Bertsolariak eta idazleak

Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan nengoela —Gipuzkoako hiriburuko auzo bateko txoko txiki batean zehazki, inguruan nagusi izan ohi den karral-karral etengabetik babestuta—, ekarri zituen solasak, gure kultura-parajeotako kontu txikiez ari ginela, bertsolarien eta idazleen arteko antzak eta aldeak, harremanak eta ezinikusiak, mirespenak eta gutxiespenak, sinbiosiak eta inbidiak.

Amorruz eta inbidiaz begiratzen ote diegu, gurean, idazleok bertsolariei, pentsatuz geurea behar lukeen protagonismo mediatikoa kentzen digutela, geurea behar lukeen distiraren zati bat lapurtzen digutela?

Ez daukat solasaren gorabehera guztien berri ematerik, baina neuk gaiari buruz egin dudan hausnarketaren zertzelada batzuk ekarriko ditut lerrootara.

Motibo asko ditugu idazleok bertsolariei inbidia izateko, eta baliteke inbidia horrek lekuz kanpoko adierazpen itsusi eta zabarrei eman izana bidea, pribatuan publikoan baino gehiago. Baina bertsolariek ondo merezia dute lortu duten —lortzen ari diren— guztia, eta ez da gutxi. Nork ukatuko du bertsolaritzaren gaur egungo maila eta bertsolaritzak euskarari eta euskal kulturari egin dion —eta egiten ari zaion— ekarpena? Gainera, benetan dira familia bat —hitzaren zentzurik onenean, zentzu onik izan dezakeenik onartzen bazait—, eta hori ere meritu handia da. Ni, kazetari lanetan, Zumaian izan nintzen Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakari izendatu zutenean, 2005ean, eta han garbi ikusi nuen ez dagoela batere tranparik bertsolariek transmititzen duten haurridetasun irudi trinkoan.

Arazoa sortzen da bertsolaritza euskaltasuna ulertzeko modu jakin baten topikoetara eramaten denean. Behialako kafe iragarki pozoitsu —baina esanguratsu— hartan bezala: “Hemen kafeari XXXXX esaten diogu. Hemen poesiari bertso esaten diogu”. Ez ba, andrea, ez ba, jauna! Hemen poesiari poesia esaten diogu.

Euskal Herriari buruzko argazki liburu baten azalean harri jasotzaile bat agertzearen pareko zerbait ez al dago hor? Exotizazioa, alegia. Gaitz erdi erdaldunen kontua baino ez balitz, baina euskaldun askoren artean ere ez ote dago zabaldua euskaltasunaren estereotipo hori? Hau da, gure kultura exotismoak egiten duela interesgarri eta indartsu, eta exotismo horren parte dela agrafoa, edo behintzat nagusiki ahozkoa, izatea…? Eta bertsolaritza, jakina, ikuspegi horren gailur distiranta?

Berriz esanda: ez da inola ere bertsolariek sortutako distortsioa, gure kulturaren pertzepzioan lehendik datorren okerra baizik, oker gero eta okerrago eta konpongaitzagoa, beharbada.

Alderantzizko aurreiritzirik ere badelakoan nago. Literatura idatzia jo izan da, azken mendeetako Mendebaldean bederen, edozein kulturaren adierazpen gorentzat, termometro nagusitzat, eta ahozkoa gutxietsi. Teknikoki edo formalki adierazpide mugatuagoa da bertsolaritza literatura baino, egia da hori, baina, ikuspegi zabalago batetik begiratuta, baditu kultura-adierazpen gisa literaturak ez dituen ahalmenak eta aberastasunak ere. Agian hor badugu zer desikasi idazle gehienok.

Azkenean, auzi honetan, gehienetan bezala —bai, baina ez; ez, baina bai…—, dena tamaina kontua izango da, Iñaki Segurolak USErako (Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziorako) kendu dioten testuan esan/desesan zuen bezala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.