Unai Zubeldia
Kohesio eta komunikazio hizkuntza gisa euskara erdigunean jarrita, tokian tokiko kultur eta hizkuntza aniztasuna ezagutaraztea eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza sustatzea; hizkuntza eta kultura desberdineko herritarren arteko harremanak sortzea, alegia. Euskaltzaleen Topaguneak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2008an helburu horri helduta abiarazi zuten Auzoko egitasmoa, auzokide —euskaratik urrun bizi dena— eta auzotar —euskaraz dakiena— rolak sortuta. 2014an egin zuten lehenengo Auzoko jaia, Bergaran, eta zortzigarren aldia izango dute igandean, Elgoibarren, 11:30etik 16:15 aldera arte.
Hasierako proposamen hartatik bidea eginda, ikasturte honetan Auzoko Familiak —familiak— eta Auzoko Lagunak —haurrak— ekinbideak jaio dira Auzoko egitasmo nagusiaren barruan —adin guztietako partaide helduak daude Auzokon—. Ikasturte honetan, Euskal Herriko hamabost herritan garatu dute proiektua, eta horietatik zortzi dira Gipuzkoako udalerriak: Aretxabaleta, Arrasate, Donostia, Elgoibar, Eskoriatza, Ibarra, Oñati eta Soraluze. Elgoibarren kasuan, iaz eman zuten lehen pausoa, eta Auzoko jaia antolatzeko erronkari aurre egingo diote aurten, Topaguneak eta Elgoibarko Udalak lagunduta. “Ardura handia da, baina oso gogotsu ari gara lanean, ilusioz gaude”, ziurtatu du Gorane Aiesta Elgoibarko Izarra elkarteko langile eta Elgoibarko Auzoko Familiak egitasmoaren dinamizatzaileak.
Antolatzaileek “dibertsiorako egun” bihurtu nahiko lukete etziko Auzoko jaia. Ongietorri txiki bat egingo dute 11:30ean, eta Elgoibarko musika eskolako gazteek daukaten txarangarekin kalez kale ibiliko dira segidan, geldialdiak eginez. Hainbat herritarrek prestatuta, hamaiketako berezi bat egingo dute 11:45ean; eta dantza saio bat izango dute gero kultur etxean. “Ezusteko bat ere izango dugu hor”, aurreratu du Aiestak. “Ondoren jada Maalako parkea bihurtuko dugu elkartzeko gune nagusi”. Herriz herriko proiektuak aurkeztuko dituzte bertan, musika saioak izango dira, jolasak eta tailerrak, herrialde askotako janarien dastaketa, dantza afrikarrak, mundu guztiko abestiekin dantzaldia… “Ea zer sortzen den”.
Debagoienean sustraituta
Debagoienekoak dira Gipuzkoan Auzokorekin bat egin duten herrietako gehienak. “Eta ez da kasualitatea, bereziki eskualde horretan egin dutelako lanketarik handiena”, zehaztu du Onintza Olaizola Euskaltzaleen Topaguneko hizkuntza aniztasuneko arduradunak. “Praktika onaren ondorio ere izan daiteke proiektua Debagoienean asko zabaldu izana; inguruan egin da ezagun, baina ahalik eta gehien zabaltzea da gure helburua”.
Euskara pixkanaka indartu ahal izateko, “inor baztertu gabe gainerako hizkuntzei balioa ematea” ezinbestekotzat jo du Olaizolak. “Kanpotarrak gurera hurbil daitezen nahi dugu, noski, baina eurena onartuta, ezagututa eta balioa emanda. Kontua ez da eurek gure hizkuntza ikastea soilik; behar bat, nahi bat ere sortu nahi dugu”. Marokoko herritar bat ezagutzean, adibidez, askok euren hizkuntza arabiera dela pentsatu ohi dutela esan du Olaizolak. “Baina litekeena da, bizi diren lurraldearen arabera, euren ama hizkuntza beste bat izatea, amazig hizkuntza, esaterako”.
Euskaldunen Topaguneak emandako datuen arabera, gaur egun “ehun hizkuntza ezberdin baino gehiago” hitz egiten dira Euskal Herrian, eta horietatik 30 inguru izan zituzten iaz Auzoko programan —35 herrialde baino gehiago denera—; euskararekin batera, arabiera, bereberra, daria, farsia, fula, hassaniya, persiera, punjabera, urdua eta wolofa, besteak beste. “Hainbat herritan lantzen dute Auzoko proiektua, eta industrializazio prozesuagatik, ostalaritzagatik edo dena delakoagatik desberdina da herri bakoitzaren errealitatea; horrek aberasten du gure proiektua”. Olaizolak aipatu du Arrasaten, adibidez, saharar komunitate handia dagoela gaur egun. “Hori bai, guztientzat zabalik daude ateak, eta edozein hizkuntza eta komunitatek bat egin dezake egitasmoarekin”.
