Dozenaka karrete oroitzapen

Dozenaka karrete oroitzapen

Mireia Galarza Bastida

Zumaia eta Getaria artean, Orroagan. Hortxe koka daiteke Aritz Aranburu surflariaren (Zarautz, 1985) eta Javi Muñoz Pacotwo argazkilariaren (Tolosa, 1976) harremanaren iturburua. Lagun batzuekin zegoen orduan surflari zarauztarra, eta 16 urte inguru zituen. Muñozek, berriz, orduantxe amaitu berriak zeuzkan ikasketak, eta, haren esanetan, “esperientziarik gabeko argazkilaria” zen artean. Tolosarrak argazki batzuk atera, Aranbururi gustatu, eta orduantxe hasi zen bi hamarkada iraun duen laguntasuna. “Aritz pertsona lotsatia zen gaztetan, eta oso azalekoa izan zen lehen harreman hura”, azaldu du argazkilariak.

Urteen poderioz, baina, harreman hori estutuz joan zen, eta Muñoz lehen bidaiak egiten hasi zen zarauztarrarekin. “Lehenik, hemen inguruko lekuetara laguntzen nion, eta, gero, urrutirago joaten hasi nintzen”, azaldu du Muñozek. Tratu profesionaletik harago, ordea, “maila pertsonalean izandako konexioa” nabarmendu dute biek. “Bidaia handiak egitean, argazkilariak eta surflariak une oro batera egoten dira, eta garrantzitsua da arlo pertsonalean guk lortu dugun harreman ona edukitzea”, zehaztu du Aranburuk.

Mundakako argazki bat

Dagoeneko galduta dute biek Muñozek Aranbururi ateratako argazkien kopurua, “munduko kontinente denak” igaro dituztelako elkarrekin. Dena dela, Mundakan (Bizkaia) atera zion irudi bat nabarmendu nahi izan du argazkilariak. “Itsasoa ez zegoen oso ondo egun horretan, eta ez zegoen ia inor. Aritzi asko gustatzen zaizkio egun horiek, badakielako olatu on bat edo beste harrapa dezakeela, eta ia inor ez dela bertan egongo, eguraldiagatik”. Egun makur batean ateratako argazkia da. “Baina asko gustatzen zaigu bioi. Konposizio aldetik ez dauka aparteko ezer, baina badauka zerbait berezia”, dio Muñozek.

Esperientzia eta oroitzapen horien guztien eta ateratako argazkien fruitua da Potxoka liburua. Muñozena izan zen hasierako ideia, baina zarauztarrari hasieratik gustatu zitzaion proposamena. “Inguratzen gaituen kaos digitaletik ihes egin nahi nuen, eta paperera itzuli”, esan du argazkilariak. Izan ere, Muñoz “erosoago” sentitu izan da beti modu tradizional horretan lanean, eta, azaldu duenez, beti irudikatu izan ditu bere argazkiak aldizkarietan: “Argazkiak ateratzean, bata azalerako izan zitekeela pentsatzen nuen, adibidez, eta bestea, bi orri oso betetzeko”.

Kasu honetan, Aritz Aranbururi ateratako argazki guztiak hartu, eta bi lagunak duela urtebete bat inguru hasi ziren liburuari forma ematen. Askotariko argazkiak zeuzkan Muñozek bere artxiboan, eta horiek aukeratzea “lan handia” izan zela jakinarazi dute biek. “Askotan gertatzen da surflariek gehiago erreparatzen diotela argazkietan eurek egindako mugimenduei”, hasi du azalpena argazkilariak. “Baina ni hortik harago joaten saiatzen naiz, beste elementu batzuk kontuan hartuta. Aritzek errespetatu egin du hori”. Liburua “pixkanaka” egin dutela esan dute bi protagonistek, eta, aurkezpenetik hilabete bat igarota, oraingoz “gustura” daude jasotako erantzunarekin. “Abentura polita ari da izaten guretzat”.

Pentsatu, eta egin

Liburua ez da, ordea, Aritz Aranbururen eta Javi Muñozen arteko abentura bakarra: Teahuppoko (Polinesia Frantsesa) pasadizoa aipatu du Aranburuk, iazko maiatzekoa. Izan ere, han zeudela, olatu batek uste baino indar handiagoarekin jo, eta ontzian zeuden hainbat lagun uretara bota zituen; tartean, Muñoz eta Aranburu. “Ikara handiena Muñozek igaro zuela esango nuke, lehenen erori zelako. Baina ez zen ezer pasatu”, esan du Aranburuk. Bidaia horrez gain, Namibiako olatuetan lehen aldiz surfean ibili zenekoaz ere gogoratu da Aranburu: “Oso momentu berezia izan zen niretzat, eta, orduko hartan ere, han zegoen Pacotwo. Orokorrean, gauzak bi aldiz pentsatu gabe aurrera egitea gustatzen zaien horietakoa da, eta, egia esan, asko eskertzen dut hori”. Iritzi horrekin bat egin du Muñozek. “Oso ideia eta helburu zehatzak izaten ditu Aritzek, eta, ingurukoen aholkuak behar izaten baditu ere, une oro badaki zer nahi duen”.

Etorkizuneko beste proiektu batzuez hitz egiteko “goiz” dela azaldu dute bi lagunek. Baina bakoitza, oraingoz, bere egunerokoan “bestelako zeregin batzuetan” dabilen arren, bada surflaria eta argazkilaria betiko elkartuko dituen zerbait: etxeko apalean hautsa hartzen utziko ez duten liburu puska bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.