“Lesioaren ondorioz galdutako ilusioa berreskuratzen ari naiz”

“Lesioaren ondorioz galdutako ilusioa berreskuratzen ari naiz”

Aiora Larrañaga Solaberrieta

Urte askoan, futbola izan da Marina Agouesen (Zarautz, 1992) bizitzaren ardatza. Zarautzen, Realean, Oiartzunen eta Eibarren jokatu zuen, besteak beste. Baina belauneko lesio batek errotik aldatu zuen haren bidea, eta alde batera utzi behar izan zuen bere pasioa. Bizitzak bidegurutzeak eta aukerak eskaintzen ditu, ordea, eta sorkuntza proiektu bat abiatu du: Sottosopra. Artea eta tatuajegintza uztartu ditu.

Nola gogoratzen dituzu futbolean emandako lehen pausoak?

Zarauztar gehienak bezala, plaieroetan hasi nintzen. Amaren anaiak, markeztarrak, futbolariak izan ziren, oso onak, eta baten bat Athleticera joatekotan ere ibili zen. Uste dut hortik datorkidala futbolerako zaletasuna. 12 urterekin hasi nintzen Zarauzko taldean entrenatzen, eta 13 urte nituen talde nagusia [Espainiako] nazional mailan zegoenean. Entrenatzaileak aukera eman zidan zaharragoekin jarduteko. Presiorik gabe jokatzen nuen, gozatuz; motibatu egiten ninduen ni baino nagusiagoen aurka aritzeak. Niretzat beti izan da garrantzitsua futbolean jokatzen disfrutatzea; beti esan izan dut entrenatzera gogorik gabe joaten nintzen egunean utziko nuela futbola.

Gaztetan fitxatu zintuen Realak.

16 urte bete berri nituela hasi nintzen Realean. Garai hartan niretzat erreferente ziren jokalari guztiek jokatzen zuten han, eta sekulakoa izan zen haiekin batera jokatzea. Hasieran, uste nuen aulkian denbora asko pasatuko nuela, baina lortu nuen taldean tokia egitea.

Esfortzu handia eskatzen al du goi mailan aritzeak?

Bai. Gainera, asko entrenatzen diren horietakoa izan naiz beti. Buruan zerbait sartzen zaidanean, hori lortzen ahalegintzen naiz, eta argi izan behar da goi mailan aritzeko ezkutuko lan asko egin behar dela. Urte oso-oso onak izan ziren, baina gaztetan gauza asko galdu nituela ere sentitzen dut batzuetan; lagunak parrandan irteten hasi zirenean, korrika egitera joaten nintzen ni, eta entrenamendurik ez genuen egunetan ere entrenatu egiten nintzen.

Asko aldatu al da emakumeen futbola azken hamarkadetan?

Bai. Agian, nire aurreko belaunaldikoek gehiago antzemango zuten aldaketa, baina etengabe aldatzen ari dela sentitzen dut. Orain futboletik bizi dira emakume jokalariak ere, eta duela urte batzuk pentsaezina zen hori. Dena dela, soldatei-eta dagokienez, gizonen futboletik oso urrun dago oraindik emakumeena.

Futbolean jokatzera atzerrira joan ziren lehen jokalarietako bat izan zinen. Zuretzat zer izan zen pauso hori ematea?

Nik uste nuen oso onak ziren jokalariek bakarrik zutela horretarako aukera, eta neure burua ez nuen sartzen multzo horretan. Garai hartan Realean jokatzen genuen jokalariontzat oso garrantzitsua izan zen Juan Carlos Samaniego Tximist prestatzaile fisikoa; aita bezala zen guretzat. Hark beti animatu ninduen kanpora ateratzera. Horregatik, Italiatik eskaintzak iritsi zitzaizkidanean, ez nuen bi aldiz pentsatu. Joateko irrikan nengoen, aldaketa bat behar nuela sentitzen nuelako. Oso garai berezia izan zen niretzat, ez kirol arloan bakarrik; bizitzako esperientzia gisa markatu egin ninduen hark. Gaur egun, egunero hitz egiten dut hango lagunekin.

MARINA AGOUES

Italiako esperientzia. Marina Agoues 16 urterekin iritsi zen Realera, eta 2009tik 2015era jokatu zuen han. 2014an sartu-irten bat egin zuen Italiako Riviera Di Romagna Calcio taldean; ordukoa da irudia.

Esperientzia hura zergatik izan zen hain garrantzitsua zuretzat?

Etxe batean bizi nintzen beste sei jokalarirekin, eta gure artean oso giro ona genuen. 21 urte nituen orduan, eta beste bizimodu bat ezagutu nuen. Dena den, argi-ilunak ere izan ziren. Guk ez genuen kontraturik; eskupean ordaintzen ziguten, eta Realean jokalariok genituen hainbat eskubide Italian pentsaezinak ziren. Gainera, bueltatu egin behar izan nuen, hilabete batzuetan ez genuelako kobratu. Sei hilabete egin nituen han, eta Realera bueltatu nintzen [2015ean]. Orduan konturatu nintzen Realean genituen baldintzak oso talde gutxik eskaintzen zituztela. Arantza batekin bueltatu nintzen, ordea: beste pare bat urtean Italian jokatu nahi nuen, eta esperientzia bizitzen jarraitu.

Realera bueltatu zinenean, lesioak bihurtu ziren zure amesgaizto. Presio handia sentitu al zenuen?

