Musika eskolatik at ere, goxo

Musika eskolatik at ere, goxo

Urko Etxebeste

Oiartzualdeko Matraka musika elkarteak musika eskoletan euren bidea bukatzen ari direnei aukera eman nahi die artista ibilbidea jarrai dezaten. Ikasle horiek, maiz, eremu formaleko musika ikasketak bukatzen dituztenean, ez dute nora joan instrumentuak astintzen jarraitzeko. Matrakakoek euren baliabideak ematen dizkiete interesgarri diren musika proiektuei eta norbanakoei. “Nahi dugu gurekin kontaktuan jartzen den pertsonak ezagutu gaitzala, eta, beharren arabera, haiekin kontatuko dugu sortuak dauzkagun proiektuetan parte har dezaten”, azaldu du Aitor Makazaga Matraka elkarteko taldekide lezoarrak. Musika eskolen berotasunetik at ere, beraz, bada bidea goxo egiteko aukera.

2016an sortutako egitasmo bat da Matraka. 2017an atera ziren kalera lehenengoz, elektrotxarangarekin. Ondoren, Matraka Band sortu zuten —dantzaldietarako taldea, oholtza gaineko emankizunetarako—, eta, gaur egun, beste proposamen bat ere badute: Anaiak. “Ekitaldi berezietan” aritzen den taldea da Anaiak. Aldi berean, badituzte beste hainbat zabalkunde egitasmo. “Lezoko gazte batzuekin harremana egin dugu gure proiektuan sar daitezen. Aukerak ematen dizkiegu inguruko gaztetxoei, hala hasi baikinen gu ere, oso gazte”. Elkartean zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango dituzte musikariek kalera ateratzeko eta gazteak erakartzeko, Makazagaren ustez. “Herrietako programatzaileek aukera gehiago izango dituzte euren gustuko proposamenak eskatzeko”.

Gozamena eta garapena

Kanpora begira, Matraka elektrotxaranga da egitasmoaren izarra. 2017tik, dozenaka dira herriz herri egin dituzten emanaldiak. Aitortu dute gaur egun saioen emaria lausotua dutela, haien asmoa baita elkarteari hauspoa ematea eta barne lana egitea.

MATRAKA ELKARTEA

Iñigo Bereziartua 2018an hasi zen Matrakan. Gitarra jotzailea da, eta Irungo kontserbatorioan Iñigo Muguruzaren eskolak hartutakoa da. “Ordura arte, musika eskolako emanaldietan bakarrik nuen ikasitakoa kanporatzeko aukera. Urtean entzunaldi bat-edo egiten genuen, bakarka gehienetan, musika eskolak berak antolatuta”. Matraka elkartekoek deitu ziotela kontatu du. “Eta hasi egin nintzen. Asko ikasi dut musikaz, laguntasunaz eta taldean lan egiteaz”. Bereziartuaz eta Makazagaz gain, gaur egun hogei bat dira Matrakakideak; Oiartzualdekoak, Bidasokoak eta Donostialdekoak, batez ere. Errenteriako Egiburuberri industrialdeko pabiloi batean dute egoitza fisikoa.

Musikarien garapenean laguntzeko prest daudela adierazi dute Matrakako kideek, betiere beren jarduteko filosofiari jarraituz. “Guretzat bi ideia dira garrantzitsuak kalera begira: batetik, kalean zer mugitzen den jakitea gustuko dugula, horretara egokitzeko; bestetik, eta garrantzitsuena nire ustez, lehenik guk geuk, musikariok gozatu behar dugula”, zehaztu du Makazagak. Hau da, badakite publikoa edo entzulea garrantzitsua dela, baina guztiaren gainetik musikarien gozamena eta garapena dute oinarrian.

Itxaropen faltsurik ez

Musikari gazteek ateak zabalik dituzte Matrakan. Baina kideek argi adierazi dute ez dietela itxaropen faltsurik eman nahi. Zabaldu egin nahi duten arren, taldeen egitura zehatz bat dute jada, eta sor daitezkeen proiektu berriek euren egitekoan garrantzia izan dezaten nahi dute. “Gurekin entseatzen hasi den gazte bati ez diogu esango ‘eskerrik asko eta agur’. Ez. Musikari bat hemen hasten bada, harekin kontatzeko da, betiere ditugun beharren arabera. Hasieran, beharbada, ez era jarraituan, baina denborarekin ziur txoko bat egingo duela. Aukera errealak eman nahi ditugu”. Matraka ematen jarraitu nahi dutenez, herritarren eskura dago Matraka.org webgunea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.