Idazten dudanari umore ukitu bat ematea gustatu izan zait askotan, eta horretan saiatzen naiz tarte honetan ere —gaiak uzten didanean, behintzat—. Intentzio horrekin eseri naiz gaur ere ordenagailu aurrean; inguruko gai bat hartu eta horri buruz idatzi nahi dut, umorea armatzat dudala; “ez ziok erraza”. Gai politagorik ez al da albistegietan edo egunkarietan? Denen artean ea bat topatzen dudan kolore pixka bat bat emateko adina grazia duena: Hugo Chavezen heriotza batetik, Barcenasen iskanbila bestetik, bilbotar batek bere buruaz beste egin omen du bere etxetik kaleratu behar zutelako, Iberiakoak greban, osasun publikoaren aurkako etengabeko erasoak… Material horrekin guztiarekin umorea egitea sagardotegian ardoa eskatzearen parekoa da, ausarta, berritzailea, baina lekuz kanpokoa.
Eta osasunaren gaiari jarraiki, oraingoan ginekologiaren alorrari erreparatu diot. Orain arte, urtean behin zitologia egiteko aholkatzen ziguten, baina azkenaldian iritzia aldatu dute nonbait, eta hiru urtean behin egitearekin nahikoa omen da. Arrazoia gastuak murriztea dela denok dakigun arren, ez digu inork halako azalpenik eman: “Kito, emaitzak hilabete inguruan jasoko dituzu; ezer berezirik bada, deituko dizugu. Hurrengo zitologia hemendik hiru urtera egitearekin nahikoa duzu. Jantzi zaitezke”. Eta zuk pentsatzen duzu: “Hiru urte trago txar hau pasa beharrik gabe? Ederki!” Baina hasierako poz horren ondoren konturatzen zara zertara datorren bat-bateko aldaketa hori, eta denok dakigu geure kalterako dela. Itxarongelako hormetan minbizia garaiz atzemateko zitologia egitea zein garrantzitsua den gogorarazten duten kartelak daude zintzilik, eta medikuari agur esanez irteten zara bertatik, hiru urte barru itzultzeko intentzioarekin. Errealitatearen bi aurpegiak eta betiko kontraesana.
Bitartean La Milagrosa ospitaletik, Juan Carlos Espainiako erregearen egoera azaltzen digute, 24 ordutik behin. Hernia ebakuntzaren ondoren ondo lo egin duela, belauna 90 gradu tolesteko gai dela, eta makuluekin bere kabuz ibiltzen omen dela. Emakume batzuei uterotik bekainetaraino minbizia zabaltzen zaien denbora tarte horretan, erregeak oinez nola ikasten duen begira egongo gara. Hiru urte barru, berandu atzemandako minbizien ehunekoa igoko da. Hiru urte barru, erregea makuluak utzi eta elefanteak akabatzera joango da berriro ere. Hiru urte, besterik ez.