Miren Garate
Igande gauean hasiko da argitzen zer panorama politiko izango den datozen lau urteetan Gipuzkoan ere. Foru hauteskundeetan, inkestek eta adituek lehiarik handiena aurreikusten duten herrialdea da. Litekeena da boto gutxiren aldea egotea EAJren eta EH Bilduren artean. EAJk Eider Mendoza aurkeztu du ahaldungai nagusi eta EH Bilduk Maddalen Iriarte, eta, beraz, nahiko ziurtzat jotzen da Gipuzkoan lehen aldiz emakumea izango dela diputatu nagusia. Zenbait udaletan ere —Tolosa, Arrasate…—, urduritasun handiko zenbaketak espero dira.
09:00etan irekiko dituzte hauteskunde mahaiak, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Ikerketek diote boto emaileen %15 inguruk azken egunean erabakitzen dutela zeinen alde egin. Abstentzioa ere kezka iturri da alderdientzat, aurreko udal eta foru hauteskundeetan baino handiagoa izango dela iragarri dutelako —forukoetan, %33,3koa izan zen 2019an—.
Egunotan izandako mahai inguru, elkarrizketa eta bestelako ekitaldi ugarietan, etxebizitzaren arazoa, zaintzaren premia eta energia berriztagarriak izan dira hautagaiek gehien aipatu dituzten gaietakoak. Turismoak ere izan du pisua; batik bat, Donostian eta kostaldeko herrietan. Era berean, zeresana eman du Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak egindako salaketa batek ere. Haren ondorioz, EH Bilduren zerrendetan zeuden zazpi hautagaik iragarri dute hautatuak izaten badira, ez dutela kargurik hartuko —bere garaian ETAko kide izatea eta odol delituak egitea egotzi zieten—.
Etzitik aurrera, negoziatzera
Igande gauerdia iristerako jakingo dira hauteskundeen emaitzak. Jendaurreko lanak amaituta, hainbat tokitan bulegoetako lana hasiko dute hautagaiek orduan. Udalerrietan ekainaren 17rainoko epea izango dute negoziatzeko, orduan izango delako tokian-tokian inbestidura saioa, hautetsiek alkatea aukeratzeko. Hauteskundeekiko auzi errekurtsoren bat egongo balitz, berriz, uztailaren 7ra atzeratuko litzateke data.
Batzar nagusiak osatzeko prozedura bestelakoa da. Batzarkideek ekainaren 30a baino lehenago hartuko dituzte karguak; ahaldun nagusia hautatzeko data finkorik ez dago.
Datuak
Errolda. 556.210 herritar.
Udalerriak. 88.
Udal hautetsiak. 986.
Batzarkideak. 51.
Leave a Reply