Urtero gutxienez pare bat parranda amaigabe eta narrats egitea gustatzen zait, ostiral edo larunbat arratsaldean hasi eta hurrengo eguneko ilunabarrean oheratu arte. Behobiako erromesaldi bigorexikoaren edo Itziarrera bidean ospatu ohi den gaupasa zintzoaren jarraitzaile leialek bezala, usadioei tinko eustea garrantzitsua deritzot. Duela pare bat aste egindako 2013ko lehen jinkanatik osatu berritan, dagoeneko gehiagorako gogoz nabil. Aurten bizpahiru ez, bospasei eroriko direla uste dut.
Tabernazulo bateko komunean hauts zuriz betetako poltsatxoarekin irudikatu nauzu ziur aski, ahoa zabal-zabalik, matrailezurra dantzan eta begi niniak gorri-gorri ditudala. Oker zaude, orduak eta orduak esna emateko ez baitago label kolonbiarreko produktuetara jo beharrik. Ez halabeharrez behintzat. Supermerkatuetan horrenbeste ugaldutako edabe energetikoak dira orain festazaleen akuilu eraginkorrenak.
Betirako nerabe jarraitu nahi dugun barrako beteranook oso noizean behin baliatzen ditugu freskagarri magikoak. Zinez gaztetxo direnek, ordea, ez diete batere beldurrik haiei. Eguneroko dietan txertatu dituzte, eta barra-barra kontsumitu ere bai.
Poto energetiko bakoitzak dituen estimulatzaile eta beste osagai artifizialen zerrenda irakurri eta David de Jorgek —hori bai tipoa, dedio!— ostiralero bere saioan berdintzen dituen txerrikeriez oroitzen naiz. Ez dira bi aste BERRIAn aditu batek horrelako edabeak kontrolik gabe edateak sor ditzakeen arazoez ohartarazi zuenetik.
Ez nuke moralista plantarik egin nahi. Gibela, giltzurrunak eta beste hainbat organo gupida gabe modu kontzientean zigortzen dituenarengandik sermoiak entzutea penagarria litzateke. Baina susmoa daukat neska-mutikoek droga ezagunenei beldurra izan diezaieten indar askotxo galtzen dugula, hori baino askoz eremu garrantzitsuagoak batere landu gabe.
Izan ere, eskolek elikadurari buruzko ikasgai finkorik gabe jarraitzen dute. Etxea teilatutik hasita eraiki zale garenez, goi mailako sukaldaritzari buruzko fakultate ezin apainagoa daukagu Donostian, eta haurrak txangoetan-eta hara joan ohi dira, sakelako berriarekin plater dotoreen alboan gurasoentzat argazki politak egitera. Erro karratuak kalkulatzeko sasoira marrubi eskukada bat dastatu gabe iristen dira ordea ikasle asko, eta lepoa jokatuko nuke unibertsitatean hasten direnen %70ek ez dutela alkatxofa platerkada bat bukatu.
Speeda, estasia edo kokaina kaka eginda probatuko dituzte lehenbizikoz, institutuko hitzaldiak gogoan. Azkenean, McDonalds-en lagunekin afaltzen laga zietenean edo Jagermeister-a Red Bull-arekin nahastuta estreinakoz edandakoan sentitutako zirrara errugabearengandik oso ezberdina izango da.