Azpeitiko elkarte gastronomikoak aztertu ditu Josu Areizaga antropologia ikasleak (Azpeitia, 1980). Azken 50 urteetako bilakaera ikertu du; herriko gizartean duten garrantzia, baita emakume eta gizonen parte hartzearen bilakaera ere. Herrian dauden 32 elkarteetatik sei hartu ditu eredu; horietako bazkide sortzaileak eta haien bikoteak elkarrizketatu ditu. 1970 baino lehen sortutakoak ziren lau; bi, berriz, azken hamar urteetan irekitakoak.
Emakumeek zer leku dute Azpeitiko elkarteetan?
Aztertu ditudan sei elkarteetan, 300 bazkide ingurutik zortzi dira emakumeak. Elkarte zaharrenean ez dute emakume bazkiderik. 1970 baino lehen sortutako beste hiruretan, eta azken urteetan sortutako batean, emakume bazkide bana dute; alargun gelditutakoan senarraren ordez sartu ziren laurak. Elkarte berrienean, bi emakume bazkide sortzaile daude, eta beste bi geroago sartu dira.
Zergatik hain emakume gutxi?
Elkarrizketatu guztiak ados daude; elkarteetan emakumeak sartzeko eskaera ia ez dago. Baina ez dut emakumeak sartzearen aurkako jarrerarik aurkitu. Historikoki gertatu izan da, elkarteko batzordeak ez duela onartu emakumeren bat bazkide; baina horiek ez dituzte arrazoiak azaltzen.
Elkarte batzuen estatutuek diote gizonezko bazkideak bakarrik onartzen dituztela.
Bai, horietako kasu bat aurkitu dut, baina laster konponduko dute. Elkartekoekin harremanetan nago, eta hurrengo batzarrean hori aldatzeko asmoa dute. Horren jarraipena egingo dut.
Beraz, printzipioz, egun, Azpeitian ez dago emakumeei itxita dagoen elkarterik?
Ez. Emakumeak elkarte guztietan aurkituko dituzu edozein egun eta edozein ordutan, nahiz eta emakume bazkiderik ez egon. Sukaldera sartzeko debekurik ere ez dago; horrelako kontuak beste herrietako kontu bezala ikusten dituzte elkarrizketatuek.
Elkarteen bilakaera ere aztertu duzu. Zertan nabari da?
Bilakaera ikusten da elkarte zaharrenetik berrienera, bai datuetan, baita diskurtsoan ere; baina gero, emakumeak bazkide sartzeko eskaera hutsala denez, diskurtso hori praktikan jartzeko aukerarik ez dago. Lehen elkarteak sortu zirenean beste garai batzuk ziren. 91 urteko batek kontatu dit lehen elkarte haietan ez zela edonor sartzen; maila sozial batekoak ziren lehen bazkideak. Ekonomia hazkundearekin batera, aldaketa etorri zen. Lehen urte haietan, elkarteetan emakumerik ez egotearen arrazoiez galdetzen nienean, gizartearen isla zirela diote. Tabernetan ere emakume gutxi ibiltzen omen zen; orduko ohitura eta balioak jartzen dituzte argudio bezala. Garai hartako bazkideen emazteek ere naturaltasunez esaten dute orduan gauzak horrela zirela eta ez zituztela zalantzan jartzen. Bestela, elkarteen barne funtzionamendua ez da aldatu: talde baten edo gehiagoren artean sortutako elkarteak dira, lagunartean lasai egoteko. Gaur egungo gazteek ere hala diote.
Herriko gizartean ere presentzia handia dute?
Bai, eragin handia dute gizartean, eta kultur adierazle indartsuak ere badira. Jende asko mugitzen da elkarteetan. Egun, edozein herritar joaten da, lagunen edo familiako kideen bidez; gure aisialdiaren parte handia hartzen dute. Beraz, bazkide ez direnei ere eragiten die, denok horien parte bilakatzen baikara. Aldi berean, elkarteek herriko jaietan eta ekintzetan parte hartzen dute. Azpeitiko danborradan elkarteak ateratzen dira, eta bazkide gehienak gizonak dira; baina emakumeen presentzia gero eta handiagoa da danborradan, eta duela hiru urtetik talde guztietan daude emakumeak. Diskriminazioa saihesteko tresna garrantzitsua da elkarteei ematen zaien erabilera.