Gipuzkoak 88 udal eta beste horrenbeste alkate ditu gaur egun. Alkate lanetan, berriz, 63 gizonezko eta 25 emakumezko. Aldea nabarmena da; alkateen %31,2 dira andrazkoak. Eta, hala ere, datua positiboa da. Izan ere, azken hiru agintaldietan, goraka doa alkate eta zinegotzi emakumezkoen kopurua Gipuzkoan. Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak emandako datuek hala diote: 2003-2007ko agintaldian, 18 andrazko iritsi ziren alkatetzara Gipuzkoan; 2007-2011ko agintaldian, berriz, 22 izan ziren; eta, oraingoan, 25 ari dira eginkizun horretan. Zinegotzi kopuruak ere gora egin du azken urteetan: 2003-2007ko agintaldian, 227 ziren; aurreko agintaldian, 326; eta, oraingoan, 353.
Asko dago egiteko, hala ere. Eta ez da bakarrik kopuru horiei begira gelditu behar. “Zenbaki bat baino gehiago gara”, esana du Eudeleko presidente Ibone Bengoetxeak. Arlo politikoan ere beharrezkoak dira berdintasunaren alde lan egiteko tresnak eta egitasmoak. Eta horretan ari dira hainbat mailatako instituzioak, eta baita politikariak berak ere.
Udalean bertan, eta udaletik eguneroko eginkizunetan, genero ikuspegia txertatzeko lanean ari dira Gipuzkoako hainbat herritan, hainbat alkate eta zinegotzi, andrazkoak nahiz gizonezkoak. Herri bakoitzaren ezaugarrien arabera, aldatu egiten dira beharrak, lan egiteko moduak eta helburuak. Nola bizi dute alkate zeregina emakume izanda, esaterako, Pasaian, Deban eta Beizaman?
Pasaiako alkatea
Genero ikuspegiari dagokionez, eman beharreko pausoak argi dituzte Pasaian, eta ttipi-ttapa ari dira. Amaia Agirregabiria bera da Berdintasun Saileko arduradun politikoa (Donostia, 1975). “Berdintasuna zeharkako lerrotzat dugu; hau da, departamenduz departamendu egiten diren politiketan berdintasunaren ikuspegitik ere lan egiten saiatzen gara, eta, hori horrela izan dadin, hainbat egitasmo ari gara lantzen, elkarlana oinarri hartuta”. Hala ere, Agirregabiriak aitortu du “maila teknikoan” oraindik badituztela “oso maskulinizatutako departamenduak” udalean bertan: zerbitzuak eta udaltzaingoa aipatu ditu. “Erronka polita dugu parekidetasunerako bidean”.
Politikagintza, oro har, “gizonezkoen neurrira diseinatuta” dagoela uste du Pasaiako alkateak. Eta berak politika egiteko “beste modu batean” sinesten du: “Kargu politiko baten erantzunkizuna handia da; ordutegirik ez dago, baina horrek ez du inondik inora mugatu behar pertsona gisa aberasten gaituzten hainbat alor edo jardun. Kontrakoa agian; herriko egunerokotasuna ere ezagutu behar du arduradun politikoak, erraza baita bulego baten hormen barruan perspektiba galtzea”, azaldu du.
Pasaiako Udaleko langileen errealitatea ere azpimarratu du: “Oraindik emakumezkoek erabiltzen dituzte bizitza pertsonala eta lana bateragarri egiteko baliabideak; udalean ere nabaria da zaintzak lotura zuzena duela emakumezkoekin. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu zaintzak duen gizarte balorazioan eragitea, hori baita elkarbizitzaren sostengua eta motorra”.
Pasaiako Berdintasun Mahaiaren eskutik, Pasaiako Jabetze Eskola eratzen ari dira, eta eskualdean ere lanean ari dira: “Aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari gara politika feministak egituratzeko orduan”. Uste du eskualdeko alkateen “%75 emakumeak” izateak baduela horretan zerikusia. Hala ere, oharra: “Badakigu emakume izateak ez duela bermatzen egiten dugun politika feminista izatea. Horregatik, konpromiso hori benetan praktikara eramateko, abiarazia dugu eskualdeko berdintasun arloko ordezkari politiko zein teknikoak elkarlanean aritzeko gune bat: Eskualdeko Berdintasun Mahaia”.
