik 1993ra Cristina Larrañaga izan zelako taldearen zuzendaria. “Garai hartan ez zen oso ohikoa emakumeak zuzendari lanetan ikustea”, esan du Biainek. Gaur egun, oraindik, taldean jarraitzen du Larrañagak.

Roman Oiartzabal (1923-1970), Miguel Gonzalez (1970-1987), Jesus Barroya (1987-1991), Cristina Larrañaga (1991-1993), David Azurza (1993-2006) eta Aitor Biain (2006tik); zuzendari bakoitzak bere bidea egin du ehun urteotan, eta horri esker eduki izan du Bergarako Orfeoiak harreman estua Donostiako Orfeoiarekin, Iruñekoarekin, Durangokoarekin (Bizkaia)… “Gure ibarrean ere harremana daukagu, noski, beste hainbat talderekin: Arrasatekoekin, Oñatikoekin… Ez daukagu arazorik elkarlanean aritzeko”.

Mozarten Requiem-a ezaguna du jada orfeoiak. “2013an ere eskaini genuen San Pedro elizan”. Baita 1956an, 1961ean eta 1974an ere. “2013an mila lagun etorri ziren ikustera, eta oso kontzertu garrantzitsua izan zen”. Bihar zortziehun lagunentzako tokia izango da Bergarako San Pedro elizan, eta horietako “asko” jada salduta daudela ohartarazi du Biainek. “Mozarten Requiem-a oso obra ezaguna eta kutuna da denontzat, eta emanaldi ponpoxo eta handia izango da”.

Partaide guztien artean “koordinazio lan handia” egin behar izan dute biharko emanaldiaren aurretik. “Abesbatza guztiek apirilean egin genuen lehen entsegua elkarrekin, eta joan den igandean egin genuen bigarrena. Prest daukagu dena. Aukera paregabea izango da musika klasikoa, musika sinfoniko korala eta Mozarten Requiem harribitxia atsegin dutenentzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.