“Emakumeak gaiztoagoak gara”

Orgatxoari bultzaka nenbilen auzoko supermerkatuan, etxeko hozkailu hutsa betetzeko asmotan. Apalategi baten aurrean geratu nintzen zer behar nuen aukeratzeko asmotan, eta ondoan emakume gazte bi zeuden hizketan, halako auzo dendetan sarri gertatzen den bezala. 30 urteren bueltan egongo ziren, edo agian, gutxiago. Batak alaba zuen alboan, 6 urte ingurukoa, eta beste emakumeak umeari berba egiten zion. Halako baten, alabadunak esan zion lagunari “zuk behintzat hiru gizon dituzu etxean”, alabari begiratzen zion bitartean. Bestearen erantzuna ez nuen entzun, baina lehenengoari entzun nion ondotik pasatzen ari nintzela: “Badakizu, emakumeak gaiztoagoak gara”.

Uf, halakoetan zaila zait kontrolatzea, baina adinak ere horretan laguntzen duenez, begiratu eta ahapeka “zu izango zara gaiztoagoa” bota nuen. Besteak ere iruzkinen bat egin zuen. Eta segitu zuen “gure familian, behintzat”. Segitu nuen bidea, baina eurak ere mugitu ziren. Bigarrenari —hiru gizondunari— ospa egiteko gogoa igarri nion, baina alabadunak jarraitzen zuen berbetan, betiere alaba ondoan zuela. “Alabak aitarenak dira, beti bere alde egiten dute”. Bestearen erantzunak ezin nituen entzun, baina ezezkoa-edo adierazi zion, zeren alabadunak “gure familian, behintzat, hala da” errepikatu zuen. Azkenean begi-belarrietatik desagertu zitzaizkidan, baina erneguak eta amorruak hementxe diraute.

Bai, esaldi prefabrikatu horiek haserretu egiten naute. Oraindik gogoratzen dut noiz entzun nuen lehenengoz “emakumeak gaiztoagoak gara”. Nerabea nintzen eta kuadrillako neska batek bota zuen. Supermerkatuko emakume gazteari bota niona pentsatu nuen: “Zu izango zara gaiztoagoa”. Hortik aurrera, gehiagotan entzun dut, zoritxarrez, lelo hori. Beti andrazkoen ahotik, beti gezur patriarkal hori barneratuta, beti aurreiritzia finkatzeko. Zoritxarrez, gezur bat mila bider errepikatuta, egia bihur liteke askorendako.

Dendakoan, halere, amorru handiagoa eragin zidan alaba ondoan zuelako. Amak mespretxuz hitz egin zuen, 6 urteko alaba ondoan ez balego bezala. Baina hantxe zegoen, elkarrizketa guztiari adi jarraitzen. Ederrak entzun zituen! Neska jaio zelako gaiztoa zela; ez zuela nahikoa maite ama; amak ez zuela neskatorik nahi, mutikoa izan balitz, askoz hobeto zela. Ama horrek alaba gutxietsi zuen bere aurrean, beste nagusi baten aurrean eta toki publiko baten. Edonori eta edonon halakoak esaten baditu, zer ez ote du esango etxean? Seguruenera, neskatoa orain ez da kontziente izango supermerkatuan entzundakoaz, ez dio momentuan eragingo. Ziur nago, baina, horrelako esaldi patriarkal prefabrikatuek tanta txinatarraren moduan zuloa egingo dutela umearen burmuinean, hitzak ez dira-eta kaltegabeak, are gutxiago ama batek botatzen dituenean txikitatik. Zenbat kalte eragin dakiekeen neskatilei!

Ernegua ez ezik, harridura ere sortu zidan elkarrizketak. Beharbada jaurti zituen andrea gaztea zelako, oso gaztea. Eta letania baten moduan esaten zituelako ikasitako mantra patriarkal prefabrikatuko esaldiak. Aspaldi entzun barik nengoen halakorik, eta askotan gertatzen den moduan, uste dugu guk entzun ezean desagertu egin direla. Ez, zoritxarrez, ez da hala.

Emakumeak gaiztoagoak ei gara. Nor baino gaiztoagoak, baina?

Leave a Reply

Your email address will not be published.