Agirregabiria ez da herriko lehen emakume agintaria; aurretik beste bi ere aritu izan dira, eta, alde horretatik, herritarrak ohitu egin direla uste du: “Hiru agintaldiren ondoren, arraroa ere ikusiko litzateke gizon batek alkatetza hartuko balu”, dio umoretsu.
Beizamako alkatea
Pasaiarekin zerikusi gutxi duen herria da Beizama. Mendialdean dago, eta 174 biztanleko nekazari herria da. Bertako alkateak eta zinegotziek betiko lanetan jarraitzen dute, eta hura amaitutakoan lan egiten dute herriaren alde. Begoña Garmendiarentzat (Kordoba, 1957), herria txikia izatea da arazo nagusia, oro har, baita berdintasunaren bidean lan egiteko ere. Esaterako, orain arte ezin izan dute parte hartu Saiaz mankomunitateak martxan jarritako Berdintasun Planean, “baliabide faltagatik”. Aurten, horretarako aukera izango dute.
Ez da erraza Beizamaren moduko herri batean alkate lana egitea, are gutxiago emakumeentzat: “Herri txikia izan arren, bilera asko izaten ditugu, eta egiten dugun guztia gure lanetik aparte egiten dugu. Nik 55 urte ditut, eta alabak haziak, eta horrek asko errazten dit dena uztartzea. Baina, bestela, asko dago egiteko”. Garmendiak argi du baliabideak jarri behar direla arlo pertsonala eta politikoa “bateragarri” egiteko: “Emakumeentzat, bateragarria egin behar da amatasuna, edo familia, edo bikote bizitza eta lan edo eginkizun publikoa. Asko falta da bai indibidual gisa, hau da, etxean, eta bai kolektibo gisa ere, zerbitzuak eta baliabideak sortzeko bidean partaidetza hori erreala izan dadin”.
Nolanahi, aurrerapausoak ere ikusten ditu Garmendiak: “Gauza bat da emakumeok politikan aritzea, eta beste gauza bat da genero ikuspuntu hori eguneroko jarduera politikoan txertatzea. Arlo horretan, dezente falta da gure balioak eta gure moduak txertatzeko; baina, era berean, uste dut bide bat irekita dagoela, eta iruditzen zait hortik jarraitu behar dugula”.
Debako alkatea
“Udala gizartearen isla dela uste dut”. Maider Zubikarai Debako alkatearen (Deba, 1976) hitzak dira, udal barrutik genero ikuspegia nola ikusten duen galdetuta. Udal langileei dagokienez, erdiak inguru emakumezkoak direla azaldu du, baina lan jarduera motak sexuaren arabera bereizita daudela. Horregatik konparatu du udala gizartearekin: “Emakumeak idazkaritzan, gizarte zerbitzuetan eta halako alorretan ari dira lanean. Hirigintza eta halakoetan, berriz, gizonezkoak daude. Gizartearen isla da hori: zaintza eta halakoak emakumeentzat, eta udalaren zutabeetan, gizonak”. Horretan eragitea da asmoa: “Politika feministan urratsak egitea nahi dugu, eta, lanpostuetarako hizkuntza irizpideak dauden moduan, genero irizpideak ere txertatu nahi ditugu. Berdintasun Planeko irizpideetako bat da udalak genero berdintasunaren bidean urratsak egitea, eta horretan ari gara”.
Debako lehen andrazko alkatea da Zubikarai, eta bere buruari erronka gogorra jarri dio: “Zinegotzi moduan aurkeztu nintzen, eta alkate izatea tokatu zait. Lehen alkate emakumezkoa naiz Deban, eta harro nago, baina ardura ere bada; genero ikuspegia ondo lantzeak arduratzen nau”.