Olatz Mitxelena
Gurpilak eta olatuak. Moto zaharrak, artea, skate, surfa….Vintage kulturaren zaleak zorioneko dira, Wheels & Waves jaialdian bete-betean murgilduta. 2010ean sortu zutenetik, Miarritzen izan du egoitza nagusia jaialdiak, eta, asteazkenaz geroztik, ehundik gora karpa zabalik dira han. Horrez gain, surf txapelketa egiten ari dira Milady hondartzan, eta, hondartza ondoan, skate parke bat atondu dute jaialdirako propio. Urtetik urtera, baina, hedatzen eta handitzen ari da jaialdia, eta, duela bi urtetik, Jaizkibel mendia motozaleen topaleku izan da Punk’s Peak lasterketari esker. Aurten, beste urrats bat egin, eta Gipuzkoako beste hainbat tokitara hedatu da jaia, igandera bitarte.
Beste bi egoitza topatu ditu jaialdiak: Pasaian bat, eta Donostian beste bat. Lasarteko hipodromoan egin dute aurten lehenbizikoz El Rollo izeneko flat track lasterketa —herenegun, derrapatzeen, hautsaren eta ezinezko maniobren maitaleen gozagarri izan zen—. Pasaian, Art Ride III erakusketa zabalik da gaurtik igandera arte, Trintxerpeko Ziriza etxean. Marka ezagunenetako motoak ikusteko aukera izango da egunotan: BMW, Royal Enfield, Yamaha, Deus… Guztira, 40tik gora ibilgailu, bi, hiru eta lau gurpilekoak; eta, horiez gain, objektu bitxiak, surf oholak, argazki ugari eta ikus-entzunezkoen emanaldiak.
Antzinako ibilgailuen erakusketa osatzeko, nazioarteko zenbait artistak beren lanak zintzilikatu dituzte Trintxerpeko bakailao fabrika izandakoan. Guztira, hamabi artistak hartuko dute parte Art Ride erakusketan; tartean, Nuts ilustratzaile japoniarra, Jay Nelson surflari eta artista plastikoa, amerikar eta custom estetikan espezializatutako Larry Nieheus argazkilaria eta 1999. urtean Espainiako Argazkilaritza Sari Nagusia jaso zuen Alberto Garcia-Alix. Art Ride III erakusketa 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. Sarrerak 5 euro balio du.
Algortako (Getxo, Bizkaia) skate parkearen gaineko historia ezagutarazteko argitaratu berri duten La Kantera lana ere aurkeztuko dute Zirian, erakusketa txiki baten bidez. Argazkiak, kartelak, skate taulak, marrazkiak… askotariko materiala bildu dute Europako bowl enblematikoenetako baten historia ezagutarazteko asmoz.
Pasaiako erakusketak patxadarako aukera eskainiko badu, Jaizkibel mendia adrenalina zaleen topaleku izango da gaur, 11:00etan. 128 motorzalek parte hartuko dute lasterketan, lau kategoriatan, motoen antzinatasunaren arabera sailkatuta. Lasterketa garai bateko paradorearen inguruan izango da, 14:00etatik 17:00etara. Lasterketa aurretik, baina, Jaizkibel ingurua bisitatuko dute motozaleek, horretarako propio antolatutako zeharkaldian. Lasterketak bukatuta, Hondarribira jaitsiko dira, 20:00 aldera. San Pedro eta Butroi pasealekuan aparkatuko dituzte moto guztiak.
Leave a Reply