Irati Saizar Artola
Gero eta udal gehiago ari dira urratsak egiten LGTBI kolektiboaren bizi baldintzak hobetzeko. Horren adibide da Villabona-Amasako Udala. LGTBI kolektiboaren beharrei erantzuteko eta haien bizi baldintzak hobetzeko plan bat osatu du Eihera kooperatibak, udalarekin elkarlanean. Alkateak dio herri aske bat nahi duela.
Iazko ekaineko osoko bilkuran mozio bat onartu zuten udalean, aho batez onartu ere, eta han jaso zuten plan bat egiteko konpromisoa. “LGTBI+ kolektiboarekin lanketa bat egiteko gogoa genuen, eta aurrera begira ere jarraitu genezakeen ibilbide bat marraztu nahi genuen”, aitortu du Beatriz Unzue Villabona-Amasako alkateak. Eihera kooperatibako kideekin harremanetan jarri eta Villabona-Amasako errealitatea ezagutzeko lanketa bat egin zuten lehenik.
Herri “inklusibo eta parekide bat” nahi dute billabonatarrek, eta, Unzueren hitzetan, horretarako ezinbestekoa da “politika aktiboak” martxan jartzea: “Historikoki bazterkeria, jazarpena eta mota askotako indarkeria pairatu duten eta pairatzen jarraitzen duten LGTBI+ kolektiboko herritar guztien eskubideak, berdintasuna, erabateko onarpen soziala, askatasuna eta errespetua bermatzeko”.
Eihera kooperatibak elkarrizketak egin dizkie Villabona-Amasako LGTBI komunitateko hainbat kideri, eta udalarekin elkarlanean eta Akain eta Lurgatz talde feministekin lankidetzan osatu du plana. Elkarrizketa horien bidez lortu dute herrian dauden beharrak identifikatzea eta aztertzea, eta herritar horien beharrei “modu eraginkorrean” helduko dieten 43 neurri ere zehaztu dituzte.
Neurri gehiago aukeran
Txostena prest dutenean neurriak aplikatzen hasiko direla esan du alkateak, Eiherakoen laguntzarekin, betiere. 43 neurrietako batzuei “lehentasuna” emanda, beharko balira neurri gehiago txertatzeko prest dago udala. Denen artean zehaztuko dute ibilbidea.
Plan hori prestatzen ari ziren garaian gertatu zen, maiatzaren erdialdean, bikote homosexual baten aurkako erasoa Villabona-Amasan. Gertakariak “kezka” eragin dio, baina “herri libre bat” nahi duela aldarrikatu du Unzuek, “kolore guztietakoa eta inolako bazterketarik gabe guztiak ongi etorriak izango direna”. Bide horretan, osatu duten plana “iparrorratza” izatea nahi luke alkateak, “nondik hasi eta nondik jarraitu jakiteko, eta errealitateari osotasunean begiratzeko”.
Leave a Reply