Bai, handia. Reala utzi ondoren, Oiartzunen [2015-2018] eta Badajozen [Santa Teresan, 2018an] jokatu nuen. Azken talde horretan oso gustura nengoen, baina Eibarren deia jaso nuen [2018an]. Aldi hartan [Espainiako] Bigarren Mailan zeuden, eta fitxaketa batzuk egin zituzten taldea indartzeko. Proiektu polita iruditu zitzaidan, eta ilusio handiz ekin nion bide berriari. Abuztuaren lehenean nuen aurreneko entrenamendua. Gogoan dut egun hartan, urduritasuna askatzeko, korrika egitera joan nintzela goizean. Arratsaldean, entrenamenduan gozatzen ari nintzela, ordea, krakatekoa sentitu nuen; une horretan eten ziren nire ametsak ere.

Gogorra izan zen errekuperazioa, ezta?

Hasieran, gehienez urtebetean osatuko nintzela zioten aurreikuspenek; hori dio protokoloak, baina gorputz guztiak ez dira berdinak. Ebakuntza egin eta bi hilabetera, artean ere min handia nuen, eta hori arintzeko morfina hartu behar izaten nuen. Hala ere, arazoa nirea zela esaten zidaten, lesioa oraindik onartu ez nuelako. Nik, ordea, sentitzen nuen ez nintzela osatzen ari, eta oso bakarrik sentitzen nintzen, gainera. Beti pentsatu izan dut lesioa Realean nengoela izan banu gaur egun oraindik jokatzen ariko nintzatekeela. Ez da Eibar gutxiesteagatik, baina uste dut errekuperazioa hobeto egin zitekeela. Goizean fisioterapeutarengana joaten nintzen, eta arratsaldetik gauera inork baino ordu gehiago ematen nituen Eibarren, bakarrik entrenatzen; ia gauerdian iristen nintzen etxera, etsita eta negarrez. Ezintasun handia sentitzen nuen. Beti haserre nengoen, eta ez nuen etxetik atera ere egin nahi. Orain, denborak ematen duen distantziatik, ohartzen naiz oso gaizki nengoela, eta asko kostatu zait egoera horri buelta ematea, mina ez baitzen fisikoa bakarrik izan. Ez errekuperatzea nire errua zela sinistera iritsi nintzen, sentitzen nuena ere zalantzan jartzera. Bitartean, ordea, kalean oinez nindoala, erori egiten nintzen, belaunak ihes egiten zidalako.

Gerora jakin al duzu zergatik ez zinen osatzen lesiotik?

Ebakuntzak bata bestearen atzetik etorri ziren. Azkenean, Mikel Sanchezek, belauneko lesioetan aditua denak, artatzea lortu nuen. Hasieratik argi esan zidan prozesua berriz abiatu beharko genuela: belauna ireki, zer zegoen ikusi, eta pixkanaka joan. Hark azaldu zidan nire gorputzak atxikidura asko sortzen dituela, hezurrera itsasten den zikinkeria, alegia, eta horrek oztopatzen zuela errekuperazioa. Guztira, hamar aldiz sartu naiz ebakuntza gelara. Sanchezi esker ibil naitekeela sentitzen dut, eta oso eskertuta nago.

Urte horietako ezinegona arintzeko hasi al zinen sortzen?

Ez; hiru urte horietan belauna errekuperatzera mugatu zen nire bizitza. Ezin nuen denbora luzez zutik egon edo lanik egin. Aurrez aurre topo egin nuen bizitzarekin. Futbolari profesionala izatetik, bizitza berreraiki behar izatera pasatu nintzen, eta ez da batere erraza izan. Urte oso zailak izan dira. 2018an izan nuen lesioa, eta uste dut iaz onartu nuela guztiz nire egoera berria. Animo aldetik gorabehera handiak izan ditut urte hauetan guztietan, eta hainbat urtez egon naiz futbola ikusi ere egin gabe.

Prozesu horretan erabaki zenuen Sottosopra proiektua sortzea?

Batxilergo artistikoa egin nuen, eta beti gustatu izan zait sortzea. Naturaltasunez sortu dut proiektua. Denbora askoan estudioa izan da nire eremu segurua, eta orduak pasatzen ditut bertan sortzen, batzuetan margotzen eta besteetan tatuajeak diseinatzen eta egiten. Azken urteetan konfiantza ere galdu dut neure buruarengan, eta hasieran ez nien garrantzirik ematen egiten nituen lanei. Gozatzeko egiten ditut nik lan horiek. Inoiz ezin da jakin, baina helburua ez da honetatik bizitzea. Hala ere, proposamen batzuk izan ditut, eta uste dut garai polita datorkidala.

Izenak Italian bizitako garaiari egiten al dio keinua?

Bai, pasadizo polita da. Italian asteazkenetan ez genuen entrenamendurik izaten, eta egun librea aprobetxatzen nuen bizikletaz ingurua deskubritzeko eta hango giroan murgiltzeko. Egun batean, trena hartu, eta galdu egin nintzen. Etxera deitu, eta inguruan zer jartzen zuen galdetu zidatenean, kartel batean Sottosopra irakurri nuen. “Zu bai zaudela sottosopra“, erantzun zidaten, barrez. Aurrerago jakin nuen hankaz gora edo nahas-mahas esan nahi duela. Hitz joko polita iruditu zitzaidan, eta horrela hasi nintzen horren bueltan sortzen.

Bide berria urratzeko gogoa antzematen zaizu.

Lesioaren ondorioz galdutako ilusioa berreskuratzen ari naiz. Bizitza beste modu batera ikusten dut. Behin biziko gara, eta gustatzen zaidana egiten saiatuko naiz. Sottosopra-ren leloa hori da, hain zuzen: gozatu dezagun bidaia honetaz. Denbora pasatu da; futbolaren falta sumatzen dut, gaur egun naizena horri esker lortu dudalako, hein batean, baina orain ondo nago, bizitzaz gozatzeko prest.

Leave a Reply

Your email address will not be published.