Miren Garate
Dominikar jatorriko emakume bat zen Lucrecia Perez. 1992ko azaroan hil zuten, tiroz, Madrilen, eta Espainiako Estatuan krimen arrazista gisa epaitu zuten lehen kasua izan zen. Testuinguru hartan sortu zuten Gipuzkoako SOS Arrazakeria, 1993an. Garai hartan, beste zenbait tokitan ere eratu zituen ordezkaritzak elkarteak. “Ildo batzuetan bat etorri arren, bakoitzak bere lana egiten du”, esan du Peio Aierbe Gipuzkoako SOS Arrazakeriako koordinatzaile nagusiak. 30 urte daramatza elkartean Aierbek, eta hasieratik hona bi lan arlo nagusi izan dituztela kontatu du: batetik, etorkinei ematen dieten aholkularitza; eta, bestetik, salaketa.
“Militantziagatik hasi ginen garai hartan. Iruditzen zitzaigun gizarteak ezin zituela lehen mailako eta bigarren mailako hiritartasunak izan, eta garrantzitsua zela arrazakeriaren aurkako borroka”. Aholkularitza bulego bat jarri zuten Donostia erdigunean, etorkinei laguntzeko arlo juridikoan —gaur egun, hirian bertan, Txara I egoitzan dute aholkularitza bulegoa—. “Milaka etorkin pasatu dira bulego horietatik urte hauetan”. Horrekin batera, hainbat eta hainbat ekitaldi antolatzen hasi ziren, etorkinen eskubideak errespeta zitezela eskatzeko.
Aierberen esanetan, pixkanaka, aholkularitza eta salaketa lanetatik harago, beste arlo batzuetara ere zabaldu dira, eta horrek “egitura profesionalizatzea” eskatu die. Esan du hasierako SOS Arrazakeria eta oraingoa ez direla guztiz berdinak. Tresna gehiago dituzte orain, eta beren lana leku gehiagotara eraman dezakete. “Baina ez dugu baztertu behar gure gakoa arrazakeria salatzea dela. Akaso, militantzia pixka bat galduko genuen, baina elkarte gisa oso aberatsa da oraindik SOS Arrazakeria”.
Gazte etorkinen egoera
Instituzioekin ere, uste du batzuetan elkarlanean aritzea tokatzen zaiela, eta, beste batzuetan, “aurrez aurre” egotea. Aurten hamar urte bete dituen Urretxindorra mentoretza programa jarri du adibidetzat. Gazte migratzaileak eta goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleak elkartzen ditu egitasmoak, eta laudorio ugari jaso ditu. Iaz, hitzarmena egin zuten Eusko Jaurlaritzarekin, eta Arabara eta Bizkaira ere zabaldu dute programa.
“Baina beste arlo batzuetan esaten digute beti gabiltzala exijitzen eta zirikatzen. Guk uste dugu ezin dugula lan hori utzi; bestela, beste zerbait bihurtuko ginateke. Oso legitimoa da hori ere, baina ez da guk nahi duguna”. Adibidez, esan du ez dutela etxebizitzen edo baliabide materialen kudeaketan sartu nahi izan. “Lan asko eskatzen du horrek, eta zure beste helburuak alde batera uzteko arriskua dakar”.
Azken urteotan, gazte etorkinen egoera izan da SOS Arrazakeriaren kezka handietako bat, eta instituzioen atea maiz jo dute haien egoera salatzeko. “Gazte horien profila oso konplexua da: gehienek ez dute baliabiderik hasieran, kalean daude, goseak… Etortzen dira pentsatuz lan egingo dutela eta dirua bidaliko dietela familiei, baina ez dute horretarako aukerarik”.
Donostian, Egia auzoan, zenbait auzotarren protestak ere jasan behar izan zituen elkarteak duela pare bat urte. “Lapurreta batzuk izan ziren, eta guri bota ziguten errua. Ez da onargarria lapurretak egitea, baina sustraietara jo behar da, eta ikusi behar da zer egoeratan dauden. Guztion arteko elkarrizketa bat behar da horretarako”.
Hezkuntza arloa da elkartearen beste adar garrantzitsu bat, eta horren barruan programa bat baino gehiago ditu martxan. Duela bost bat urtetik, etxeko langileen laguntzan ere trebatu dira. “Lan aholkularitza ematen diegu; izan ere, sindikatu batzuk oraintxe hasi dira horretan, baina orain arte ez zegoen ezer”.
