Kalitate gabeko turista bat nauzu

Danel Agirre

Donostiako udaletxeko sotoren batean daukaten turistak sortzeko makinaren palankari kemen handiegiarekin eragiten hasi, eta biradera eskuan duela geratu zaie langileren bat. Aparatua, berriz, erotu eta kontrolik gabe abiadura hartzen dabil, eguneko milaka katalan, madrildar, frantziar eta estatubatuar ekoizten. Jada ez dago asmatzerik urteroko Bruce Springsteenen kontzertua noiz den, hiria Bruce Springsteenen kontzertu eternal bat delako. Tren azkarra, metroa, aireportu handitua, portua eta falta diren guztiak bukatuko balituzte, bigarren solairu bat egin beharko litzaioke Donostiari. Abantailak baino ez lituzke izango: bisitari saldoez gain, hainbeste faltan sumatzen diren Ikea, Primark, Corte Ingles eta Mercadona pare bat ere zabaldu ahalko lirateke goiko pisuan, eta behekoan ez luke sekula euririk egingo.

Turistak sortzeko makinarekin ari direnek oraindik “hazkunde ordenaturako” tartea ikusten dute, halere. Hiriburuko soberakinak nola edo hala barnealdera bidaltzea da beraien plangintza, “Gipuzkoa marka sendotzea”. Nik ez dakit hondartzan kiskali eta bere banderan sartu diren surflarien oholen artean eslalomak egitera datorren bainulariari eguna Zumalakarregi museoan pasa dezan nola konbentzitzen zaion. Estratega kaskarra naiz: Urretxuko tabernetako gildak Fermin Kalbetonekoak bezain onak edo hobeak diren jakitun, ez nuke asmatuko batetik besterako erromeria hori nola bultza daitekeen esaten.

Baina teknikari trebeek, bidaiariak lurralde osoan zehar sakabanatzeko ideiak bakarrik ez, ezatseginenak uxatuko dituen egitasmoak ere badituzte, antza. “Kalitatezko turismoa” sustatuko omen da gurean, Mediterraneoko zabarkeriarik gabe. Primeran iruditzen zait, baina gureak “kalitatezko turismoaren” esklusiba izan dezala espero dut, eta gainerako bazterretan moda ez bilakatzea. Teknikari trebeen hiztegian begiratu dut, eta “kalitatezko turismoa” lau izarreko hoteletan lotan geratzen direnena omen da, egunero 30 euroko bi otordu egiten dituztenena, etxera bueltatu baino lehen erosketetan ehunka euro batzuk xahutzen dituztenena.

Gauzak horrela, ni batere kalitate gabeko turista naizela esango nuke. Tranpa egin eta pentsioko harreratik makurtuta pasatu ondoren logela doblean lau lagunekin estutzen diren horietakoa nauzu. Bost euro aurreztearren jatetxerik narrasenean jateko gai den munstroa. Are okerrago: mozkorkeria txangoak ere sarriegi egiten jarraitzen duen giza hondakina ere banaiz. Soilik “kalitatezko turismoa” onartzearen ideia zabaltzen bada, udan Aupa Etxebesteak egitea beste irtenbiderik ez zait geratuko. Berez, ez da inongo drama, baina okerrena da “hazkunde ordenatua” eta “Gipuzkoa marka” direla, eta Zarauztik Urretxura bertako lagunekin gilda batzuk jatera joan, eta tabernetan ezin kabitu ibiliko garela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.