Elgoibarren kasuan, esperientzia “oso polita” izaten ari dela ziurtatu du Aiestak. “Kultur eta hizkuntza aniztasuna ikusgarri egiteko aktibazio eta urduritasun moduko bat gauzatzen ari da herrian, elgoibartar desberdinak batzeko saiakera bat egiten ari gara, elkarren kulturetatik elikatu ahal izateko. Hori ere eskainiko du egunak”. Elgoibarren jaioberria da egitasmoa, eta, ondorioz, hizkuntza gutxi dauzkate oraindik Auzokon. “Euskara daukagu, noski, eta Nikaragua eta Mexikoko hainbat familia dauzkagunez, gaztelania ere bai. Horiekin batera, gurean daukagu arabiera ere, marokoarrekin. Urtez urte jendea egitasmo honetara batzen joatea da helburua”.
Euskara elkarteen babesa
Euskaltzaleen Topagunea “tokian tokiko euskara elkarteekin elkarlanean” aritzen da Auzokon. “Herri bakoitzeko euskara elkarteek eta udalek irailean irekitzen dute Auzokon izena emateko epea, eta ikasturte osoko lanketa egiten dute gero”. Herriz herriko dinamikak eta pertsonak ezagutzeko baliatzen dute ikasturte amaierako Auzoko jaia. Aiestaren hitzetan, egitasmoaren barruan ez daudenek ere parte har dezakete igandeko festan. “Aukera ona da Auzoko gertuagotik ezagutzeko. Ez dugu egin nahi festa itxi bat; guztiz kontrakoa, etorri nahi duten herritar guztiek goza dezatela egun guztian”.
Euskal hiztunei “dei berezia” egin die, ordea, Olaizolak. “Bertakoei asko kostatzen zaigu egitasmo honetan gure tokia aurkitzea, pausoa ematea. Kanpotarrek, berriz, gizarteratze prozesu gisa ulertzen dute euskara ikastea eta gainerakoekin harremanetan jartzea”. “Hizkuntza emateko”, baina, euskal hiztunak ezinbestekoak direla gogoratu du Euskaltzaleen Topaguneko hizkuntza aniztasuneko arduradunak.
Olaizolak argi dauka “gero eta euskaldun pluralagoak” behar dituela gizarteak. “Inguruan daukagu hizkuntza aniztasun hori, eta, gure ustez, aberastasuna da hori”. Horregatik, euskara ardatz hartuta, “hizkuntza guztiak eroso sentitzea” da Auzoko egitasmoaren sustatzaileen helburua. “Guztiz beharrezkotzat dauzkagu horrelako egitasmoak”.
Iritzi berekoa da Aiesta ere: “Batak ez du bestea kentzen, eta elkarren beharra daukagu hizkuntza eta kultura guztiok. Gero eta pluralagoa da Euskal Herria, eta euskarak eta euskaldunok behar dugu aniztasun hori aurrera egin ahal izateko”. Euskarari eustea “oso garrantzitsua” da Elgoibarko Izarra elkarteko langile eta Elgoibarko Auzoko Familiak egitasmoaren dinamizatzailearen hitzetan. “Baina kanpotik datorrenari ere erakutsi behar diogu gurea, oso jarrera itxia izaten dugulako askotan”.
Laguntzaile rola
Aiestaren ustez, “inbertsio moduan” ulertu behar da kanpotik datorren bati euskara eta euskal kultura pixkanaka gerturatzea. “Lehenik eta behin, azaldu egin behar diegu Euskal Herrira iritsi direla, Espainiara iritsi direla pentsa dezaketelako askotan, eta gure hizkuntza gaztelania dela. Errealitatea ulertarazten lagundu behar diegu, eta horretarako ezinbestekoak gara euskaldunak, noski”.
Aiestarentzat gainerako hizkuntza eta kulturekiko “enpatia erakustea” da prozesuaren gakoa. “Lortu behar dugu gizarte bat non bakoitzak bere kulturan eta hizkuntzan bizitzeko aukera daukan, baina denen arteko hizkuntza euskara den eta ez gaztelania. Dena dela, hizkuntza gutxitua da gurea eta denbora beharko dugu komunitatearen hizkuntza euskara izan dadin”.
Leave a Reply