Unai Zubeldia
“Kanpoan bai eta hemen ez?”. Hiru lagunen arteko abentura bat dago Donostiako Musika Parkean egitasmoaren oinarrian. “Erasmus bekari esker, Londresera joan ginen ikastera, eta hainbat proiektu jarri genituen martxan handik bueltan; Musika Parkean izan zen horietako bat, 2010ean. Londresen ikusi genuenak hemen ere funtziona zezakeela iruditu zitzaigun”. Xabier de la Maza Musika Parkean egitasmoaren sortzaileetako batek zehaztu du Londresen “eta Europan, orokorrean” jendeak parkeak bizi dituela, belazeak zapaltzen dituela, irakurri egiten duela han, piknikak egiten dituela… “Baina hemen kontuz ibiltzeko esaten ziguten beti”. Lehen alditik hamahiru urte igaro direnean, asteburu honetan berreskuratuko dute Musika Parkean egitasmoa, Aieteko parkean eta Miramar jauregiaren ondoko belazean.
Berreskuratu, 2019an egin zutelako azken aldiz. Eguraldi txarrak eta COVID-19aren pandemiak eraginda, hiru urtez ez da musika jaialdirik izan Donostiako parkeetan. Bihar, 14:00etatik 20:00etara bost musika saio izango dira Aieteko parkean, eta etzi, 17:00etatik 22:00etara, beste lau Miramar jauregian. “Norberak eraman dezala nahi duena jateko, eta egon dadila nahi duen denbora guztian, nahi duen tokian”. Bai Aieten eta bai Miramar jauregian edariak eskatzeko barra bana jarriko dituzte bihar eta etzi. “Ez da sarrerarik ordaindu beharko, ez da erreserbarik egin beharko, eta gutxieneko autofinantzaketa bat bermatzeko jartzen dugu barra”.
2010ean Musika Parkearen hiru saio egin zituzten, Donostiako beste hainbat egitasmoren barruan txertatuta, “programazio osagarri gisa”: Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia… “Lehen urte horietan jada plan bat proposatzen genuen guk; norbera bere piknik, kapela, mantel, saski eta gainerakoekin parkera lasai ederrean joatea, eta guk eskainiko genuen musika entzutea”. De la Mazak gogoan du lehen urtean bertan laurehun lagun baino gehiago elkartu zirela Kristinaenea parkean. “Eta 2.500 lagun baino gehiago elkartu izan dira Miramar jauregian”.
2016tik, bide propioa
Hiriko beste jaialdi batzuen osagarri izateari utzita, 2016an euren bideari ekitea erabaki zuten Musika Parkean egitasmoaren sortzaileek. “Gu hasi ginen erritmoa definitzen, eta geure kasa ari gara ordutik”. Azken hiru urteetako hutsunearen ondoren, “oinarrira” itzuliko direla ziurtatu du De la Mazak. “Joan belazeetara, joan parkera, zapaldu belarra, gozatu lagun edo familia giroan, bakarrik bestela, eta guk jarriko dugu musika”. Beste hasiera bat besterik ez da asteburu honetakoa. “Saiatuko gara aurten bertan beste Musika Parkean jaialdiren bat antolatzen. Erritmoa hartzea da zailena, baina, behin pausoa emanda, zergatik ez saiatu beste toki batzuetara ere iristen?”.
Aurretik ere antolatuta daude Musika Parkean, besteren artean, Zarautzen —Mollarrin—, 2013an eta 2014an, nahiz Bilbon —Casilda Iturrizar parkean—, 2019an. “Eta aurrerantzean ere saiatuko gara hiriko beste toki batzuetara ere iristen: Uliara, Urgullera, Kristinaeneara, Loiolara… eta baita beste herri eta hiri batzuetara ere, Donostian egiten dena egin daitekeelako Hondarribian, Tolosan edo Bergaran ere”. Gertuenekoari helduta, Bilbon ari dira jaialdia gorpuztu nahian.
De la Mazak argi utzi du musika “planaren parte” dela euren jaialdian, baina ez, ezinbestean, ezaugarririk garrantzitsuena. “Herritarrak eroso egotea da helburua, eta, denengana iristeko, musika mota desberdina eskainiko dugu. Ez da ohiko jaialdi bat; ez dugu jazza bakarrik eskainiko, ez dugu musika klasikoa bakarrik eskainiko… denetik izango dugu”. Etorkizunean familiekin egin izan dituzten beste hainbat jarduera berreskuratzen ere saiatuko direla esan du Musika Parkean egitasmoaren sortzaileak.
Bi egunetan Alex del Toro DJak girotuko du saioa lehen ordu erdian —bihar, baita bukaeran ere—. “2019an aritu zen lehen aldiz gurekin, eta ordukoaren eta aurtengoaren arteko lotura moduko bat egiten saiatu gara Alex del Toro bueltan ekarrita”. Bihar Nerea Bengoetxea, Julen eta Siglas ere ariko dira; eta igandean Amaterra, Bea Asurmendi eta Curtis Harding. Azken hori izan da apusturik handiena. “Soul musika ekarriko digu Curtis Hardingek, soul potentea. Baina errematea besterik ez da izango hori, jaialdi honetan pieza txiki guztiak direlako garrantzitsuak; bertako talentua eta nazioartekoa”.
Ordu askoko jaialdia da, jende asko pilatzen da azkenerako, eta horrelakoetan hondakin asko pilatzea izaten da ohikoena. “Baina horretan ere desberdinak izan nahi dugu”, zehaztu du De la Mazak. “Parkeak garbi aurkitzen ditugu iristen garenean, eta garbi uzten saiatzen gara gero. Jarrera ona izaten du jendeak, eta herritarrek hondakin guztiak bildu izan dituzte urtero-urtero. Parkea bere ohiko erritmora bueltatzen da egunaren amaieran. Inplikazioa eskatzen dugu, bai plan polit bat osatzeko eta bai dena garbi uzteko”.
“Konplize” bila
2010etik 2019ra arteko jaialdiak aztertuta, balorazioa “oso ona” dela esan du De la Mazak. “Eta ez kuantitatiboki bakarrik, kualitatiboki ere bai. Jendeak plana gozatzen duen neurrian, primerakoa da erantzuna. Jendeak bere egin du plana, eta horren erakusgarri da urtero itzuli egiten direla herritarrak”. 2010etik 2019ra egindako lanaren ondorioz jaialdiaren inguruan sortu zen “giro berezi hori” berreskuratzen hasteko helburua daukate jaialdiaren antolatzaileek.
Bide horretan “konplizeak” behar dituztela esan du De la Mazak. “Bidelagunak, kolaboratzaileak”. Musikariekin harremana etengabekoa dela azaldu du. “Eskaera asko jasotzen ari gara, eta pixkanaka joango gara jaialdi guztiei forma ematen”. Gertuenekoari helduta, oso eguraldi ona dago iragarrita astebururako. “Eta, hala nahi dutenek, gozatzeko plan zoragarria izango dute Donostiako bi parketan”.
Leave a Reply