Esperientzia “oso” bat

Esperientzia “oso” bat

Miren Garate

Gureak taldeko Oinarrizko Lanbide Heziketan ari diren eta desgaitasunak dituzten hamabi ikaslek Finlandian praktikak egiteko aukera izan dute. Erasmusplus programaren barruan, bi aste egin dituzte herrialde hartan, eta supermerkatu batean aritu dira lanean. “Praktikak egiteaz gain, esperientzia oso bat bizitzen dute”, esan du Zigor Sagardui Gureak taldeko prestakuntza arduradunak. Izan ere, apartamentu batean egoten dira, eta ikasleek beraiek arduratu behar izaten dute erosketa egiteaz, otorduak prestatzeaz, garbiketaz… “Batzuentzat, gainera, atzerrira egiten duten lehen bidaia da, eta hegazkina hartzen eta abar ere ikasten dute”.

2019an jarri zuen martxan Oinarrizko Lanbide Heziketa Gureak taldeak, eta bi adar ditu: merkataritzakoa eta administraziokoa. 16 urtetik 25 urte artekoak dira ikasle gehienak, eta beste hezkuntza baliabide batzuetatik bideratzen dituzte Gureak taldera. “Egokitutako Lanbide Heziketa da, eta ordutegiak eta materiala egokitzen saiatzen gara”, kontatu du Sagarduik. Haren esanetan, beharrezkotzat ikusten zuten Erasmus programa ere eskaintzea. “Gurea ere Lanbide Heziketa denez, iruditzen zitzaigun guk ere eman behar genuela atzerrian esperientzia bat bizitzeko aukera”.

2019an bertan joan ziren lehen ikasleak atzerrira, eta, aurten joan direnak ere kontuan hartuta, guztira 24 ikasle izan dira Finlandian orain arte —aurreko bi urteetan, pandemiagatik, ez zuten joaterik izan—. “Hango zentroekin bagenituen harremanak, eta horregatik hautatu genuen Finlandia”. Ikasleak bidaltzeaz gain, herrialde hartako ikasleak ere hartzen ditu Gureak taldeak.

Beste herrialdeetako joerak

Era berean, irakasleak ere joan ohi dira atzerriko zentroetara. “Aberasgarria da beste herrialde batzuetan desgaitasuna duten pertsonen prestakuntza nola antolatzen duten ikustea, hitzarmenak nola egiten dituzten jakitea…”. Finlandian, Estonian eta Alemanian izan dira Gureakeko hezitzaileak, eta datorren urtean ikasleei Estonian praktikak egiteko aukera ematen saiatuko dira.

GUREAK

Herrialdez herrialde zenbait alde igartzen dituztela esan du Sagarduik. “Estonian, adibidez, digitalizazioan aurreratuago daude, baina lan munduratzearen tasak gureak baino txikiagoak dira. Ikasketak amaituta, asko eguneko zentroetara joaten dira, edo etxera”. Orain arte, bi promoziok amaitu dituzte Gureak taldearen Lanbide Heziketako ikasketak, eta %60k lortu dute lana.

“Oso gomendagarria”

Sagarduik azaldu du hurrengo urteetan ere badutela Erasmus programa antolatzen jarraitzeko asmoa. “Orain arteko egonaldien balorazio oso positiboa egiten dugu”. Aurten Finlandian egon diren ikasleetako bi dira Elena Eiroa eta Hortensia Garcia, eta, haien ustez ere, “oso gomendagarria” izan da esperientzia.

Administraritza ikasten ari da Eiroa, eta merkataritza Garcia. Lauko taldeetan egon dira Gureak taldeko ikasleak Finlandian, hiri banatan eta laguntzaile banarekin. Sinajoki hirira joatea egokitu zitzaien Eiroari eta Garciari, eta hango supermerkatu batean egin zituzten praktikak. “Oso handia zen supermerkatua. Produktuak jartzen genituen, palaz kaxa hutsak biltegira eraman eta bota, norbera babesteko ekipamenduekin lan egin dugu…”. Batik bat, prezioek harritu dituztela esan dute. “Zerealen kaxa batek 11 euro balio zituen”. Eta ordutegiek ere bai. “Oso-oso goiz bazkaltzen dute”.

Goizez egiten zituzten praktikak, eta arratsaldean bestelako jarduera batzuk egiteko baliatzen zituzten. “Hiria asko gustatu zitzaigun: basoak, lakua… Bolatoki batean ere izan ginen, eta barbakoa batera ere gonbidatu gintuzten”. Bi ikasleen esanetan, elkarrekin oso ondo konpondu ziren. “Batzuek oheak egiten zituzten, besteek komuna garbitu, mahaia jaso…”. Eta lankide finlandiarrek ere oso ondo hartu zituztela diote. “Oso atseginak ziren gurekin, bila etortzen zitzaizkigun apartamentura, eta lanean ere asko laguntzen ziguten”.

Datorren urtea dute azkeneko ikasturtea Eiroak nahiz Garciak, eta, ikasketak amaitu ostean, lanean hastea gustatuko litzaiekeela adierazi dute biek. Finlandian bizi izandako esperientziaren ostean supermerkatu batean lan egitea ere gustatuko litzaiekeela adierazi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.