Eider Beobide eta Maria Oses: “Maitasuna esploratu nahi genuen, besteen esanetatik eta guretik”

Eider Beobide eta Maria Oses: “Maitasuna esploratu nahi genuen, besteen esanetatik eta guretik”

Miren Garate

Azpeitiko Udalak ematen dituen sorkuntza beketako bat lortu zuten Maria Oses (Arrasate, 2000) eta Eider Beobide (Donostia, 2000) itzultzaileek, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak kudeatzen duen Dinamoa sormen gunean aritu dira beren emanaldia prestatzen. Hantxe bertan egingo dute estreinaldia, igandean, 12:00etan. Intsumisoena izena jarri diote lanari. Azaldu dute lanak jorratzen duela, besteak beste, zer den maitasunaren intsumiso izatea eta zer maitasunean arauetatik ateratzea.

Igandean egingo duzue Intsumisoena emanaldiaren estreinaldia. Zer-nolako lana da?

MARIA OSES: Literatur itzulpenetan eta sorkuntzetan oinarritutako emanaldi bat izango da. Literatur itzulpenak esaten dugunean, ez gara ari hizketan liburuei buruz bakarrik; ikus-entzunezko lanak eta bestelakoak ere hartu ditugu. Gure erreferentzia diren egileak eta edukiak ekarri nahi izan ditugu euskarara, eta horiei gure sorkuntza batzuk batuta osatu dugu emanaldia. Ildo edo oinarri moduan, berriz, maitasuna hartu dugu.

EIDER BEOBIDE: Itzulpengintza ikasi dugu biok, eta hortik ezagutzen dugu elkar. Iruditzen zitzaigun garrantzitsua dela beste hizkuntzetan irakurtzen edo ikusten genituenak euskarara ekartzea. Gure sorkuntzak ere sartu ditugu, baina zatirik handiena itzulpenek osatzen dute. Itzulpenak ere guk egindakoak dira, ez lehendik euskaraz zeudenak.

Zer egileren lanak itzuli dituzue zuen obrarako?

BEOBIDE: Gaztelaniatik, ingelesetik eta frantsesetik egin ditugu itzulpenak. Jende askoren lanak itzuli ditugu: Elena Codes Kordobako idazlearenak, Lo que hay liburua idatzi duen Sara Torresenak, Leonor Cervantes idazlearenak, Fleabag telesailekoak, Dominique Jackson Pose telesaileko protagonistetako bat ere agertzen da…

Nola egituratu duzue emanaldia?

OSES: Geuk ere egitura argiago izateko, lau zatitan banatu dugu emanaldia: maitasunaren hasiera; gorputza eta sexua; identitatea eta autoestimua; eta maitasunaren itxiera edo nostalgia. Zati bakoitzean, itzulpenak eta guk sortutako testu bat egongo dira; hau da, bina testu sortu ditugu. Besteena itzultzea polita da, baina gure ekarpen hori erabiliko dugu guk kontua nola ikusten dugun azaltzeko edo zatia biribiltzeko.

Oholtzan egongo zarete zeuek?

BEOBIDE: Bai, zati batzuetan barrurago, eta besteetan, kanporago. Gauza batzuk grabatuta egongo dira, luparekin ere jolastuko gara, proiektore bat egongo da… Irudiak, bideoak eta hitzak biltzen ditu emanaldiak.

OSES: Proiektua aurkeztu genuenean, hasieran, musikak zentralitate handiagoa izango zuela uste genuen, baina azkenean ahotsak hartu du protagonismoa. Musika badago, baina, batez ere, hitzei laguntzeko.

Ildo nagusi moduan maitasuna hartu duzuela esan duzue. Zer kontatu edo landu nahi izan duzue?

OSES: Beti esaten genuen zerbait sortu behar genuela elkarrekin. Itzulpengintza da komunean ditugun puntuetako bat, eta, horrez gain, maitasunarekiko sentsibilitate bat izatea ere bai. Gai hori beti interesatu izan zaigu bioi: ez maitasun erromantikoa, baizik eta maitasuna eguneroko zerbait bezala. Maitasunari buruzko kontzeptu nahiko komuna dugu biok.

BEOBIDE: Unibertsitatean geundenean, elkarrekin bizi ginen, eta konturatu ginen maitasunaren inguruan asko hitz egiten genuela eta aztertu nahi genuela.

Emanaldiari Intsumisoena izena jarri diozue. Zer lotura du maitasunarekin?

OSES: Oskorriren abestia ere hor dago, eta kontzeptu bezala ere indartsua iruditzen zitzaigun: maitasunari buruz hitz egiten dugunean, beti sortzen dira dominazio eta sumisio dinamikak, eta, joko horretan, intsumisoaren ideia polita iruditzen zitzaigun; hortik abiatuta, zer da maitasunaren intsumiso izatea, zer maitasunean arauetatik ateratzea…? Maitasuna esploratu nahi genuen, besteen esanetatik eta guretik.

BEOBIDE: Maitasunean ezarritakoaren aurka doana… Hortik doa emanaldia.

Igandean izango da estreinaldia. Nolakoa izango da?

OSES: Guretzat prozesu bat izan da hau. Igandeko emanaldia ere ez da izango lazo batekin datorren opari bat bezalakoa, ez da “tori, hemen duzue” moduko bat. Erakutsiko dugu prozesu hori nola bizi izan dugun, zertan ibili garen eta noraino heldu garen. Bideak nora eraman gaituen erakutsi nahi dugu.

BEOBIDE: Guk beti itzuli izan dugu guretzat edo elkarri erakusteko. Emanaldia Dinamoan egingo dugu, lan egin dugun tokian bertan, eta intimotasun horretan erakutsiko dugu zer itzultzen dugun, zein iruditzen zaizkigun erreferenteak eta abar.

Sorkuntza beka bat izan duzue emanaldia prestatzeko. Zertan lagundu dizue?

BEOBIDE: Beti esaten genuen zerbait egin behar genuela elkarrekin, baina nik uste dut beka hau gabe ez ginela geldituko zerbait hori egiteko. Honek eman digu pausa hori, etxe bat lan egin ahal izateko, lasaitasuna eta behar genuena eskatzeko konfiantza. Elkarrekin egoteko eta elkarrekin sortzeko aukera eman digu. Emaitza garrantzitsua da, baina garrantzitsuena prozesua bera izan da.

OSES: Eman diguten konfiantzak asko lagundu digu. Etorri, esploratu, bideak nora eramaten gaituen ikusi… Batez ere, eman digu aitzakia bat denbora eskaintzeko sorkuntzari; bestela, askotan ez duzu halakorik egiten.

Beste laguntzarik izan duzue?

OSES: Olatz Beobidek lagundu digu eszenan nola jarri eta halako kontuekin; Manu Gaigne musikariak ahotsarekin nola jolastu erakutsi digu; eta Idoia Asurmendik musikarekin lagundu digu. Eta lagunak ere hor izan ditugu ideiak ematen… Ederra izan da, aitzakia bat izan baita ere jendearekin elkartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.