“Barruko nahi, beldur, behar eta amets berdinak ditugu denok”

Urte asko daramatza Patxi Alberdik (Ibarra, 1949) Danimarkan, Mette emaztearekin ezkonduta eta psikiatra gisa lanean. Hala ere, ez du euskara galdu eta ez du eten Euskal Herriarekiko harremana. Tolosatik sartuta, Ibarrako lehen etxean jaioa da Alberdi —Benta Zabal izenekoan—; Eskolapioetan ikasi zuen, eta 10 urterekin seminariora joan zen; aurrera Lizarrara (Nafarroa) eta gero, 14 urterekin, Orendainera, garai hartako beste haur askoren gisan, “jaungoikoaren deia barrenean sentituta”. “Garai hartan ez zen txorakeria, egia garbia baizik. Jaungoikoa gaur baino askoz hurbilago ibiltzen zen, baina pixkanaka urrundu egin zen, eta 16 urterekin, beste lagun askok bezala, haren deiei entzungor egin nien; etxera itzuli, eta Eskolapioetan bukatu nuen batxilergoa”. Gogoan du Euskal Herrian orduan zebilen “modernitate haizea”.

Batxilergoa bukatuta, Tolosako lagun batzuekin Bordele aldera joan zen frantsesa ikastera. “Etxetik lehen aldiz urrun eta 1968ko maiatza gertu, kanpoan eta, batez ere, gure barrenean iraultza osoa ibili zen”. Han neska daniar batekin maitemindu zen —Mette zen—, baina etxera itzuli, eta Iruñera joan zen mediku ikasketak egitera. Ikasketez gain, “beste gauza asko” hasi zen egiten. “Iruñeko giro iraultzaile, berritzaile, borrokalari, euskaltzale, itxaropentsu hartan, gogorra eta utopikoa aldi berean. Sarrionandiak Argia-n esan berri duenez: Ziurtasun gutxi eta ilusio asko“. Neska daniarra hilabete batzuk pasatzera etorri zitzaion Iruñera; familiari, ordea, ez zitzaion ondo iruditu harekin egotea, eta Danimarkara joatea ebatzi zuten orduan biek. “Gogorra eta penagarria izan zen, min handia izan nuen bihotzean”, gogoratu du.

Hasiera “zaila” izan omen zuen; jendea, ohiturak, eguraldia, janaria eta, batez ere, hizkuntza oso desberdinak zirelako. Etxebizitza bat elkarrekin alokatu ahal izateko, ezkondu egin behar izan zuten —”gaur egun sinestezina badirudi ere”—; hiru hilabete pasatu eta gero, emazteak esan zion han bizitzeko daniera ikasi beharko zuela eta handik aurrera etxean daniera hutsez hitz egingo zutela. “Gora Euskadi! Nora etorri naiz ni?”, pentsatu omen zuen, baina halaxe ikasi zuela dio. Baita ingelesa ere, mediku ikasketetako liburu guztiak ingelesez zeudelako, eta pixkanaka norvegiera eta suediera ere bai, ikasketak bukatu eta bi urtez Norvegian egon baitziren. “Hizkuntzak ikasteko ez naiz azkarra, ezta pentsatu ere. Beharra izan da motibo bakarra”, azaldu du. Hiru seme-alaba izan zituzten, eta alaba zaharrenari hasieran euskaraz egiten hasi zitzaion, baina haurtzaindegiko pedagogoak esan zion euskara hizkuntza polita zela, baina haurrarentzat ez zela ona bi hizkuntzatan aritzea. Sinistu, eta hala egin zuen, danieraz hitz egin zion. Gerora ibili omen dira seme-alabak euskara ikasten, baina ez omen da hain erraza, “beharrik ez dutelako”.

Gurasoak euskaldunak izan arren —aita tolosarra; ama irurarra— eta etxean euskaraz hitz egin arren, beti euskara kaxkarra izan duela dio Patxi Alberdik; senide guztiek Eskolapioetan eta Jesusen Alabetan ikasita “erdara pixkanaka etxean sartu zela” dio. “Hasieran senideen artean, gero gurasoei erantzuten, eta, azkenean, dena erdara hutsez egiten genuen”. Lizarrako seminarioan hitz bat ere ez omen zuen entzuten euskaraz; gelakide zuen Tolosako Urkizu auzoko Ezeizabarrena ametsetan aritzen zenean besterik ez. “Zaila da esatea zer sentitzen nuen nik hari entzutean: nostalgia, lotsa, jakin-mina, dena nahastuta. Danimarkara joan, berdin sentitu, eta euskaraz irakurtzen hasi nintzen, oraindik burmuinean edo gibelean edo ez dakit non gordeta nituen euskal tantak ez galtzeko”. Lizardi, Xabier Lete eta Xabier Azurmendiren liburuak, Zeruko Argia eta Jakin aldizkariak, geroago Egunkaria eta Galtzaundi aldizkaria… Orain “luxua” deritzo Internetez nahi duena irakurri ahal izatea.

Joan diren 30 urteotako gisan, mediku lanetan jarraitzen du Alberdik, psikiatra Kopenhageko ospitale batean. Lehen hogei urteetan eri psikotikoekin egin zuen lan, eta azken hamarretan depresio, etsipen, estutasun, antsietate eta horrelakoak dituzten gaixoekin ari da. “Gauza asko ikasten da eroetxe batean, baina ikasi dudan garrantzitsuena da ariman, gogoan edo jarri nahi duzun izeneko horretan, daniarrek edo euskaldunok, eroak edo normalak izan, gure barruko nahi, beldur, behar eta amets berdinak ditugula”, azaldu du.

Aditzera eman duenez, hortik atera daitezke bere zaletasunak: poesia irakurri, pelikula eskandinaviarrak eta malenkoniatsuak ikusi, familia eta lagunekin lasai egon eta ondo jan. “Eta Aralarren bakar-bakarrik edota ilobekin, poetak esan zuen bezala, mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesetan ibiltzea. Zahartzen ari naiz, badakit, agerian dago”.