Denak seguru senti daitezen

Denak seguru senti daitezen

Imanol Saiz Gomez de Segura

Hasi da atzerako kontaketa Errenterian, hiru aste eskas falta baitira madalenak hasteko. Egitarau oparoaz harago, aurten indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo batean indar berezia jarri du udalak; Eroso ez bazaude erasoa da izena du. Iazko “esperientzia onak” bultzatuta hartu dute erabakia, protokolo hori gaur egun ere “beharrezkoa” dela ondorioztatu baitu udalak. Hala azaldu du Errenteriako Udaleko Berdintasun, Kultur Aniztasun, Hezkuntza eta Artxiboko zinegotzi Itsaso Cruzek.

Jaietan segurtasuna bermatu eta indarkeria matxistaren kontra egiteko “esfortzu handia” egiten ari direla azaldu du Cruzek, “eraso sexista eta LGTBIfoborik gabeko madalenak izan daitezen”. Horretarako, jaien parte diren eragile guztien inplikazioa eta konpromisoa “funtsezkoa” izan dela nabarmendu du zinegotziak.

Bide horretan, iaz zenbait egitasmo aktibatu zituen udalak, Errenteriako mugimendu feministarekin elkarlanean: indarkeria sexistarik gabeko gune bat ezarri zuten jaietan; udaltzainek salaketa bulego ibiltari bat jarri zuten herrian; eta igogailu publikoen ordutegia 24 orduz luzatu zuten, besteak beste. Aurten, horiez guztiez gain, “urrats handiago bat” egin nahi izan dute. “Guretzat, jai batzordeko kideak eta ostalariak agente oso garrantzitsuak dira jaien testuinguruan. Aliatuak izan dira azken urteetan, eta hala izatea nahi dugu aurrerantzean ere, funtsezkoa baita haiek ere formatuta egotea, erasoren bat gertatuz gero zer neurri hartu eta nola jokatu jakin dezaten”, zehaztu du zinegotziak.

Protokoloaren barruan, berritasun gisa, formakuntza saioak jasotzen ari dira ostalariak eta jai batzordeko kideak. Emagin elkarteko kideek eman dituzte ikastaroak, Emakumeen Etxean. Saio horietan erreminta praktikoak jasotzen ari dira parte hartzaileak, eraso matxisten kasuak identifikatzeko, erasoei ekiteko eta aurrea hartzeko. Modu efektiboan eragitea du helburu egitasmoak, eta biktimei babesa ematea. “Iaz protokoloak funtzionatu zuen, balorazioa oso positiboa izan da, erreminta asko ematen dizkietelako ostalariei eta txosnen gunean ariko direnei”, adierazi du Cruz zinegotziak.

Saio horietako batean izan da Errenteriako Arkaitza tabernako langile Jone Arruti, eta “oso interesgarria” izan dela azaldu du. “Eraso bat zer den erakutsi digute, askotarikoak izan daitezkeelako. Eta horiei nola erantzun ikasi dugu. Batzuetan, zaila izaten da jaietan eraso bat detektatzea, baina, lanketa honi esker, errazagoa izango da”.

Kanpaina berezia

Gakoetatik harago, bi ordu inguruko saio horietan mugimendu feministak eraso baten aurkako erantzun publikoa artikulatzeko duen protokoloaz gain, udalak martxan jarri duen kanpaina eta aktibatutako baliabideak ere aurkeztu dizkiete partaideei. “Adibidez, txapak eramango ditugu soinean, erasoen aurrean gure jarrera aktiboa dela erakusteko, eta, behar izanez gero, guregana laguntza eske etor daitezkeela adierazteko”, gaineratu du tabernariak.

Telefono zenbaki bat ere eskuragarri jarriko dutela gogorarazi du Cruzek, 24 orduz erabilgarri izango dena: 650-40 78 58. Horri lotuta, Foru plazan jarriko dute erasorik gabeko gunea; 02:00 arte izango da zabalik egunero. Bi zerbitzuak konfidentzialak izango dira.

Uztailaren 4an, asteartean, egingo dute protokoloa aurkezteko azken saioa Errenterian. Saio horretan parte hartzeko, izena eman beharko da, Lainoa.errenteria.eus atarian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.