Kerman Garralda Zubimendi
Elurrak elurra erakartzen omen du. Hau da, mendietako elurra ez bada urtu, esan nahi du elurra egiteko baldintza aproposak daudela, eta malutak botako dituela euri tantak baino gehiago. Elurrak, aldi berean, turistak ere erakartzen ditu. Elurra, natura, gastronomia, festa, kirola… erakargarriak dira denak. Baita etika ere.
Turismoa etikoki lantzeak “turista etikoak” erakartzen dituela esan du Niko Osinalde Goierriko Goitur turismo agentziako arduradunak. Turista etikoak aipatzean, ingurunearekin eta bertakoekin errespetuz jokatzen duten turistez ari da, era jasangarrian bidaiatzen dutenez, ekonomia lokala lehenesten dutenez… Halako turistak Goierrira erakartzeko asmoarekin, Goiturrek bat egin du Eusko Jaurlaritzaren Etika Turistikoaren Erregistroarekin. Goiturrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat eragile ere atxiki dira. 621 denera. Gipuzkoakoak dira heren bat.
Lanketa, osotasunean
Etika turistikoaren erregistroan turismo bulegoak, museoak, hotelak, jatetxeak, garraio enpresak,… daude. Jokamolde etikoak sektorearen osotasunean landu nahi dituzte, herren ez gelditzeko: turistak ulertzen eta errespetatzen lagundu nahi dute; berdintasunarekin, gizarteratzearekin eta aniztasunarekin tolerante izan; jasangarritasuna landu; tradizioaren eta kulturaren sustapena bermatu; kultur ondarea zaindu; bikaintasuna eta profesionaltasuna ziurtatu; pertsonen eskubideak errespetatu; eta langileak eta enpresariak egoki tratatu. “Praktika egokien zerrenda bat da”, esan du Osinaldek.
“Guk ez dugu aldaketa handirik egin behar izan. Urteak daramatzagu jokabide etikoak lantzen. Orain, egindako lana kanpoko aditu bati erakutsi diogu, hark baiezta dezan”. Oroitu du 2006an hasi zutela bidea. Kalitatea neurtu zuten orduan. Goierri izan zen eskualde pilotuetako bat, eta, behin kalitatearen fasea gaindituta, jasangarritasunari heldu zioten. Kode etikoaren adar guztiak jorratu zituzten, katalogoa osatu arte. “Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak helburutzat dauka funtsezko printzipio batzuk ezartzea Euskadiko eragile turistiko guztiek erantzukizuna eta jasangarritasuna integra ditzaten beren eguneroko jardunean, abiapuntutzat errespetua eta ulermena hartuta”; hala dio Jaurlaritzaren idatziak. “Turismo jasangarri eta arduratsua dugu helburu”.
Jokabide etikoak, bai gizartean eta bai turismoaren sektorean, “oso garrantzitsuak” dira, Osinalderentzat. “Etika oso garrantzitsua da turismoan, turismo arduratsua, iraunkorra eta errespetuzkoa sustatzen duelako, tokiko komunitateen garapen ekonomiko eta sozialari laguntzen diolako, ondarea zaintzen duelako eta bidaiarientzat eta bertakoentzat esperientzia esanguratsuak eskaintzen dituelako”.
Esan du sektoreak jokaera etikoak izateak turismoaren eragin negatiboa apaltzen ere laguntzen duela. “Turismoak eragin handia du ingurumenean, tokiko komunitateetan eta kultur ondarean. Turismoko etikak esan nahi du inpaktu negatibo hori ahal bezainbeste apaltzen duten eta garatzen den ingurunea babesten eta zaintzen duten praktika iraunkorrak sustatzea”.
Leave a Reply