Miren Garate
Eta larrialdiren bat gertatuko balitz, zer? Frantziako Tourra dela-eta errepideak hainbat orduz itxita egongo direla irakurtzean, galdera hori etortzen zaio burura bati baino gehiagori. Gipuzkoako suhiltzaileen operazioetako ofizial Ander Telleriak kontatu du kontingentzia plan bat prest dutela. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin (LAEMZ) batera prestatu dute plana, eta ez du kezkatzeko motiborik ikusten. “Baldintza batzuk bete beharko ditugu iritsi beharreko puntuetara iristeko, baina gure zerbitzua bermatua egongo da”.
Norbaitek larrialdi zerbitzuetara dei bat egiten duenean, handik bideratu ohi zaie eskaera suhiltzaileei, haien Bai Esan komunikazio zentrora. “Dei hori jasotzean, eskaera egingo dugu LAEMZera, eta haiek, Tourreko antolakuntzarekin elkarlanean, lasterketaren ibilbideko zer puntutatik sar gaitezkeen esango digute”. Lasterketaren ibilbidean barrena, zenbait puntu finkatu dituzte, larrialdiren bat izanez gero haietatik sartu ahal izateko.
Baldintza bat bete beharko dute, ordea: lasterketaren noranzkoan sartu beharko dute derrigor, ezingo dute alderantzizko noranzkoan joan. Eta sarbide punturen batetik sartzen direnean, une oro, Tourraren antolatzaileak joango dira suhiltzaileen aurretik.
Lehen erantzuna
Ondorioz, suhiltzaileek kalkulatu dute, igandean, haien beharra suertatuko balitz, ohi baino denbora gehiago beharko luketela Gipuzkoako hiru herritara iristeko: Lizartzara, Asteasura eta Segurara. Horietan, badaezpadako neurri gisa, bina suhiltzaile egongo dira, ibilgailu astun banarekin, lehen erantzuna azkar emateko. “Demagun, Lizartzara joan behar dugula; kasu horretan, Tolosako suhiltzaile parkeari dagokio joatea, baina esandako baldintzak bete behar ditugunez —hau da, lasterketaren noranzkoan bakarrik sar gaitezkeenez, eta puntu zehatz batzuetatik bakarrik—, gure erantzuteko denbora luzatu egingo litzateke”, azaldu du Telleriak. Horregatik, beharra suertatuz gero, hiru herrietan badaezpada egongo diren suhiltzaileak arduratuko dira lehen erantzuna emateaz. “Eta kasuz kasu aztertuko dugu zein den biderik egokiena gainerako suhiltzaileak iristeko”.
Tourreko lanik ez
Oñatiko suhiltzaile parkean ere izango dira aldaketak. Haien egoitzaren aurretik pasatuko dira txirrindulariak Tourraren igandeko etapan, eta, lasterketarako sarbide punturik ez dagoenez han bertan, Arrasatera joango dira Oñatiko suhiltzaile guztiak, ibilgailu eta guzti.
Gipuzkoako suhiltzaileen operazioetako ofizialaren esanetan, herrialdeko errepideetan lasterketa ugari izaten diren arren, Frantziako itzuliaren adinako segurtasun neurriak ez dira ohikoak. “Berezitasuna da karabana bat izaten duela Tourrak, eta lasterketa baino lau ordu lehenago itxiko dituztela errepideak”. Hala ere, nabarmendu du suhiltzailerik ez dela ariko propio Tourrerako lanean. “Gure helburua da gure zerbitzua bermatzea Gipuzkoan, ez dugu egin planik Tourrean zerbait gertatuko balitz nola erantzun edo pentsatzeko”.
Leave a Reply