Artxiboan barrena

Artxiboan barrena

Asier Imaz

Notario funtsei dagokienez, Gipuzkoa lau zatitan banaturik dago gaur egun: Azpeitia, Bergara eta Donostiako barrutiak, batetik, eta Tolosakoa, bestetik. Lehen hiruren egoitza Oñatin dago. Tolosako barrutiarena, berriz, Andoain, Tolosaldea eta Goierriko zati bat hartzen dituena, Tolosan. Egoitza horiek ez dira notario funtsen gordetegiak soilik; hala erakutsi zuten joan den astean herritarrentzat egin zuten bisitan.

2007tik, ekainaren 9an ospatzen da Artxiboen Nazioarteko Eguna, urtero. Hain zuzen ere, Tolosan eta Oñatin bisita gidatuak antolatu zituzten efemeride horren harira; Gipuzkoako Artxibo Orokorrean eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan.

Artxiboari buruzko aurkezpen batekin hasi zen Tolosako bisita gidatua. Historia, eginkizunak eta funtsak deskribatu zituzten ikus-entzunezkoan. XVI. mendetik XX.era bitarteko jatorrizko agiriak ikusteko aukera eskaini zuten ondoren, baita Gipuzkoako armarriaren bilakaera ezagutzekoa ere. Amaieran, sarbide mugatuko hainbat eremu erakutsi zituzten: gordailuak, lanerako gelak eta zaharberritzeko laborategia, adibidez. Dokumentuak nola zaharberritzen dituzten azaldu zuten azken gune horretan.

GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Azken urteotan digitalizatu eta edonoren eskura jarri dute ondare historiko guztia, Artxiboataria.gipuzkoa.eus webgunean. Hartan kontsultatu daitezke Tolosa eta Oñatiko dokumentuak.

Kokalekua eta historia

Tolosako San Frantzisko ibiltokian dago Gipuzkoako Artxibo Orokorra, izen bereko elizaren ondoan. 1904an eraiki zuten, eta berritzeko lanak egin zituzten 1986tik 1990era eta 2018an. Bost solairu ditu, eta 3.000 metro koadroko azalera erabilgarria, XV. mendetik XX.era arteko agiriak gordetzeko, bai euskarri tradizionalean, bai digitalean. Gaur egun, zortzi agiri biltegik hartzen dute eremuaren erdia baino gehiago.

GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Gipuzkoako foru erakundeen artxibo historikoa da Gipuzkoako Artxibo Orokorra; hau da, Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren artxiboa da. XIV. mendean sortu zuten, Gipuzkoako Anaitasunarekin batera. Ez zuen izan egoitza finkorik, harik eta 1530eko maiatzaren 4an Batzar Nagusiek, Zumaian bildurik, artxiboa Tolosako Andre Maria elizara eramatea erabaki zuten arte. Han iraun zuen 1904an aldundiak San Frantzisko ibiltokiko artxibo etxea egin zuen arte. XX. mendean, jatorrizko artxibo horri erantsi zitzaizkion Gipuzkoako Korregimenduaren artxiboa, Tolosako notariotza barrutiko protokoloak, eta beste zenbait artxibo eta agiri bilduma, publikoak eta pribatuak.

Gipuzkoako Artxibo Orokorrera lehenengo aldiz sartzeko, nortasun agiria edo balio bereko agiriren bat besterik ez da behar gaur egun. Barruan, hango agiriei buruzko informazioa, liburutegi osagarria, agirien kopiak, zaharberritze lanak eta artxibo alorreko aholkularitza aurkituko ditu erabiltzaileak.

GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Artxiboataria.gipuzkoa.eus webguneari dagokionez, familien zuhaitz genealogikoa da tresnarik azpimarragarrienetako bat. Bilaketan aurrera egiteko, 715.000 erreferentzia baino gehiago eta hiru milioi irudi eta dokumentu baino gehiago ditu Gipuzkoako Artxibo Atariak. Arbasoak identifika daitezke hor, abizenak, gurasoen izenak, eta zer herritan jaio, ezkondu edo hil ziren.

Informazio gehigarria

Ikerketa bati ekiteko, lagungarria da 1900. urtea baino lehen jaiotako arbasoren baten izena jakitea. Informazio hori eskura izanez gero, datu guztiak aurki daitezke arbaso horien sakramentu, bataio, ezkontza edo heriotza liburuetan —Mendezmende.org edo Dokuklik.euskadi.eus atarietan kontsulta daitezke—. Arbasoak identifikatu ondoren, beste jauzi bat ere egin daiteke, dokumentuak Gipuzkoako Artxibo Orokorrean eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan bilatuz, eta haien jarduera publiko eta pribatuen berri jakin; haien bizitzaren berri, azken batean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.