Emakume surflariak ahalduntzeko bilgune

Emakume surflariak ahalduntzeko bilgune

Maialen Etxaniz

Surfaren herria da Zarautz, eta asteburu honetan ekitaldi berezi bat izango da. Izan ere, Emakumea Surflari egitasmoaren udaberriko topaketa egingo dute bihar. June Torrealdaik eta Lo Eizagirrek abiarazi zuten egitasmoa, 2014an, kirol arloan identifikatutako behar bat aintzat hartuta. Surflari profesionala izandakoa da Eizagirre, eta futbolari izandakoa Torrealdai. Azken hori futbola utzi ostean hasi zen surfaren munduan murgiltzen, eta Eizagirrerekin egindako hausnarketetatik sortu zen, duela ia hamar urte, ahalduntze ekimena.

Torrealdaik kontatu duenez, hondartzan zeuden egun batean hasi zen dena, emakumeen kirolaz eta surfaz hizketan hasi ziren egun batean. “Oker ez banago, Zarauzko plaieroetako final batean hasi ginen gaiaz hizketan. Lo [Eizagirre] surfean lehiatzen zen orduan. Ni futbola utzita nengoen, eta surfean aritzen nintzen. Ikusi genuen emakume gutxi ibiltzen zela itsasoan, eta horri buelta bat emateko beharra zegoela identifikatu genuen; zerbait egin behar zela”. Hainbat emakume eta kirol talderekin harremanetan jarri ziren segidan. “Ordurako martxan zegoen Patri Espinarrek sustatutako Emakumea Pilotari taldea, eta haren ereduari jarraituz hasi ginen martxan”.

“Emakumeen ikusgaitasuna sustatzea, itsasoan ahalduntzeko tresnak eskaintzea eta emakumeen arteko saretzea bultzatzea”, hori da Emakumea Surflari egitasmoaren xedea. “Eta baita ahalduntze integrala lortzea ere, arlo fisikoan eta emozionalean”. Hain zuzen, emakumeak elkartu, kirola eginez elkarrekin gozatu, eta loturak sortu nahi dituzte. Askotariko ekintzak egiten dituzte horretarako: besteak beste, Deban, Donostian, Zarautzen, Zumaian eta Orion.

Lan ildoak sortzen

“Oinarrizko ikastaroak” antolatzen hasi ziren proiektua sortu berritan, baina “bestelako ekintza batzuk” ere egiten dituzte gaur egun. “Udaberria eta udazkena izaten dira ikastaroen aroa, eta berrehun emakume inguru elkartzen gara horietan”. Topaketa bat egiten dute udaberriko ekintzak amaitzean. “Eta, hain zuzen ere, horixe egingo dugu [bihar] Zarautzen”. Udazkenean jarraituko dituzte ikastaroak, eta Torrealdaik zehaztu du bazkari bat egingo dutela amaieran. Yoga, entrenamendu funtzionalak, skate ikastaroak, neska gaztetxoak ahalduntzeko surf-skate ikastaroak… Horrelakoak ere egiten dituzte. Espetxeetara ere joaten direla kontatu du Torrealdaik: “Leku askotatik deitzen digute ikastaroak eta ahalduntzeko saioak emateko; kartzeletatik ere bai, hainbat entrenamendu pertsonal egiteko. Geroz eta lan ildo eta adar gehiago jorratzen ditugu”. Torrealdaik dio helburua dela “geroz eta emakume gehiago animatzea” egitasmoan aritzeko: “Emakumeen arteko ahalduntzea dugu helburu. Oxala egunen batean horrelako egitasmoak beharko ez balira, baina utopikoa da hori”. Azken urteotako ibilbidea “oso ona” izan dela irizten diote proiektuaren bi sustatzaileek. “Lehen topaketan, hogei emakume animatu ziren, eta hori asko zen guretzat; ez genuen espero”. Hurrengo urtean, halako bi izan ziren, eta Torrealdaik jakinarazi du parte hartzaile gehiago direla urtez urte. “Gaur egun zenbait emakumek ezin izaten dute parte hartu ekintzetan, begirale titulua duen jendea falta zaigulako”.

Topaketek, harrera ona

Egitarau oparoa prestatu dute biharko, eta “primerako harrera” egin diote zaleek: leku guztiak bete egin dira. Munoa plazan egingo dituzte ekintza gehienak, baina hondartzara ere jaitsiko dira zenbait jarduera egitera. Goizean goiz, esaterako, yoga egingo dute han. Ikastaroen txanda izango da ondoren; longboard, wavesky eta bodyboard ikastaroak egingo dituzte. Jolasak egingo dituzte jarraian, Munoa plazan, eta bazkaria eguerdian, Arrano Kabian. “Dozenaka” emakume elkartuko direla aurreikusi dute sustatzaileek.

Eguna borobiltzeko, musika izango dute Zarautzen, 18:00etatik 22:00etara: Ginger, Rablondy eta DJ Anais ariko dira Munoa plazan. “Gingerreko musikariak emakume surflariak dira, eta eguna amaitzeko zer hoberik haien kontzertuarekin gozatzea baino!”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.