Eider Goenaga Lizaso
Miyuki Donostiara etorri da Japoniatik, goi mailako sukaldaritzak erakarrita. “Donostia oso ezaguna da Japonian; batez ere, bere gastronomiagatik. Amestutako jomuga bat zen guretzat”. Donostian, Michelin izardun jatetxeak eta pintxoak ezagutzen dituzte, baina hotelean sagardotegi garaia dela esaten diete, eta Astigarragan egiten dute hurrengo geldialdia. Ordiziko asteazkenetako azokari buruz ere hitz egiten diote Miyukiri, eta bertara joan dira bikotekidea eta biak, trena hartuta. “Asian merkatu asko daude kalean, baina bat ere ez da honelakoa”, dio, bertako nekazariek ekoitzitako produktuen kalitateari erreparatuta. Japoniako beste familia batekin aurkitzen dira Ordizian, Hokkaidokoak,haiek ere azoka ikustera joandakoak.
Miyuki Gipuzkoako turismo marka berriaren iragarki bateko protagonista da, eta haren istorioa turistak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko eraikia dago. Hokkaidoko familia egiazko familia bat da, ordea; iragarkia grabatzen ari zirela Ordizian topatutakoa, eta Donostiara gastronomiak erakarrita etorritakoa. Bideoaren izenburua: Explore San Sebastian Region.
Joan den martxoan, Sevatur turismo azokan aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo marka berria. Logoa eta leloa aldatu dituzte. Visit beharrean Explore da orain; eta Gipuzkoa beharrean, San Sebastian region. Markaren irudiari erreparatuta, kuboekin osatutako Gipuzkoako mapa bat da logo berria, lurraldearen “eskaintza poliedrikoa” islatzen duena eta bertako bi artista handiri —Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza— keinua egin nahi diena.
Ornitorrinco publizitate agentziak diseinatu du marka berria, foru aldundiko Turismo Zuzendaritzaren enkarguz. “Arazo batekin etorri zitzaizkigun: turistak Gipuzkoa ez duela ezagutzen eta, ondorioz, Gipuzkoako eskualdeak turismoari saltzeko zailtasunak daudela. Donostiak halako indarra du, turista guztien arreta fagozitatzen duela”, azaldu du Xabier Ayalak, Ornitorrincoko gerenteak.
Aurretik Visit Gipuzkoa zen turismoa erakartzeko leloa, eta leloari erreparatu zioten lehenbizi marka berria diseinatzeko garaian. “Visit ingelesezko hitza den arren, aurreko kanpaina diseinatu zutenek ulertu zuten edozeinek ulertzeko modukoa zela: visit, visitar, visiter, bisitatu…”. Abiapuntu egokia ikusi zuten horretan Ornitorrincokoek, eta visit ordezkatzeko aditzaren bila hasi ziren.
Bidaia bat zer den eta bidaiariak zer bilatzen duen hausnartu, eta bidaiatzea abentura bilatzea dela, lurralde berriak aurkitzea dela eta esploratzea dela ondorioztatu zuten. “Bidaiariari beti gustatu izan zaizkio ohiko turismo zirkuituetatik kanpoko tokiak; bertakoek aholkatu eta turismo gidetan ez dauden txokoak aurkitzea da bidaiariaren helburua”. Eta hori islatuko zuen kontzeptuaren bila, explore aditza aukeratu zuten. “Visit bezala, explore aditza ere egokia da nazioarteko merkatura zabaltzeko: edonork ulertzeko modukoa, ia edozein hizkuntzatan”.
San Sebastian Region
Donostiako erakartze ahalmenari nola aurre egin; horixe bigarren buruhaustea. Turistak Donostia ezagutzen du, eta Donostiaz gain, agian bizpahiru leku gehiago bisitatzen ditu —Hondarribia, Getaria, Loiola, Arantzazu…—, baina zaila da bisitaria horietatik ateratzea. “Gure ustez Donostia izan daiteke arazo bat, baina aldi berean aukera bat ere ematen digu. Aprobetxatu dezagun Donostiaren izena lurralde guztia saltzeko. Hori egiten dute bilbotarrek, Bilbo Handiaren aterkipean lurralde guztia hartzen dute; eta erdi-txantxetan Kontxa Bilboko hondartza dela esaten dute. Zergatik ez gauza bera egin?”.