Oraindik, “beharrezkoa”
Duela 30 urte bezala, gaur egun ere SOS Arrazakeria “beharrezkoa” da, Aierberen iritziz, “sekulako lana” dagoelako egiteko, eta ez bakarrik etorkinekin, baita bertan jaiotakoekin ere. “Bertakook dugu boterea. Adibidez, pisu bat baldin badugu baina kanpotik datozenei alokatu nahi ez badiegu, hori diskriminazioa da”. Sarri entzuten den esaldi bat aipatu du: “Ez naiz arrazista, baina…”.
Azken urteotako aldaketarik nabarmenenetako bat da atzerritar jatorriko biztanleak asko ugaritu direla Gipuzkoan. Aierberen arabera, horren ondorioetako bat da jendeak baduela “esperientzia bat”, eta bere jarrera teorikoa mantentzen duen edo ez jakin dezakeela. “Lehen denok ginen zuriak hemen; eta, hasieran, denok gaude arrazakeriaren aurka, elkartasuna defendatzen dugu…”. Beste herrialde bateko jendearekin topo egin eta beste erlijio eta ohitura batzuk ikusitakoan, ordea, egoera batzuetan aldatu egiten dela esan du. “Baliabideak urriak direnez, gure lehiakide gisa ikusten hasten gara. Jarrera arrazistak gehiago dira orain”.
Gizartearen bi aurpegiak ari direla agertzen esan du. “Gizartearen zati bat teorian eta praktikan dago berdintasunaren alde. Beste zati batek aurreiritzi asko ditu, eta esaten dute Osakidetza betetzen dutela etorkinek, euskara galduko dela, ez diete etxerik alokatu nahi…”. Arrazakeria “ondo landu beharreko gaia” dela nabarmendu du Gipuzkoako Sos Arrazakeriako koordinatzaile nagusiak, eta jendeari arrazista izatea leporatzea ez zaio egokiegia iruditzen.
Aurki eta ifrentzu sorta
Baikortasunerako eta ezkortasunerako arrazoiak ikusten ditu gaiaren bueltan, nahasian. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak ateratzen dituen txostenetan, gizarteak immigrazioari buruzko jarrera gero eta positiboagoak dituela ondorioztatzen da. Lege aldetik ere izan dira aurrerapenak. “Baina abantailak ez dira zerutik erori, gure borrokari esker lortu dira, eta orain zalantzan daude. Hor daude Vox alderdia eta abar. Ezkutuan zeuden diskurtsoak legitimatzen ari dira, eta alde horretatik orain okerrago gaude”.
Beste instituzio batzuek, berriz, “ezkerretik harrapatzen” dituztela esan du. “Sekulako planak aurkezten dituzte”. Alabaina, nabarmendu du plan horiek betetzeko obligaziorik ez dutela izaten, eta paperean geratu ohi direla. Jendea kale gorrian dagoela salatzera joaten direnean ere, aipatu du askotan aitzakiak izaten direla nagusia. “Beste norbaiten eskumena dela esan ohi dute segituan. Edo ezin dutela ez dakit zer neurri jarri, bestela ‘dei efektua’ izango delako eta jende asko etorriko delako”.
Mediterraneoan gertatzen ari diren “sarraskiak” ere lehen ez zirela gertatzen azaldu du Aierbek. “Europako Batzordearen ardura da hori, hona ailegatzeko bideak mozten ari delako”. Ukrainako gerrarekin, berriz, ukrainarren asilo eskaerekin eta siriarrenekin egondako aldeak ekarri ditu gogora. “Aldi berean, zorionez, badago sare sozial bat, eta asko dira arrazakeriaren aurka lanean ari diren militanteak”.
Denbora bat, ezinbestekoa
Aierberen iritziz, inguruan gero eta migratzaile gehiago izatea ez da aski izango jarrera arrazistak desagertzeko. “Trantsizio bat beti behar izaten da, elkarren balioak ezagutzeko. Hori ezinbestekoa da. Baina gaindituko ote ditugun arrazakeria mezuak? Hori gure esku dago”. Argi du elkarrekin egin behar dela bidea. “Batzuetan elkarren aurrez aurre egongo garen arren, instituzioekin elkarlana behar dugu, eta jendearekin ere bai”.
Bateko eta besteko SOS Arrazakeria elkarteetan badago beste eztabaida bat ere: arrazakeriaren aurkako borroka nork gidatu behar duen. “Diskurtso batzuen arabera, arrazializatuak izan behar dira abangoardia, haienak izan behar du estrategia. Guk pentsatzen dugu arrazakeriaren aurka denok batera joan behar dugula, nahiz eta bermatu behar den guztientzat dagoela lekua”.
Egoera konplexua izan arren, gauzak ez direla “zuri edo beltz” uste du Aierbek, eta esan du berak argi duela “aliantzak” behar direla, eta beharrezkoa dela “kalean” egotea.
Leave a Reply