Erasoa jo… eta iraun

Kondairak dioenez, haur nintzela attitte zenak egunero irakurtzen zidan, etxeko sukaldean, Arantzazuko egutegia, takoa, eta horrek bilakatu ninduen irakurle goiztiar. Uste dut, hala ere, kondaira horretan aitonak bilobarengan izandako eraginaren mitifikazio edertzaile bat dagoela, eta benetan irakurtzen irakatsi zidana periodikoa izan zela, ni haur nintzenean bestelako luxurik ez baina egunkaria egunero jasotzen baikenuen etxean, La Voz de España, zehazki, astean sei egunez, eta Hoja del Lunes astelehenean.

Ez Lewis Carroll, ez Hans Christian Andersen, ez Gianni Rodari, ez Robert Louis Stevenson eta ez Marijane Minaberri, haurtzaroan eta nerabezaroan Porriño ezizeneko kazetari bat izan nuen nik egile irakurriena, hark idazten baitzituen nazioarteko txirrindularitzako kronikak. Luis Pedro Peña Santiagoren mendi-kroniken amaiera gastronomiko zoriontsuekin ere majo gozatu nuen.

Geroago etorriko ziren Enid Blyton, Pio Baroja eta beste, eta Franz Kafkak hautsiko zuen anphora, baina ordurako egunkaria ezin utzizko erreferentzia zen nire heziketa sentimental eta kulturalean.

Nirea kontatu dut, baina uste dut nire adineko jende askoren kasua antzekoa dela, baita ondorengo belaunaldietako ez gutxirena ere. Nekez, ordea, gaur egungo gazte askorena. Ez dut aspaldi ikusi gazterik egunkaria erosten, ezta tabernan, garraio publikoan edo parke bateko aulkian egunkaria irakurtzen ere, paperean behintzat. Bai akaso telefonoan, baina kanpotik ezin jakin zeri begira dauden pantailan.

Horrez gain, ezin da ukatu harekin hazi ginenontzat ere ez duela egunkariak lehen adinako erreferentzialtasunik gaur egun, geuk ere ez diogula lehen adina denbora eta arreta eskaintzen paperean inprimatutako eguneroko informazioari.

Oroitzapen eta gogoeta horiek etorri zitzaizkidan burura duela pare bat aste, BERRIA egunkariak 20 urte bete eta zuzendari aldaketa iragarri zuenean, Amagoia Mujikak Martxelo Otamendiren lekukoa hartuko zuela iragarri zenean.

Txirrindularitzako topiko batek dio ez dela aski erasoa jotzea, erasoa jo ondoren aurrean iraun behar dela, irabaziko bada. Gizarte borroka eta herri mugimenduen arlora jota ere, askotan komentatu ohi da, adibidez, zailagoa izan daitekeela gaztetxe bati, irrati libre bati edo dena delakoari eguneroko martxan duintasunez eta gutxieneko koherentziaz eustea, hura eskuratzea baino, eskuratze hori ikusgarriagoa edo epikoagoa izan arren kasu gehienetan, kutsu heroiko handiagoko balentria eta garaipena.

Hiru hasiera epiko izan ditu Euskaldunon Egunkaria, Egunero eta BERRIA hirutasun bakunak, aldi bakoitzeko bana, hiru aldiz gauzatu baitu ezina ekinaren bidez. Baina, esan bezala, erasoa jotzea ez du nahikoa txirrindulariak helmugara garaile iristeko, aurrean iraun behar du, eta horixe da gaur egun hirutasun bakunak, orain BERRIA izenarekin, aurrera begira duen erronka, ez nolanahikoa, inondik ere ez erraza, nekerik eta argitasunik gabe inola ere ezin gaindituzkoa.

Egunkaririk ezean, Arantzazuko takoa izan zen urte askoan etxe euskaldun askotako euskarazko eguneroko irakurgaia. Orain, hartaz eta beste batzuez gain, BERRIA ere badaukagu, Euskal Herri osoan zabaldua gainera. Batzuena beste batzuena baino gehiago, baina euskaldun guztion ardura da luzaro hala izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.