Gipuzkoak ezagutzeko moduko toki asko dituen arren, horiek nazioarteko bezeroari saltzea konplexua dela dio Ayalak. “Ikuspegi zabala izan behar dugu. Izan ere, Zumarragako Antiguako ermita oso-oso polita izango da, baina jomuga turistiko bakar gisa, ez du funtzionatzen”. Nazioarteko hainbat ereduri erreparatuta, Gipuzkoa erabili beharrean San Sebastian Region kontzeptuaren aldeko apustua egin zuten publizitate agentziakoak: “Loirako eskualdea edo Akitaniako eskualdea saltzen diren bezala, guk Donostiako eskualdea salduko dugu”.
Aldaketa horrek beldur pixka bat ematen ziela aitortu du Ayalak. “Ez genekien oso ondo jendeak nola hartuko zuen. Denis Itxaso diputatuari eta Maite Cruzado zuzendariari aurkeztu genien, eta gustatu zitzaien; baina gero esan ziguten eskualdeei aurkeztu behar geniela, eurentzat ezinbestekoa zela eskualdeek ere kanpainarekin bat egitea”. Hala, eskualdeetako turismo mankomunitateen aurrean egin zuten aurkezpena Xabier Ayalak berak eta kanpainaren diseinuaren ardura izan duen Jesus Arak. “Beti Donostia, beti Donostiarekin bueltaka… Jendeak hori gaizki har zezakeela pentsatzen genuen. Baina, hamalau bat lagun etorri ziren, eta berehala harrapatu zuten ideia, gustatu zitzaien. Turistek Gipuzkoa ezagutzeko modua zela ikusi zuten, eta bat egin zuten gure ideiarekin”. Ayalaren hitzetan, “inportantea” da eskualdeen iritzia kanpainaren onarpenerako. “Azkenean, eurak dira hau sinistu behar dutenak”
Donostia izena lelotik kanpo gelditzeari buruz ere egin zuten gogoeta. “Baina, nazioartean zabaltzeko lelo bat behar genuen, eta nazioartean euskarazko izena ez, baizik eta San Sebastian izena ezagutzen dute. Beraz, zalantzak izan genituen arren, hori izan zen apustua”.
Eskaintza poliedrikoa
Logoaren koloreek Gipuzkoak eskaintzen dituen itsasoa eta mendia islatzen dituela dio Ayalak; “itsasoa iparrean eta mendia hegoaldean”. Gipuzkoako mapa kuboekin eraikitzeak, berriz, bi arrazoi nagusi ditu. “Batetik, ulertzen dugulako Gipuzkoak itsasoa eta mendia baino askoz gehiago eskaintzen duela, eskaintza poliedrikoa dela: gastronomia, tradizioa, kultura, artea… Ildo horretan, arteari egiten diogu keinua logoarekin. Gipuzkoan bi eskultore handi ditugu, Txillida eta Oteiza, euskal eskulturgintzaren ikurrak biak. Haien lanetan asko erabiltzen dira karratuak eta kuboak, ertz oso markatuak, eta hori ere islatu dugu”.
Kuboekin lurraldeko mapa egiteak, bestalde, leloan agertzen ez den Gipuzkoa hitza ordezkatu nahi duela azaldu du Ayalak. “Nik uste dut eskualdeetan ondo hartu zutela leloa, logoak Gipuzkoa oso garbi islatzen duelako, eta oreka bat dagoelako”.
Marka eraikita, orain marka hori zabaldu eta ezagutarazteko garaia da. Ayalak itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: ohiko bideetatik zein sare sozialetatik Explore San Sebastian Region leloa zabaltzen ari dela eta emaitzak izango dituela iritzi dio.
Leave a Reply