Olio zikina, garbigarri

Olio zikina, garbigarri

K. Garralda Zubimendi

Gehienak xaboi konpainien mende daude. Izan etxea, arropak edo nork bere burua garbitzeko, beharrezkoa da xaboia. Baina inor gutxik du etxean ekoizteko aukera. Zaldibiako Aske talde feministako kideek, ordea, frogatu dute ez dela hain zaila, ezagutza falta dela. Egoera irauli eta etxeko burujabetzan aurrerapausoak emateko, iaz bezala xaboia egiteko ikastaro bat antolatu dute aurten ere herrian.

Joan den ostiralean egin zuten lehen saioa, eta bederatzi lagun elkartu ziren. Denen buru, Aiora Urbieta Eizagirre aizarnarra. Ez da kimikaria, sendabelarretan aditua baizik. “15 urte nituela hasi nintzen sendabelarren inguruan ikasten”, oroitu du. Produktu naturalekin botikak egiten hasi eta eguneroko produktuak ekoizten ditu orain. Olioarekin xaboia egiten du, esaterako. Olio zikinarekin, zehazki.

Urbietak azaldu du lau produktu behar direla olioa xaboi bilakatzeko: olioa, ura, soda kaustikoa eta gatza. Aurrena, ura eta soda nahastu behar dira; olio zaharra gaineratu behar zaio gero, eta, azkenik, irabiatu. Nahastean, olioaren gantzek erreakzionatu egiten dute; “saponifikazioa” gertatzen da. Hau da, xaboi bilakatzen da. “Kantitatearen arabera, erabilera bat edo beste bat izan dezake. Soda gutxi badu, azala garbitzeko ere balio dezake”, esan du Urbietak. Zaldibiarrek ostiralean egin zutena zorua garbitzeko pentsatuta dago; kilo bat olioko 160 gramo soda erabili dituzte. Soda gehiegi izanez gero, korrosiboa da, eta gorputza, barru eta kanpo, erre egin dezake.

XABOIA ETA OLIOA

“Oso garrantzitsua da ondo aireztatutako espazio batean egitea xaboia”, ohartarazi du irakasleak. Zaldibian, Zubi-buru elkartean bildu ziren, eta atea irekita egin zuten ikastaroa. Gainera, betaurrekoak, eskularruak eta maskara erabili zituzten. “Xaboiak egiteko materiala horretarako bakarrik erabiliko dugu. Xaboiak egin ondoren, ondo garbituko ditugu material guztia eta zikindutako txokoak”, gaineratu du. Baskula, koilarak, lapikoa, kristalezko katilu bat, irabiagailua, termometroa…

Azalerako arriskutsua den arren, Urbietak zehaztu du etxean ekoitzitako xaboia ez dela hain erasokorra, “produktu kimiko gutxiago dituelako”. Xaboi industrialek azalaren Ph-a aldatu eta dermatitisa eragin dezakete.

Era berean, xaboi industrialek baino substantzia kimiko gutxiago izanda, ingurumenerako jasangarriagoa ere bada etxean ekoitzitako xaboia. Garbigarri bat den arren, paradoxikoki, zikindu egiten du xaboiak. “Ez da produktu biodegradagarria, eta ura kutsatzen du. Olio zikinak bezala, gutxi gorabehera”. Olioa harraskatik behera botaz gero, ibaietako urak zikintzeko arriskua dago, eta, besteak beste horregatik, araztegietan tratatu behar izaten dituzte etxeetako ur zikinak. Etxean ekoitzitako xaboiarekin kontaktuan izandako ura ere garbitu beharra dago, baina lagungarria da hondakin gutxiago sortzeko.

Partaideak, emakumeak

Ostiralean Zaldibian elkartutako guztiak emakumeak izan ziren, eta, Urbietaren ustez, ez da kasualitatea. “Honek frogatzen du etxeko lanak oraindik ere emakumeen ardura direla”. Gipuzkoan aurrera eta atzera ibiltzen da aizarnarra, eta toki gehienetan hala gertatzen dela esan du. “Gaztetxeetan egindako saioetan, gizon gehiago izaten da. Baina, hala ere, gutxiengoa izaten dira”. Bitxikeria gisa, kontatu du gertatu izan zaiola pentsatzea soilik emakumeei bideratutako saioak direla, gizonek ezin izaten dutela sartu. Baina ez da hala; saio irekiak dira denak.

Gaur egingo dute bigarren saioa. Gaur zortzi egindako xaboiak banatuko dituzte, batetik, olioaren, uraren, sodaren eta gatzaren arteko nahasketak denbora behar baitu gogortzeko. Eta bestelako produktuak etxean nola ekoitzi ere ikasiko dute, bestetik. Leungarriak eta lurrinak egin daitezke etxeko hondakinekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.