Sintromen kontrola, etxean bertan

Behatza ziztatu, odol tanta bat atera, zerrenda batean jarri, tresnan sartu, eta emaitzaren arabera, Sintrom botika hartu. Hori egin behar izaten du Rosa Sistiagak jaiotzatik duen eritasun batengatik. Orain arte, Pasai Donibaneko osasun zentrora joan behar izaten zuen lauzpabost astean behin azterketa egitera. Orain, ordea, Gipuzkoako zenbait herritan martxan jarri duten proba bati esker, etxean egin dezake.

Lezo eta Pasai Donibane izan dira Gipuzkoan egitasmoa martxan jarri duten lehen herriak. Joan den ekainean hasi ziren, sei hilabeterako lehenengo eta beste seirako gero. Hurrengoak Egia eta Amara Berri izan ziren. Laster, Grosen hastekoak dira, eta 2014an, Lasarten eta Usurbilen.

Sistiagari familia medikuak eman zion probaren berri. Bilera bat egin zuten egitasmoan parte hartuko zuten herritar guztiek (hamahiru bat), eta hor eman zizkieten azalpen guztiak. “Oso ondo azaldu zigun. Aukera ikusi genuen gauzak erraztu eta askoz ere kontrolatuago egoteko, eta nik pozik hartu nuen”.

Hurrengo errondarako Sistiagaren ahizpa Anabeli ere joateko esan zioten. Izan ere, biak gaixotasun bera daukate jaiotzetik: S proteinaren gabezia. Horrek tronbosiak edukitzeko arriskua handitzen die. Sintrom botika hartuta, odolaren likidotasun maila kontrolatuta, bihotzekoak, biriketako enboliak eta antzekoak saihestu ditzakete bi ahizpek.

Normalean, astero egiten du kontrola Rosa Sistiagak, baina odolaren maila oso aldakorra badu, litekeena da hiru edo lau egunean behin egin behar izatea. Hori guztia utzi dioten aparatuak markatzen dio. Odolak 2-3 IMR edo 2,5-3,5 IMR mailan egon behar izaten du normalean, eta Sistiagak 2,8an zeukan, adibidez, astearte honetan. Aparatuarekin batera, bi liburuxka ditu, eta horiek azaltzen diote zer egin behar duen. Maila egonkorra duenez, Sintrom pilula kopuru bera hartzen jarraitu behar du. Liburuxkek zehazten diote egun bakoitzean zenbateko dosia hartu behar duen eta zenbat denborarako.

Maila 3tik gorakoa balitz, IMR kopurua txikitu beharko luke, eta horrenbestez, pilularen dosi kopurua murriztu. Justu kontrakoa egin beharko luke, aldiz, bitik beherakoa balitz.

Emaitzak, astero, Interneteko orrialde batean sartzen ditu Sistiagak. Internet erabili nahi ez duten pazienteek telefono bidez egin dezakete. Era horretan, jarraipena egiten diete medikuek.

Sistiaga 1979an hasi zen Sintrom hartzen. Garai batean jarraipena Donostiako erietxean egiten zutela adierazi du, eta prozesua korapilatsuagoa zela. “08:00etan odola ateratzera joan behar izaten zenuen, eta 12:00etan emaitzak jasotzera”. Hori kontuan hartuta, autokontrolaren bidez, tratamendua asko erraztu dela iritzi dio. “Askoz ere kontrolatuago gaude; lehen lauzpabost astean egiten baziguten proba, orain astero egiten dugu”.