M. Garate
“Badirudi eskubide guztiak lortuta daudela eta errespetatzen direla, baina oraindik izugarrizko lana dago egiteko”. Jokin Esnaola Gehitu Euskal Herriko LGTBI elkartearen bi koordinatzaileetako baten hitzak dira horiek. LBTBIfobiaren erakusle diren zenbait kasu ekarri ditu gogora: tartean, maiatzean Villabona-Amasan izandako eraso homofoboa. Urte hasieran, hitzarmen bat sinatu zuen Gehituk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, LGTBIfobiaren aurka egiteko.
Esnaolak azaldu duenez, duela bizpahiru urtetik Gipuzkoako Foru Aldundiaren aniztasun planean parte hartzen du elkarteak, askotariko beste elkarte batzuekin batera. “Baina Gipuzkoako Diputazioarekin ez genuen bestelako proiekturik, eta Giza Eskubideen Sailarekin elkartzen hasi ginen. Hor sortu zen hitzarmena egiteko aukera”. Eusko Jaurlaritzarekin, berriz, bi proiektu nagusi ditu: Berdindu programa —haren bidez, besteak beste, ikastetxeetan lan egiten du— eta Eraberean sarea —askotariko diskriminazioei aurre egin nahi dien proiektua—.
LGTBIfobiaren aurka egiteko helburu horretan, prestakuntza izango da adarretako bat. “Berdindu programaren bidez, ikastetxeetara joateko aukera dugu, baina hezitzaileen artean ere ikusten dugu gabezia moduko bat”. Aisialdi taldeetan, gaztelekuetan, ludoteketan eta abarretan lan egin nahi dute. “Adin guztiak hartzen saiatzen gara. Nerabeekin, adibidez, lan handia dago egiteko”. Sentsibilizazioari eta ikusgaitasunari lotuta, berriz, besteak beste, mahai inguruak, bertso bollo saioak eta liburu aurkezpenak egingo dituzte.
Donostiatik kanpo ere bai
Esnaolaren esanetan, jarduera eta ekitaldi horietan, beharrezkotzat jotzen dute “deszentralizatzea”. “Ikusten dugu Donostialdean nahiko aseta dagoela eskaintza, baina herrietan oraindik falta da, lan handia dago egiteko”. Hain zuzen, 2018an egindako LGTBI+ populazioaren errealitateen diagnostikoa Gipuzkoan txostenean ere ageri da herri txikietan egoera okerragoa dutela kolektibokoek, eta hainbatek jaioterria uzten dutela anonimo izateko eta beren sexualitatea modu libre eta beteagoan garatzeko.
Urtero, ekainaren 28an izaten da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta Esnaolak esan du aurten “oso pozik” daudela. Mahai moduko bat sortu dugu, eta hainbat elkartek elkarrekin prestatu ditugu ekintzak, begirada guztiak eta lan egiteko bakoitzaren moduak errespetatuz”. Arlo horretan sakontzeko beharra ikusten du Gehituko koordinatzaileak. “LGTBIQ+ elkarteen eta elkarte transfeministen inguruko mapatze bat egitea planteatu dugu, elkarteok elkarren inguruko informazioa izateko. Horrek lagun diezaguke, adibidez, gugana laguntza bila etortzen den jendea hobeto bideratzen”.
Leave a Reply