Trialsin edo biketrial munduan indar handiarekin hasi du bere ibilbidea Irene Caminosek (Tolosa, 1998). Bizikleta berezi batzuekin aritzen dira, oinekin lurra ukitu gabe, oztopoak gainditzen ahal duen denbora gutxienean. “Lagun bat ikusi nuen bizikleta horrekin ibiltzen, gustatu zitzaidan, eta aitari eskatu nion”, dio Caminosek. Orain bi urte izan zen hori, eta berehala hasi zen lehiatzen. “Hirugarren denboraldia da aurtengoa; lehenengoan, erdialdean hasi nintzen”. Eta lorpenak ere segituan iritsi ziren: bitan Euskadiko txapelduna izan da nesken haurren mailan; Gipuzkoako txapelduna izan da bi aldiz, lehenengoa nesken haurren mailan ere, eta aurten kadete-junior-senior mailan, mutilekin batera lehiatzen, maila horretan neska bakarra baitzen.
“Ez nuen espero mutilekin batera lehiatzean txapelketa irabaztea. Gehiago motibatzen du, lehia handiagoa izaten da”. Trialsina gutxiengoen kirola da, eta horrelako beste kiroletan gertatu ohi den moduan, nesken parte hartzea urriagoa izaten da. “Mutilekin lehiatzean ondo moldatu naiz. Trialsinean indarra eta abilezia behar da”.
Aurtengo Espainiako Txapelketan ere hasi da parte hartzen. Iaz, lehen aldiz parte hartzean, zortzigarren egin zuen. “Aste Santuan lehenengo proba izan da Huelvan (Espainia). Hirugarren amaitu dut eta gustura nago egindakoarekin. Orain beste bost proba falta dira eta guztietan parte hartzeko asmoa dut”.
Espainiakoan nesken maila dago, eta adin guztietakoek batera parte hartzen dute: baina zenbat eta gazteagoa izan, zigorrak gutxiago balio du. Kataluniarrak dira nagusi, eta hangoa da munduko txapelduna. “Iaz nire aurretik egin zutenei irabazi diet, eta beste entrenatzaileek esan dute urtebetean aurrerapen handia egin dudala”. Hurrengo proba Tarragonan (Herrialde Katalanak) izango du, hil honen amaieran.
Espainiako Txapelketaren ondoren, Euskal Herrikoa iritsiko da, eta hor kadete mailan lehiatuko da Caminos, eta neskek eta mutilek batera parte hartuko dute. “Mutil batzuk pipertu egiten dira nesken aurka lehiatzean. Orokorrean giro ona izaten da, kirolari gutxi gara, eta denok ezagutzen dugu elkar”.
Bizikleta bereziak
Entrenamenduak kalean eta Tolosako Usabal kiroldegiaren ondoan dagoen zirkuituan egiten ditu. Udalaren laguntzarekin sortu zuten Usabal kiroldegiaren ondoko zirkuitua, eta aurten handitu egin dute. “Astegunetan kalean aritzen naiz, ostiraletan zirkuituan, eta euria egiten badu pabiloian”. Kirolariek erabiltzen dituzten bizikletak bereziak dira: “Oso balazta onak dituzte, askotan gurpil baten gainean bakarrik jartzen gara, eta beharrezkoa izaten da balazta onak izatea. Tamaina txikia dute, eta arinak dira. Ez dute eserlekurik, piñoia txikiagoa da eta bakarra”. Egun entrenamenduak uneoro bizikleta erabiliz egiten ditu. Federazioaren diru laguntzarekin, Caminos eta beste txirrindulari bat Usabalgo teknifikazio zentroa erabiltzen hasiko dira laster, ikusteko entrenamenduetan zer landu behar den. “Batetik, eztanda egiten duen kirola da, eta, bestetik, nahiko berria da, eta pixkana ikusi behar da zer landu behar dugun”.
Bizikleta ez da erosoa batera eta bestera ibiltzeko, eta hori ondo ezagutzen du Caminosek: “Orain gutxi Uzturre mendira igo nintzen bizikletarekin, eta gogorra izan zen; behin eginda nahikoa izan da”.
Irristailuentzako pistetan ibiltzen diren BMX bizikletekin zerikusirik ez dutela dio Caminosek: “BMX bizikletak arranpetan ibiltzeko dira, eta horiek ez dute balaztarik. Eserlekuak ere badituzte. Beste kontu bat dira horiek. Batzuk biketrialeko bizikletak erosten dituzte eta gero hodiak jartzen dizkiete, baina ez dakit zertarako balio dien horrek, biketrialeko bizikletarekin pedalei eragitea askoz zailagoa baita”.
Kirol honetan garrantzitsua da norbere buruan konfiantza izatea, une oro oztopoei aurre egin behar baitzaie oreka galdu gabe, eta konfiantza hori erakutsi du Caminosek bere ibilbidean. Berehala ikusi zuen trialsinean aritzeko abilezia zuela, eta aurrera egiteko gogo handia jarri du. Bizikletarekin ordu asko aritzen da, eta horrek sakrifizioak eskatzen dizkio.
Pixkana kirola zabaltzen
Aurrera begira, Espainiako Txapelketan “ahal den ondoen egitea” du asmoa. Gero, udan, Europako Txapelketako probaren batean parte hartu nahi du. Iaz seigarren egin zuen. Horrez gain, Munduko Txapelketako proba batean parte hartu nahiko luke Caminosek: “Ikasteko helburuarekin joango naiz Munduko Txapelketara”.
Gipuzkoan eta Euskal Herrian afizioa badago. Guztira, hamar proba inguru egiten dira urtean. Tolosan Biketrial taldea sortu dute orain bi urte eta bertako kidea da Caminos. Harekin batera, taldean Igor Irazu eta Oier Lakunza daude. Unai Iraola da hiruren entrenatzailea, eta taldeko jardueretan gurasoek ere parte hartzen dute. “Gurasoen laguntza oso garrantzitsua da horrelako kirol batean aritzeko”, azaldu du Caminosek.
Talde bat izateak kirola zabaltzeko aukera ematen du. “Entrenatzaileak ikastaro batzuk eman ditu, eta biketrialean interesa dutenak etorri dira”. Bestalde, Caminosek egin izan du erakustaldiren bat edo beste.
Aurrera egin ahala, lehiaketaren eskakizuna ere areagotuz joango da, baina Caminosek gogotsu begiratzen dio etorkizunari.